Amarika aretoan Laura Garcíaren, José Martínezen, Ania Ríoren eta Patricia Laisekaren lanak biltzen dituen ‘Tetrapack 2022’ erakusketa egongo da ikusgai - prentsa
Amarika aretoan Laura Garcíaren, José Martínezen, Ania Ríoren eta Patricia Laisekaren lanak biltzen dituen ‘Tetrapack 2022’ erakusketa egongo da ikusgai
Erakusketa Amarika aretoan ikusgai egongo da maiatzaren 27tik aurrera eta argazki eta bideo digitalen ‘Gazte Klik Klak’ lehiaketaren emaitza da


Gasteiz, 2022ko maiatzaren 26a. ‘Tetrapack 2022’ erakusketa Amarika aretoan egongo da ikusgai maiatzaren 27tik ekainaren 26ra bitartean. Erakusketak Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako argazki eta bideo digitalen ‘Gazte Klik Klak’ lehiaketan aukeratutako lan artistiko onenak biltzen ditu. Ekimenaren helburua da bertako sortzaile gazteen sormen artistikoa bultzatzea eta ikusgai jartzea.
Hain zuzen ere, lehiaketan aukeratutako pertsonek jasotzen duten ‘saria’ ez da ekonomikoa. Alde batetik, argazkigintzan, sorkuntza-bideoan eta arte plastikoetan esperientzia zabala duten profesionalek eskainitako prestakuntza-prozesua eskaintzen zaie. Eta, bestetik, laguntza ematen zaie sormen-prozesuan eta, amaitzeko, gaur aurkeztu duten eta ateak bihar irekiko dituen erakusketan jartzen dituzte lan horiek ikusgai.
Erakusketaren aurkezpenean izan dira Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol arloetako foru-diputatua, Ana del Val, eta Gazteria arloko zinegotzia, Miren Fernández de Landa, aurten aukeratuak izan diren pertsonekin batera: Laura García, José Martínez, Ania Río eta Patricia Laiseka.
“Ilusio handia egiten digu Gasteizen zuek bezalako jendea izatea: gazte konprometituak eta sortzaileak”, adierazi die Gazteria arloko zinegotziak, Miren Fernández de Landak.
Bestalde, Ana del Valek azaldu duen moduan, “Foru Aldunditik argi daukagu kultura indartu, bultzatu, balioetsi eta zabaltzearen garrantzia, hainbat adierazpide sustatuz, bereziki sortzaile gazteak azpimarratuz”.
‘Gazte Klik Klak 2021’ ekimenaren eta ‘Tetrapack 2021’ erakusketaren komisarioa Zas Kulturreko Jorge Salvadorren eta Nuria Pérez-Cárcamoren taldea izan da.