Ekonomia garapena | 2022 11 17

Aiara Industrial Lab sortu da, Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzeko eta startup-en sorrera, inkubazioa eta azelerazioa sustatzeko

Ekimen hori Berehalako Jarduera Planean jasotako neurri multzoaren parte da, eta eskualdean ekonomia sustatzeko jarduerak egiten dituzten agentzia publikoek dinamizatuko dute

Amurrio, 2022ko azaroaren 17a.  Aiara Industrial Lab ekimena errealitate bihurtu da. Arabako Foru Aldundiak, Laudioko eta Amurrioko udalekin eta Aiarako Kuadrillarekin batera, ekimen hori aurkeztu du gaur. Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzeko eta proiektu berriak asmatzeko sortu da, eta Aiaralderako Berehalako Jarduera Planaren (BJP) parte da.

Eskualdean indargune horiei lotutako berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko ekimenak garatzeko aukera identifikatu zen BJPan, eta helburu horrekin sortu da Aiara Industrial Lab berrikuntza zentroa, zeinak Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileen garapena sustatuko baitu, bai eta startup-ak sortu, inkubatu eta azeleratzeko programa bat ere.

Aiara Industrial Labek bitarteko eta zerbitzu aurreratuak eskaini nahi ditu, hala nola:

•          Berrikuntza irekiko sistema bat garatzeko zerbitzuak

•          Ekintzaileen, barne ekintzailetzaren eta startup-en garapenerako aholkularitza eta laguntza

•          Enpresa ekimen berriei laguntza estrategikoa, finantzarioa eta komertziala ematea

•          Eskualdeko behar espezifikoetara bideratutako prestakuntza

Zentroak gertuko lankidetza harremanak ezarriko ditu tokiko ingurunearen sustapen ekonomikoan diharduten eragile aktiboekin, baliabide publiko zein pribatuen osagarritasuna eta optimizazioa bilatuz.

 “Aiara Arabako ekonomiaren eragilea izan da betidanik, eta funtsean bere industria indarrari esker izan da. Industria berrasmatzen ari da, eta Aiarak eraldaketa prozesu horren abangoardian egon behar du. Horretarako, funtsezkoa da erakundeek elkarrekin lan egitea eta eskualdeko ekonomia sarearekin lankidetzan aritzea”, azaldu du Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Saileko diputatuak.

Iritzi berekoa da Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea. Esan duenez, “Gure eskualdea ekonomiaren eragilea da lurraldean, bere industriari esker. Proiektu horren bidez, bai Amurrio bai Aiara bultzatuko dira, eskualdean berrikuntza eta ekintzailetza sustatuz aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa den eraldaketa horri aurre egiteko.”

Ander Añibarro Laudioko alkateak, bestalde, zera azaldu du: “Aiarak industria handia du, eta munduan eta bakoitza bere sektorean liderrak eta erreferenteak diren enpresak ere baditu. Lankidetza hitzarmen honek are bultzada handiagoa emango dio eskualdeko ekonomiari, eta lehiakorrago egingo du.”

Aiara Industrial Labek Amurrioko Refor eraikinean izango du egoitza. Han egin da aurkezpena, eta helburu nagusitzat izango du zentro bat abian jartzea, jarduera ekonomikoa handitzeko eta Aiarako enpresa eragileei gaitasun teknologiko berriak emateko, bai eta startup-ak erakarri, sortu eta azeleratzeko ere, batez ere eskualdean nagusi diren industria sektoreei begira. “Aiaraldeak enpresa handi ugari ditu, batez ere hodien, beiraren, automobilaren osagarrien, trenbideen eta zuraren transformazioaren sektoreetan, eta haien inguruan enpresa laguntzaile ugari biltzen dira”, azaldu du diputatuak.  

Arabako Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu akordio horretara, zeina eskualdean ekonomia sustatzeko jarduerak egiten dituzten agentzia publikoen bitartez antolatuko baita: Amurrio Bidean, Laudio Hazi eta Aiarako Kuadrillako Ekonomia Sustatzeko Zerbitzua, Araba Garapen Agentzia foru agentziarekin batera. Zentroak eskualdeko enpresekin eta beste eragile ekonomiko batzuekin lankidetzan aritzeko eskema bat prestatuko du, foro iraunkorren eta lantalde espezifikoen bidez, haien beharrak eta erantzunak identifikatzeko, betiere eskualdearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Ekonomia garapena Ekonomia Garapena eta Berrikuntza Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Declaraciones de la diputada de Desarrollo Económico, Innovación y Reto Demográfico

Prentsa oharra

Jaitsi