Bide azpiegiturak | 2023 02 17

‘Araba bizikletaz’ Iruña Okara helduko da igandean, bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko

José Miguel Barandiaran Eskolako kiroldegian 10:00etatik 14:00etara egingo den jarduera programan bizikleta ginkana, bizikleta elektrikoa probatzeko aukera, tailer mekanikoa eta abar izango dira

Gasteiz, 2023ko otsailaren 17a.- Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak datorren igandean, hilak 19, ‘Araba bizikletaz’ kanpainaren laugarren jardunaldia egingo du Langraiz Okan, herritarrak lantokira edo ikastetxera bizikletaz joan daitezen sustatzeko, garraiobide jasangarri eta osasungarria dela eta.

            Jardunaldia José Miguel Barandiaran Eskolako kiroldegian izango da, goizeko hamarrak eta arratsaldeko ordu biak bitartean, eta jarduera programan bizikleta ginkana, tailer mekanikoa oinarrizko azterketarekin, umeek margotzeko txokoa, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera eta Arabako Bizikleta Bideen Sarearen proiektuari buruzko informazioa izango dira, eta, zehatzago, Gasteiz eta Arabako Parke Teknologikoa lotuko dituen bide ziklistari buruzkoa.

            Carlos Ibarlucea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, ‘Araba Bizikletaz’ kanpainak “lantokirako edo ikastetxerako eguneroko joan-etorriak bizikletaz egiteari buruzko mezu positibo bat darama Arabako eskualde guztietara, eta herritarrak sentsibilizatuko ditu garraiobide horrek ingurumenerako, osasunerako eta etxeko ekonomiarako dituen abantailez”.

            “Bizikletaz mugitzea onuragarria da osasunerako eta ongizate fisiko, mental eta sozialerako, eta edonoren eskura dago, edozein dela ere ingurunea, generoa, adina, diru sarrerak, hezkuntza, talde etnikoa edo beste edozein ezaugarri”, azpimarratu du.

Pasa den urtarrilaren 29an hasi zen "Araba bizikletaz" kanpaina ibiltaria Agurainen, hurrengo bi igandeetan Murgian eta Laudion izan zen, eta oraingoan Iruña Okara iritsiko da. Ekimenak aurrera jarraituko du datozen asteetan Arabako gainerako kuadrilletan, egutegi honen arabera:

  • Santikurutze Kanpezu (Arabako Mendialdea). Otsailak 26 (udal pilotalekua).

  • Oion (Arabako Errioxa). Martxoak 5 (Plaza Nagusia).

Ekitaldi guztiak igandeetan izango dira, 10:00etatik 14:00etara.

Bide azpiegiturak Mugikortasuna Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi