| 2024 05 15

Araban egingo da I. ‘The Wolf Race', grabel bizikletaz egiten den gaueko autosufizientzia-proba, eta bere klaseko Europako onena izatea du helburu lasterketa horrek

Maiatzaren 24tik 25era bitartean egingo da, eta Gasteizen ditu irteera nahiz helmuga

Antolatzaileek 200 parte-hartzaile biltzea espero dute eta izena emateak maiatzaren 22ra arte egin daitezke (150 €)

Gasteiz, 2024ko maiatzaren 15a. Autosufizientzia-lasterketa, laguntzarik gabe, hornidurarik gabe, egun batzuk lehenago entregatuko den aurretiaz finkatutako track-a. Irteera ilunabarrean izango da, 300 kilometro 24 ordutan, Ibilbidearen % 90 Arabako paraje idilikoetako mendi-bideetatik eta legar-bideetatik igaroko da. The Wolf Race (Otsoaren Lasterketa) delakoaren lehenengo edizioak osagai guztiak ditu Europako grabel-proba onenetakoa izan dadin.

Proba berri hori gaur goizean aurkeztu dute Jose Antonio Arenzana antolatzaileak, eta aholkularitza eskaini duen Joseba Belokik, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak eta Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, hau da, Eusko Jaurlaritzarekin batera ekitaldia bultzatu duten erakundeek.

Gasteizen izango ditu irteera nahiz helmuga eta The Wolf Race hilaren 24a eta 25a bitartean izango da (ostirala eta larunbata), ilargi beteko gauan. Parte-hartzaile guztiek, autosufizientzia eran (bikepacking) eta aurreko astean finkatutako eta entregatutako track bati jarraituz, 300 kilometro egin beharko dituzte, eta 3.520 metroko desnibela, gehienez ere 24 ordutan. Antzeko beste proba batzuetan ez bezala, proba hau ilunabarrean hasiko da, “eta horrek gauez nabigatzeko eta egunsentia ikusteko esperientzia bizitzeko aukera emango du eta benetako abenturazale sentitzeko aukera ere bai”, erakundearen arabera.

Ibilbidearen % 90 inguru mendi-bideetatik eta legar-bideetatik igaroko da. Gainerakoa bigarren mailako errepide txikiak izango dira, sektoreen arteko lotuneak. Balio ekologiko handiko hainbat espazio natural zeharkatuko dira, hala nola Uribarri Ganboako urtegiaren ingurua, Izki-Arabako Mendialdeko Parke Naturala, Toloño-Kantabria mendilerroa eta Arabako Errioxa.

Izena emateak https://thewolfrace.com webgunean egin daitezke, maiatzaren 22ra arte, asteazkena, (150 €) eta antolatzaileek 200 parte-hartzaile biltzea espero dute.  

Araba jokaleku ezin hobea da proba honetarako, txirrindularitzarekiko zaletasun errotua du eta landa ingurunea ezin hobea da zenbait kirol diziplinak egiteko, esaterako grabel bizikleta. Esperientzia hori diseinatzeko, hainbat faktore hartu dira kontuan, hala nola lantaldearen esperientzia, lurraldea eta sektorearen eskariaren ezagutza handia. “The Wolf Race distantzia luzeko grabel proba da, eta etika, laguntasuna eta ingurumenarekiko errespetua parte-hartzaileei eskatuko zaizkien balio garrantzitsuak izango dira, eta giza gaitasuna ere jokoan sartuko da”, arduradunen esanetan.

Grabel komunitate bat garatu dadin, lasterketa egin aurretik, hainbat hitzordu planifikatuko dira, talde txikitan elkartzeko. Irteera horiek kirol-erronka horretarako prestatzea eta arrakastaz aurre egitea ahalbidetuko diete abenturazaleei.

“Era berean, Arabako eta Euskadiko turismo-eskaintza hobetzea da helburua, bere zikloturismo-estrategiarekin bat datorren produktu bat garatuz, modu jasangarrian helmuga kontsumituko duen eta ekonomia balio turistikoko katean bultzatuko duen publikoa erakartzeko aukera emango diguna”, azaldu dutenez. “Eta Arabako turismo-eskaintza bere landa-eremura zabaltzea, eremuari eta bizikletaren inguruko azpiegiturei balioa emateko”.

Programa

Ostirala, maiatzak 24

16:00h. Village delakoa irekiko da (Ekialdeko parkea, Salburua)

17:00h - 20:00h. Dortsalak jasoko dira

18:30h. Alex Ferreiraren kontzertua

20:00h. Hitzaldi-solasaldia: ‘Nola egin aurre ultracycling erronka bati', Julian Sanz munduko txapeldunaren eskutik (karpa nagusian). Moderatzailea, Joseba Beloki   

21:00h. ‘THE WOLF RACE 2024’ probaren aurkezpena eta argibideak (karpa nagusian)

22:00h. Irteera ofiziala

Larunbata, maiatzak 25

12:00h. Lehendabiziko parte hartzaileak iritsiko dira

12:00h.>22:00h. ‘Pasta party’ (karpa nagusian)

18:00h. Sari-banaketa (karpa nagusian)

19:00h. Amaiera-ekitaldiko kontzertua Rusted Duo-ren eskutik

22:00h. ‘THE WOLF RACE 2024’ probaren kontrola itxiko da

Prentsa oharra

Jaitsi