Jasangarritasuna, Nekazaritza eta Natura Ingurune Saileko foru diputatua | 2023 10 03

Arabak gaikako bilketaren ratioa handitu du eta sortutako hondakinen % 39ra iritsi da

SHondakinen Behatokiaren 2022ko datuen arabera, biztanleko eta urteko sortutako hondakinak 397,43 kilo dira; azken hamar urteotako daturik txikienetakoa da, eta duela bost urte hasitako hondakin gutxiago sortzeko joera sendotu da

Gasteiz, 2023ko urriaren 3a. Arabako Lurralde Historikoak gaika biltzen du sortutako hondakinen % 39, eta Trantsizio Energetikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak argitaratutako gaikako bilketaren % 20ko batez besteko nazionalaren ia bikoitza da hori. Horrek birziklatze ratioa urtero handitzera garamatza; hain zuzen, aurten sortutako hondakinen % 37ra iritsi da, Hondakinen Behatokian bildutako 2022ko datuen arabera. Igoera handia da, baldin eta 2021. urtearekin alderatzen bada, urte hartan zifra % 34koa izan baitzen. 

Hazkunde horren arrazoien oinarria materia organikoaren gaikako bilketa hobea da, kantitatea % 10 hazi baita aurreko urtearekin alderatuta.  

Hala ere, 2022. urtean, COVID-19aren osasun krisiaren eraginpeko aurreko urteekin alderatuta normaltasunera itzuli garen urte honetan, errefusa etengabe murriztu den arren, oraindik ere Arabako hondakinen % 61 nahastuta biltzen da. 

Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatuaren ustez, "Joerak positiboak diren arren, gaikako bilketaren bolumena handitzen jarraitu behar dugu, hondakinen birziklatze eta tratamenduko emaitza onek zerikusi zuzena baitute jatorrian ongi bereiztearekin". Bestalde, "Legerian ezarritako helburuak betetzeko, biohondakinen kudeaketa zuzena eta egokia erabakigarria izango da birziklapena 18 puntu handitzeko, 2025erako berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketaren % 55era iritsiz", azpimarratu du.

Ildo horretan, Barredok Kripan eta Eltziegoko esperientzien balioa nabarmendu du; izan ere, "berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa balio handienak dituzten lurraldeko udalerriak dira (% 82 eta % 52), biohondakinak konpostaje bidez modu eraginkor eta efizientean kudeatzeari esker. Esperientzia horiek egiaztatzen dute jatorrian bereizketa eraginkorra bermatuko duten sistemak ezarri behar ditugula, erabiltzaileen eta herrien ezaugarrien arabera. Herri horiek dagoeneko betetzen dituzte 2025erako legezko betebeharrak."

Bestalde, balorizazio energetikoak balio marjinalei eusten die Arabako lurraldean, HHP2030 planean eta 2030erako Europako helburuetan ezarritako gehieneko % 15etik behera.

Birziklapena areagotu denez, zabortegiko deuseztapena gutxieneko historikoetan dago, eta erregistroa dagoenetik lehen aldiz, % 50etik behera jaitsi da. Azken hamar urteetan zabortegian hondakinen % 77 deuseztatzetik 2022an sortutako hondakinen % 48 izatera igaro da. Foru diputatuaren iritziz, "Datu hori oso positiboa da, baina joera hori bizkortu egin behar dugu, 2030ean % 15era murrizteko, plangintzan jasota dagoen bezala. Ahalegin hori gizarte gisa hondakin mota desberdinen balorizazio materialerako behar adina lantegi izateko gaitasunaren mende egongo da".

Hondakinen Behatokiaren 2022ko datuen arabera, biztanle eta urteko sortutako hondakinak 397,43 kilo dira; azken hamar urteotako daturik txikienetakoa da, eta duela bost urte hasitako hondakin gutxiago sortzeko joera sendotu da.

Hondakin motaka

Hondakin organikoei dagokienez, gaikako bilketa % 10 hazi da aurreko urtearen aldean. Datozen urteetan igoera handiagoa izango da, lurraldeko udalerri guztietan hondakin organikoak gaika biltzeko sistema orokortuak ezarriko direlako.

Paperari eta kartoiari dagokienez, birziklatze tasa % 70ekoa da eta beirarena % 90ekoa; biek azken urteetako tasa positiboari eusten diote. Horren harira, Barredok honako hau nabarmendu du: "bilketa finkatuak dira, eta oso emaitza onak izan dituzte lurraldean; hain zuzen, Europak eskatutako birziklatze tasak betetzen ditugu, dagoeneko".

Berritasun gisa, berrerabiltzeko prestaketa indartu egin da Gasteizko Udalean tamaina handiko hondakinak kudeatzeko jarri duten modu berriari esker, eta horrek bide egokia ezarri du hondakinen hierarkiarako, kudeatzeko konplexuenetakoa den eta potentzial handienetakoa duen hondakinetako batean.

Adierazle interesgarri guztien joerak positiboak dira Arabako Lurralde Historikoan.  Hondakin gutxiago sortzen da, gaikako bilketa handitu da, errefusak behera egiten jarraitzen du eta, ondorioz, hondakinak birziklatzen dira. Horrek esan nahi du zabortegian hondakin gutxiago sartzen dela. Hala ere, "Aldaketa horiek azkarrago egin behar dira, hondakinen hierarkiarekin bat datorren hondakinen bilketa eta kudeaketa lortzeko, indarrean dauden legea eta plangintza betez", adierazi du Barredok.

Etxeko hondakinen inbentarioa

Agiri bat da, Hiri Hondakinen Behatokiak idatzirikoa, eta organo horrek hiri hondakinen kudeaketari buruzko alderdi guztiak koordinatu eta haien jarraipen etengabea egiten du.

Agiri horren helburu nagusia lurraldeko hondakinen kudeaketaren ikuspegi eguneratua eskaintzea da, Arabako Hiri Hondakinen 2030 Planean ezarritako helburuak lortzera bideratutako erabakiak hartzea errazteko.
 

Jasangarritasuna, Nekazaritza eta Natura Ingurune Saileko foru diputatua Ingurumena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi