Kultura | 2023 03 17

Kultura Sailak Next funtsetara aurkeztuko du La Hoya balioesteko proiektua

Helburua jauzi bat egitea da eta garai berri bat hastea, eta horretarako aritu dira lanean legegintzaldi osoan ondarearen harribitxi horretan

Gasteiz, 2023ko martxoaren 17a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak La Hoyako aztarnategi arkeologikoa berreskuratzeko eta balioesteko proiektua aurkeztuko du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak turismo erabilera duen ondare historikoaren lehiakortasuna hobetzeko eta hura dinamizatzeko sustatutako programaren deialdian, zeina Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan baitago. Proiektuaren helburua da jauzi bat egitea eta garai berri bat hastea ondarearen harribitxi horretan.

Hala adierazi du gaur Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Arabako Batzar Nagusien legegintzaldiko azkeneko Kultura eta Kirol Batzordean. “Norgehiagoka bidezko deialdia denez, zuhurrak izan behar dugu, baina proiektua legegintzaldi osoan erakutsi dugun anbizio handiarekin aurkeztuko dugu, eta ahalik eta finantzaketarik handiena lortu nahi dugu aztarnategia Arabako Errioxako turismoaren baliabide eragile bihurtzeko”.

Kontuan izan behar da deialdian parte hartzeko baldintzetako bat gutxienez 750.000 euroko eta gehienez 3.000.000 euroko inbertsioa egitea dela. Ondare ondasunak, gainera, titulartasun publikokoa izan behar du, baita BIC izaera eta turismo erabilera argia ere. “Gure aztarnategiak bete egiten ditu laguntza ekonomikoetako bat jasotzeko baldintza guztiak, eta, lortuko balitz, esku hartzearen % 100 finantzatuko luke”.

Etengabeko lana aztarnategian

Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saila etengabe ari da lanean La Hoyako aztarnategian, duela urte batzuetatik hona, esku hartzeak egiten, eta proiektu orokor bat definitzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren urratsak ematen. Legegintzaldi honetan lan hori indartu egin da.

Zehazki, 2019. urtearen amaieran (legegintzaldia hasi eta berehala), jarduketa proposamen bat egiteko eskatu zioten Joan Santacana arkeologo katalanari. Hark, arkitektura bulego batekin lankidetzan, “Guardiako La Hoya herrixkako arkeologia aztarnak sendotzeko eta balioesteko aurreproiektua” aurkeztu zuen.

Une horretatik aurrera, eta dokumentu hori erreferentziatzat hartuta, hainbat esku hartze gauzatu dituzte jarduketa proiektu orokorra zehaztu ahal izateko behar den aurretiazko informazio guztia biltzeko.

2022an, Arabako Arkeologia Museoko zerbitzu teknikoek lan dokumentu bat idatzi zuten oinarrizko jarduketa planteamendu gisa, “La Hoyan jarduteko proposamen txostena” izenekoa. Hortik abiatuta, diziplina anitzeko lantalde bat eratu zuten, aurretiko azterketa eta ebaluazio lanak egiten aritu dena.

Hala, aztarnategian bisitatu daitekeen induskatutako eremuaren dokumentazio arkeologikoa egiteko lanak abiarazi dituzte, hura kontserbatzeko zer neurri hartu behar diren erabakitzeko; aztarnategian aldez aurretik egindako lanek sortutako dokumentazio guztia berrikusi dute; topografia osatzen eta eguneratzen ari dira; indusketen dokumentazio grafikoa digitalizatu eta eguneratu dute, eta, gaur egun, aztarnategian induskatutako eremuak garbitzeko eta oinarrizko babesa emateko beharrak aztertzen ari dira.

Del Valen hitzetan, “Horren guztiaren helburua da ahalik eta informazio gehien ematea aztarna arkeologikoak sendotzeko eta zaharberritzeko lanen behin betiko gauzatze proiektua idazteko ardura duen arkitektura taldeari”.

Testuinguru horretan, sailak finantzaketa lortzeko deialdira aurkeztea erabaki du.

Beste mantentze ekintza batzuk

Gainera, mantentze lanak egiteko ohiko jarduketak ere egin dituzte aztarnategian, eta foru diputatuak horien berri eman du taldeen galderei erantzuteko.

  • Bisita daitezkeen Arabako aztarnategi arkeologikoetan garbiketa eta mantentze lanak egiten dituzte urtero (urtean bitan), eta horien artean beti egoten da La Hoya.
  • Instalatutako museo baliabideak ere eguneratzen eta berritzen joan dira: Arabako Errioxako trikuharriei buruzko informazioa sartu dute; seinaleak eta kartelak berritu dituzte; abian jarri dute audiogiden zerbitzua, etab.
  • Aztarnategian dauden audiogiden osagarri diren kanpoko kartelak ordeztu dituzte berriki.
  • Gainera, aztarnategiari buruzko azalpena ematen duten bideoak birmasterizatzeko, ingelesera eta frantsesera itzultzeko eta azpitituluak jartzeko lanak agindu dituzte, bisitariek ikusi ahal izan ditzaten eta entzumen arazoak dituzten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.
  • Horrez gain, erreprodukzioaren kalitatea hobetzeko lanean ari dira, eta horretarako, museografiako paneletan integratutako telebista bat instalatuko dute. Lan horiek abian dira dagoeneko, eta 2023an amaitzea aurreikusten da.
Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi