Ongietorri egin diete Arabara uda igarotzera etorritako Saharako haurrei - prentsa
Ongietorri egin diete Arabara uda igarotzera etorritako Saharako haurrei
Gasteiz, 2024ko uztailaren 8a. Ongietorria egin diete gaur goizean, Gasteizko udaletxean, "Oporrak bakean" programari esker Arabako zenbait herritan uda igaroko duten Saharako 22 haurrei. Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Saharako Haurren Harrera Familien Elkartearen (Afanis) babesa duen proiektua da.
Haurrak harrera familiekin hurbildu dira udaletxera, eta Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak, Ana López de Uralde Garapenerako Lankidetzarako zinegotziak, Mohamed Fadel Brahim Ahamed Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, Estíbaliz Barrio Afaniseko presidenteordeak eta beste erakunde ordezkari batzuek egin diete harrera.
"Oporrak bakean" programaren helburua da haurrei atseden ematea uztailean eta abuztuan, 55 gradutik gorako tenperaturak jasaten dituzten Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetatik irteteko aukera emanez, eta laguntza medikoa, elikadura orekatua eta aisialdi jarduerak eskaintzea Araban.
Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak ongietorria egin die haurrei Arabara, eta nabarmendu du “bizimodua oso gogorra dela beti kanpamenduetan, batez ere udan”. Horrez gain, eskerrak eman dizkie familiei eta Afanisi haien “inplikazioagatik”, eta Arabako Foru Aldundiak saharar herriarekiko duen “konpromisoa” helarazi dio Frente Polisarioari.
Haur horiek ekaineko azken asteburuan iritsi ziren Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetatik (Aljeria), eta gure lurraldean egongo dira abuztuaren amaierara arte. Araban dauden bitartean, jolas eta bizikidetza jarduerez gozatu ahal izango dute, eta, besteak beste, irteera bat egingo dute Sobronera.