| 2023 11 21

Adierazpen instituzionala, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

2023ko azaroak 25

Gobernu Kontseiluak, 2023ko azaroaren 21ean egindako ohiko bilkuran, honako adierazpen instituzional hau onetsi du azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta:

Azaroaren 25a dela-eta (Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna), Arabako Foru Aldundiak uste du beharrezkoa dela arreta jartzea sexu indarkeriak adingabeen artean duen intzidentzia gero eta handiagoan; izan ere, indarkeria mota hori indarkeria ikusiezinenetako eta normalizatuenetako bat bihurtu da, eta urtez urte gora egiten jarraitzen du. 

Hainbat txostenen arabera, sexu delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskatoak eta nerabeak. Adingabeek sexu askatasunaren aurka egindako delituen ehunekoak ere gora egin du.  Laguntza espezializatuaren eskaerek gora egin badute ere, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela beren portaeran indarkeria adierazpen jakin batzuk hautemateko, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Era berean, ohartarazi da adingabeen artean genero mitoak eta estereotipoak zabaltzen ari direla, bai eta haurren sexualizazioa eta sexu hastapen goiztiarra ere, pornografiaren bidez, gehienbat, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimek ez dute sinesgarritasunik, eta horrek eragotzi egiten du garaiz esku hartzea edo esku hartze konpontzailea egitea adingabeen aurkako sexu abusu eta erasoen kasuetan.

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren imajinario desitxuratua zabaldu da.  Sexu indarkeriaren erabilera hutsaltzen eta legitimatzen da, emakumeak, haien nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek sexu erasoak eta eraso fisikoak eragin ditzakete, bai eta, muturrekoenetan, emakumeen hilketak ere.

Egoera horren aurrean, erakunde maila guztiek lankidetzan jardun behar dugu, eta ahal diren estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, emakumeek eta neskek bizi garapen betea izan dezaten, askatasun, berdintasun eta segurtasun baldintzetan. Eta, zehazki, beren desioak, txerak eta sexu portaerak bortxarik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero estereotipoak eta aginduak alde batera utzita. Bizikidetza berdintasunezkoa eta indarkeriarik gabekoa izateko baldintzak bultzatzen lagundu behar dugu.

Foru Gobernuak berretsi egiten du benetako berdintasuna eta berdintasun eraginkorra bermatuko duen berdintasunezko gizarte arabarra lortzeko konpromisoa. Horregatik, gizartea berdintasunaz eta emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteaz kontzientziatzeko ekintzak garatuko ditu, baita haurtzaroan eta nerabezaroan sexu indarkeriak prebenitzeko ekintzak ere.

Horretarako, dauden programak indartuko ditu eta haur eta nerabeentzako ekintza berriak bultzatuko ditu, besteak beste, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak eta rol sexistak gainditzeko estrategiak eta parekotasuna lantzeko.

Era berean, beste erakunde batzuekin elkarlanean arituko da indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzen, indarkeria matxistaren modu berri horri aurre eginez, eta adingabeen hezkuntza prozesuak indartuko ditu BELDUR BARIK programaren bidez.

Azkenik, herritarrei dei egiten die azaroaren 25ean urrats bat aurrera egiteko eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta Arabako Lurralde Historikoan deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.

Gasteiz, 2023ko azaroak 21.

Prentsa oharra

Jaitsi