Arabak jendaurrean jarri du Egonaldi Turistikoen gaineko Zergari buruzko Foru Arau Aurreproiektua - arabapress
Arabak jendaurrean jarri du Egonaldi Turistikoen gaineko Zergari buruzko Foru Arau Aurreproiektua
Etorkizuneko foru arauak tokiko tributu bat arautuko du, lurraldeko turismo ostatuetako egonaldiak zergapetzeko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 5a. Arabako Foru Aldundiak Egonaldi Turistikoen gaineko Zergari buruzko Foru Arau Aurreproiektua argitaratu du Arabako Foru Aldundiaren Gardentasunaren Atarian (Irekia), eta jendaurrean jarri du gaurtik otsailaren 18ra arte. Tokiko tributu berri bat da, lurraldeko udalerrietan kokatutako turismo ostatuko establezimenduetan egiten diren egonaldiak zergapetzeko.
Foru Arau Aurreproiektuaren helburua da toki erakundeei zerga tresna bat ematea, turismo jardueraren garapena eta udal zerbitzu publikoen finantzaketa bat etor daitezen udalerri bakoitzaren errealitatearekin eta ezaugarriekin.
Zerga horrek hotel establezimenduetan, pentsioetan, apartamentu turistikoetan, kanpinetan, landa ostatuetan, aterpetxeetan eta erabilera turistikoko etxebizitzetan egindako egonaldiak zergapetzen ditu, eguneko edo frakzioko, gaualdiarekin edo gaualdirik gabe.
Arauak subjektu pasibo gisa ezartzen ditu egonaldi turistikoak egiten dituzten pertsonak, baina zergaren kudeaketa eta bilketa ostatu turistikoko establezimenduen ustiapenaren pertsona edo erakunde titularrei dagokie, eta zergadunaren ordezko gisa jardungo dute.
Aurreproiektuak karga tasen sistema bat aurreikusten du egonaldi unitate bakoitzeko, gutxieneko eta gehieneko zenbatekoekin, ostatu motaren eta kategoriaren arabera bereizita. Aplikatu beharreko tasak zehaztea eta onetsi beharreko hobariak edo errekarguak onestea udal bakoitzari dagokio, kasuan kasuko ordenantza fiskalaren bidez, udalerrian dauden ostatu plazen kopuruaren arabera, besteak beste.
Era berean, zenbait salbuespen jasotzen dira, hala nola adingabeen salbuespenak, administrazio publikoek antolatutako gizarte programei lotutakoak, osasun arrazoiak, ikasketak, desgaitasun edo mendekotasun egoerak, eta ezinbesteko kausen ondoriozkoak.
Arauak udalei esleitzen dizkie zerga kudeatzeko, ikuskatzeko, biltzeko eta berrikusteko eskumenak, eta, horrela, indartu egiten ditu haien autonomia fiskala eta udalerri bakoitzeko turismo intentsitatera egokitzeko gaitasuna.
Egonaldi turistikoen gaineko tokiko zerga ezartzeak berekin dakar Toki Ogasunen Foru Araua aldatzea, Arabako Lurralde Historikoko tokiko zerga sisteman integratzeko. Era berean, udalek sei hilabeteko epea dute, foru araua indarrean jartzen denetik, dagozkien ordenantza fiskalak onesteko.
Foru arauaren aurreproiektua entzunaldi publikoaren izapidean argitaratzearekin batera, aldi bat irekitzen da herritarrek, erakundeek eta eragile interesdunek alegazioak eta oharrak egin ahal izan ditzaten, araudia izapidetzen jarraitu aurretik.

