Turismoa | 2022 06 22

Arabak eta Gasteizek Bordelera eraman dute beren turismo eskaintza, Frantziako merkatua berreskuratzeko helburuarekin

  • Hiriaren erdialdean turismo bulego bat jarriko dute, tokiko hedabideei aurkezpenak egingo zaizkie eta erakundeekin bilerak egingo dituzte.
  • Cristina González: “Frantzia hegoaldeko bisitariak erakarri nahi ditugu, hurbiltasun geografikoa eta errepide konexio erraza aprobetxatuz”
  • Maider Etxebarria: “Gure natura, ondare eta enogastronomia eskaintzak oso ondo erantzuten die merkatu honen eskaerei”

Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a.- Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala turismoa sustatzeko kanpaina indartsu bat egiten ari dira aste honetan Bordelen: hiriaren erdigunean aldi baterako turismo bulego bat ireki dute, kanpaina komunikabideetan aurkeztu dute eta tokiko eta eskualdeko hainbat eragile eta erakunderekin lan bilerak egin dituzte.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatua eta Maider Etxebarria alkateordea eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zinegotzia erakundeen ordezkaritzaren buru dira, eta azaldu dute ekintza horien helburua gure ondare natural, historiko eta enogastronomikoa ezagutaraztea dela, bihar, osteguna, hasiko den eta milaka pertsona biltzen dituen Bordeaux Wine Festival jaialdiaren tirakada aprobetxatuz.

“Lanean ari gara pixkanaka pandemiaren aurreko bisitari frantziarren kopuruak berreskuratzeko. Frantziako merkatua funtsezkoa da gure turismo sektorea garatzeko eta sendotzeko; izan ere, Arabako ostatuetan gaua igarotzen duten atzerriko lau bisitarietatik ia bat ondoko herrialdekoa da” adierazi dute.

Kanpaina joan den astelehenean hasi zen, Arabako eta Gasteizko turismo bulego bat irekiz Bordeleko zentroan, lurraldeak eta hiriburuak eskaintzen dituzten proposamenak eta planak ezagutzera emateko: Erdi Aroko almendra, Santa Maria katedrala, Eraztun Berdea, Gatz Harana, parke naturalak, ibilbide berdeak, barnealdeko hondartzak, gazteluak eta dorreak, Erdi Aroko hiribilduak, gastronomia, enoturismoa, jaialdiak eta ekitaldiak, etab. Bulegoa ostiralera arte egongo da irekita.

Bulego honen lana osatzeko, Frantziako hiriko kalerik erdikoenetan sustapen ekintzak egingo dira, bi lagunentzako hainbat bidaia saritzen dituzten joko eta lehiaketen bidez, baita publizitate ekintzak ere komunikabide eta sare sozialetan.  Sare sozialen sustapena datorren uztailaren 15era arte luzatuko da, eta Bordele eta haren metropoli eremua ez ezik, Frantziaren hegoalde osoa ere hartuko du.

Tokiko hedabideei aurkeztea

Cristina Gonzálezek eta Maider Etxebarriak, gainera, Araba eta Gasteiz helmuga turistiko moduan aurkeztu dituzte Bordeleko komunikabideetan gaur eguerdian, turismo bulegoan bertan egindako ekitaldi batean. González eta Etxeberriak natura eta ondare baliabide nagusiak azaldu dituzte, bai eta kultura, kirol eta jai ekitaldien egutegia ere, eta bereziki nabarmendu dute Arabako Errioxako eta Aiarako eskaintza enoturistikoa.

“Bordele eta Araba ardoaren kulturak eta gastronomia onak lotzen ditu, eta ziur nago puntu komun horrek Frantziako inguru horretako bisitariak erakartzen lagun diezagukeela, hurbiltasun geografikoa eta errepide bidezko konexio eroso eta erraza aprobetxatuta” azpimarratu du Gonzalezek.

Maider Etxebarriak ideia hori indartu du eta adierazi du “gure natura, ondare eta enogastronomia eskaintzak oso ondo erantzuten die merkatu horren eskaerei”.

Foru diputatua eta alkateordea, era berean, bilerak egiten ari dira tokiko eta eskualdeko eragile eta erakundeekin, hala nola Bordeleko Merkataritza Ganberarekin, Bordeux Wine Festival-eko zuzendaritzarekin, Bordeleko Turismo Bulegoarekin eta Cité du Vin-eko arduradunekin. Cristina González bihar Bordeux Wine Festival inauguratzeko ekitaldian izango da.  

Kanpaina hori joan den maiatzean abian jarritako Come for a trip (zatoz bidaiatzera) turismo sustapenerako ekimenaren barruan sartzen da. Ekimen horren bidez, Araba eta Gasteiz ezagutarazi nahi dira Europako hainbat herrialdetako bidaia agentzien, komunikabideen eta herritarren artean, eta, horrela, atzerriko bisitariak berreskuratu nahi dira mugikortasunaren murrizketak amaitu ondoren, eta tokiko turismo sektorea suspertzen lagundu nahi da.

Lehenengo ekintzak Bruselan eta Bergamon egin ziren, Forondako aireportuarekin lotura zuzena duten bi hiritan, hain zuzen. Hurrengo helburua Oporto izango da, ohitzeko bidaia batekin, Portugalgo kazetariek lurraldearen eta hiriburuaren baliabide turistiko nagusiak ezagut ditzaten, eta online marketin estrategia batekin sare sozialetan, Portugalgo hiriko eta inguruko bidaiari potentzialen artean helmuga saltzeko.

Come for a trip programak jarraipena ematen dio 2021ean merkatu nazionalean hasitako Ven a viajar kanpainari, eta Arabako Merkataritza Ganberaren laguntza du.

Turismoa Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatua Foru Aldundia

Cristina Gonzálezen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi