Kultura Sailak Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55 ediziorako deialdia egin du 12000 euroz hornituta dago - arabapress
Kultura Sailak Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55. ediziorako deialdia egin du; 12.000 euroz hornituta dago
Martxoaren 31n amaituko da ipuinak aurkezteko epea, baita “Ignacio Aldecoa Beka” eskuratzeko lanak aurkeztekoa ere

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 9a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55. ediziorako deialdia ireki du. Sari hori Estatuko literatura lehiaketa sendoenetako bat da, eta gaztelaniazko literatura sorkuntza sustatzea eta finkatze prozesuan dauden ahots eta egile berriei laguntzea du helburu.
Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak azpimarratu duenez, "Ignacio Aldecoa Saria gure herrialdeko ipuinaren erreferentzia handienetako bat da, eta funtsezko tresna, gaztelaniazko literatura sorkuntza kalitatezkoa bultzatzen jarraitzeko". Ildo horretan, honako hau adierazi du: «Deialdi honen bidez, literatura adierazpide gisa kontakizun laburraren alde egiten dutenei laguntzen jarraitu nahi diegu, eta ibilbide eta ospe handiko sari baten proiekzioa indartu nahi dugu».
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31ra arte zabalik egongo da. Saria 12.000 eurokoa da, eta zenbateko horrek indartu egiten du Aldundiak literatura sorkuntzarekin duen konpromisoa.
Ana del Valek azpimarratu duenez, "lehiaketa honen aldeko apustua egitea Ignacio Aldecoaren ondarea aldarrikatzeko eta literatura ulertzeko modu hurbila, konprometitua eta sakonki gizatiarra bizirik mantentzeko modu bat ere bada".
16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute, nazionalitatea edo bizilekua edozein dela ere. Lanak jatorrizkoak, argitaragabeak, aurretik saritu gabeak eta jatorriz gaztelaniaz idatziak izango dira. Parte hartzaile bakoitzak gutxienez 20.000 hitzeko ipuin bilduma bat aurkeztu behar du. Bilduma horretatik ipuin bat aukeratu behar du lehiaketan parte hartzeko.
Arabako Foru Aldundiak saritutako ipuina eta lehiaketara aurkeztutako bilduma osoa argitaratuko ditu ospe handiko argitaletxe batekin, epaimahaiak epaia eman eta hamabi hilabeteko epean.
Hautagaiak telematikoki aurkeztu ahal dira, Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, edo, aurrez aurre, Erregistro Orokorrean, oinarrietan ezarritako baldintzei eta formatuei jarraituz. Kasu guztietan, obrak modu anonimoan aurkeztu beharko dira, ezizena bakarrik jarrita.
Epaimahaiak, literatura arloko profesionalek osatua eta emakumeen eta gizonen arteko osaera orekatua duena, sormen eta originaltasun irizpideak, egitura eta erritmo narratiboa, eta hizkuntzaren aberastasuna eta koherentzia kontuan hartuta baloratuko ditu lanak. Epaia apelaezina izango da, eta epaimahaiak saria eman gabe utzi ahal izango du, egoki iritziz gero.
“Ignacio Aldecoa Beka”
Sariaren osagarri, Kultura eta Kirol Sailak euskarazko literatura sorkuntzarako "Ignacio Aldecoa Beka" bekaren aldeko apustua egin du oraingoan ere, euskarazko literatura ipuinei diruz laguntzeko. "Formatu honen helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea eta Ignacio Aldecoa saria indartzea da, bere errealitate soziolinguistikora egokitutako ekimen baten bidez", adierazi du Ana del Valek.
Sariaren osagarri, Kultura eta Kirol Sailak euskarazko literatura sorkuntzarako "Ignacio Aldecoa Beka" bekaren aldeko apustua egin du oraingoan ere, euskarazko literatura ipuinei diruz laguntzeko. "Formatu honen helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea da, euskarazko kontakizunak idazten dituztenek beren lana egiteko denbora eta finantzaketa izan dezaten erraztuz", adierazi du Ana del Valek.
Deialdi honetara 16 urtetik gorako pertsonak aurkeztu ahal izango dira, nazionalitatea edo bizilekua edozein dela ere. Beka 12.000 euroz hornituta dago, hau da, 4.000 euro gehiago aurreko edizioarekin alderatuta, eta norgehiagoka prozeduraren bidez emango da.
Interesdunek honako hauek aurkeztu behar dituzte: ipuin original bat, argitaratu gabea eta jatorriz euskaraz idatzia, 10 eta 25 orrialde artekoa, eta ipuin bilduma bat egiteko proiektu bat, sortzen den liburua osatuko luketen kontakizunen multzoa eta haren edukiaren, egituraren eta estiloaren behin-behineko deskribapena bilduko dituena.
Interesdunek honako hauek aurkeztu behar dituzte: ipuin jatorrizko bat, argitaratu gabea eta jatorriz euskaraz idatzia, 10 eta 25 orrialde artekoa, eta ipuin bilduma bat egiteko proiektu bat. Liburuak zer beste ipuin izango lituzkeen jaso behar du proiektuak, bai eta izenburua eta edukiaren behin-behineko azalpena ere. Beka jaso duen lanaren emaitza ere sariaren zati gisa argitaratuko da.
Ignacio Aldecoaren bi deialdietarako eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31n amaituko da.
Deialdiari buruzko informazio guztia eta oinarriak osorik ALHAOn eta Kultura Etxearen webgunean kontsulta daitezke: https://kulturaetxea.araba.eus

