Turismoa | 2025 01 16

Arabak eta Gasteizek FITURera jotzen dute nomada digitalentzako helmuga bikain gisa

Enpresa pribatuekin lankidetzan proiektu aitzindaria abiarazi dute, telelana eta aisialdia uztartzen dituzten gazteak eta familiak erakartzeko

Foru Aldundiak eta Udalak hiriko eta lurraldeko telebista “enbaxadoreak” aintzatetsiko dituzte aurten ere

Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 16a.- Araba eta Gasteiz Nazioarteko Turismo Azokara (Fitur) joango dira helmuga bikaina baitira nomada digitalentzat, hau da, telelana eta aisialdia ohiko bizilekutik kanpo konbinatzen dituzten profesionalentzat. Foru Aldundiak eta Udalak proiektu berritzaile bat aurkeztuko dute, enpresa pribatuekin lankidetzan garatua, horrelako bidaiariak erakartzeko.

Bi erakundeek Fiturren ezagutzera emango dituzte hiriko eta lurraldeko enbaxadore turistiko berriak, urtarrilaren 22tik 26ra bitartean izango den azokan.

Cristina González lehen diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta María Nanclares Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Arabak eta Gasteizek Fiturrera eramango duten eskaintzaren lerro nagusiak, zeinaren 45. edizioa beteko baita aurten, 152 herrialdetako destinoak, 9.000 enpresa eta 800 erakusle baino gehiago bertan izango direla.

Gonzálezek eta Nanclaresek azpimarratu dute erakundeen arteko koordinazioak garrantzi handia duela Araba eta Gasteiz “helmuga jasangarri gisa” tinkotzea helburu duen sustapen turistikoko estrategia bat eraginkortasunez garatzeko. “Helmuga jasangarri horrek era guztietako bidaiarientzako kalitatezko eskaintza izan behar du, hauexetan oinarrituta: natura oparoa, ondare historiko ikusgarria, lehen mailako enogastronomia eta jaialdien eta ekitaldien programa bizia”.

Hala, eta baterako lan esparru horretan, iragarri dute datorren asteazkenean, urtarrilak 22, aurkeztuko dutela Euskadiren standean "BuleGO" proiektu berritzailea,  Basquetourren (Eusko Jaurlaritza) laguntzarekin garatu dena, Araba eta Gasteiz nomada digitalentzako helmuga gisa kokatu eta telelana eta aisialdia ohiko bizilekutik kanpo konbinatzen dituzten profesionalak erakartzeko helburuarekin.

Cristina Gonzálezek azaldu duenez, Arabak eta Gasteizek "baldintza bikainak betetzen dituzte ostatuen eta instalazioen tipologiagatik eta natura-, ondare- eta gastronomia-eskaintza erakargarriagatik, eguzkiaz eta hondartzaz bestelako zerbait bilatzen duten nomada digitalen puntako helmuga bihurtzeko. Lan egingo dugu bidaiari mota hori erakartzeko eta gure turismo estrategiaren bi helburutan aurrera egiteko, hau da, batez besteko egonaldia luzatzea eta bisitak zabaltzea urte osoan zehar".

"Uste dut aukera aparta dugula nitxo honetan gure sektore turistikoa dibertsifikatzeko eta aukera berriak sortzeko, batez ere landa- eta mendi-eremuetan, non potentziala izugarria baita", gaineratu du.

BuleGO!

"BuleGO!" proiektuaren tresna nagusia izango da workfromalava.eus web ataria, zeinak nomada digitalentzat interesgarriak diren baliabideak eta instalazioak biltzen eta antolatzen dituen, hala nola ostatuak (hotelak, ostatuak, landa turismoak, kanpinak, etab.) eta lan espazioak (coworking zentroak, lan aretoak...), baita gozatzeko planak eta jarduerak ere Arabako eta Gasteizko naturaren, ondarearen eta enogastronomiaren gustu eta zaletasunen arabera.   

"Web atari honek diseinu eta erabilera intuitibo erakargarria du, eta berrogeita hamar bat baliabide eta instalaziorekin abiaraziko da, nomada digitalek telelana eta aisialdia konbinatu ahal izateko behar diren zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa pribatuetatik. Baliabide horiek Gasteizen eta Arabako gainerako eskualdeetan kokatuta daude, eta datozen hilabeteetan gero eta gehiago izango dira", azaldu du María Nanclares zinegotziak.

Fiturren web atari berri hau abiarazteko, komunikazio kanpaina indartsu bat egingo da sare sozialetan eta beste lineako euskarri batzuetan, "NOMADS, let's GO!" lelopean. Kanpainaren elementu nagusia sustapen bideoak izango dira, hiru profil desberdini bideratuak: lanean ari den bitartean bidaiatzen duen nomada indibiduala, esperientzia berriak bizi nahi dituzten bikote nomadak, eta seme-alaben eskutik beste kultura batzuk ezagutu nahi dituzten familia nomadak.

Kanpaina honen lehen faseko helburua Espainiako hiri handietan bizi diren edo lan egiten duten profesionalak izango dira, eta, aurrerago, Europako merkatu garrantzitsuenetara zabalduko da.

“BuleGO!” proiektuaren aurkezpenaren biharamunean, urtarrilaren 23an (osteguna), Araba eta Gasteiz protagonista izango dira berriz ere Turismoko Nazioarteko Azokan. Ekitaldi bat egingo da 2025ean turismo “enbaxadore” izango diren pertsonen izenak ezagutarazteko: telebistari lotutako profesional ospetsuak, zeinek hiriaren eta probintziaren erakargarri ugariak hasi berri den urtean zehar hedatuko baitituzte nazio mailan.

Ekitaldi horretan, jarraiko bigarren urtez aitorpen berezia emango zaie Gasteiz eta Araba beren programetarako agertoki gisa aukeratzen dituzten telebista ekoizleei, hiria eta lurraldea ezagutarazten laguntzen baitute.

Gasteizek, era berean, "Eraztun Berderako Ibilbideak" proiektua aurkeztuko du, Arabako hiriburuaren "green" funtsa azaleratzen duena, eta "I Love Vitoria-Gasteiz" kanpaina indartuko du, hainbat material grafiko eta sustapen materialekin.

Araba eta bere eskualdeak ere oso presente egongo dira nazioarteko lehiaketa horretan. Gorbeialdeak sustapen bideo bat aurkeztuko du Paco Nadal bidaia kazetariarekin; Aiaraldeak zikloturisten ibilbideen proposamen bat estreinatuko du; Bastidak 2025erako turismo eskaintza ezagutzera emango du; eta Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailak Arabako Mendialdeko Asfalto Naturalen meatze paisaiei buruzko ekimena ezagutaraziko du.

Cristina González diputatuak azpimarratu duenez, "Fiturrera joango gara, Arabako sektorearentzat urte oso on baten ondoren, eta, hain zuzen ere, 2024an itxiko dugu historiako markarik onenarekin, bidaiarien sarrerei eta kontratatutako gauei dagokienez, merkatu nazionalaren eta nazioartekoaren bultzadari esker. Gainera, aurrerapauso sendoak ematen ari gara batez besteko egonaldia luzatzeko eta sektorea urteko beste sasoietara zabaltzeko helburu bikoitzean".

"2024ko urtarriletik azarora 535.000 bisitari baino gehiago jaso ditugu, ia 1,2 milioi gau kontratatuta, 2023ko aldi berean baino % 3,5 eta % 8 gehiago; batez besteko egonaldia, berriz, % 4 hazi da, eta 2,2 egunekoa da. Hazkunde horiei esker, aberastasuna eta enplegua sortu da gure lurraldeko ostatu, turismo enpresa, taberna eta jatetxe eta dendetan”, erantsi du.

María Nanclares Gasteizko Turismoko zinegotziak bat egin du "bi erakundeek batera egindako lana bermatzen duten" turismo datu onen ospakizunarekin, eta hain emaitza onak ematen ari den bide horretatik jarraitzeko prest agertu da.

Azkenik, Cristina Gonzálezek eta María Nanclaresek jakinarazi dute Fiturren bilerak egingo dituztela turismo-enpresekin eta -eragileekin, Gasteiz eta Araba turismo arloan sustatzeko helburuarekin.

Turismoa Foru Aldundia

Cristina Gonzálezen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi