Foru Aldundiak % 67 igo ditu tokiko merkataritzari laguntzeko baliabideak, 1,1 milioi euro emango ditu eta - prentsa
Foru Aldundiak % 67 igo ditu tokiko merkataritzari laguntzeko baliabideak, 1,1 milioi euro emango ditu eta
Landa merkataritzari laguntzeko plan integral bat abian jartzea barne hartzen du
Turismo sektorea finkatzeko ekintzen finantzaketa % 38 hazi da, eta Aiarako inbertsio programa berezi bat barne hartzen du
Cristina González: "1,9 milioi euro bideratuko ditugu enplegu politiketara, arreta jarrita laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan: prestakuntzarik gabeko gazteak, 45 urte baino gehiago izan eta luzaroan langabezian dauden pertsonak, eta langabezian kronifikatutako pertsonak"


Gasteiz, 2023ko azaroaren 20a.- Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak 1,1 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean Arabako txikizkako merkataritzaren lehiakortasunean lagundu eta hura hobetzeko programetarako, hau da, 2023an baino % 67 gehiago. Igoera horri esker, besteak beste, landa merkataritza garatzeko eta finkatzeko plan integral bat abiaraziko da.
Cristina González Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak gaur eman ditu argibide horiek Arabako Batzar Nagusietan, bere saileko aurrekontuak azaltzeko egin duen agerraldian. Gonzalezek garrantzia eman dio baliabide ekonomikoak areagotu izanari "tokiko merkataritzari, zeina Araban aberastasuna eta enplegua sortzeko funtsezko sektorea baita, eta gure auzo eta herrietako gizarte bizitzari laguntzeko".
"Gure merkatariei laguntzen jarraituko dugu, inbertsiorako eta jarduerarako laguntza lerroen bidez, eta proiektu berri bati ekin nahi diotenei aholkularitza eta bideragarritasun azterlanak emango dizkiegu. Gainera, eta berrikuntza gisa, landa merkataritzari eskaini nahi dizkioguna da, funtsezkoa baita herri eta eskualdeetan bizi diren arabarrentzat, prestakuntza eta tresnak euren burua sustatzeko eta lehiakorragoak izateko", azaldu du.
Cristina Gonzalezek turismoa babesteko politikei aurrekontuetan emaniko pisua ere nabarmendu du, 2,5 milioi euroko partidak bideratu baitira Araba sustatzeko kanpaina berriak abiarazteko, lurraldeko turismo azpiegiturak hobetzeko eta Aiarako Kuadrillan aparteko inbertsioak egiteko. Gainera, enplegu estrategiari dagokionez, 1,9 milioi eurokoa izan da "enplegu gehiago eta hobea" sortzera bideratutako programen finantzaketa.
Azaldu duenez, baliabide ekonomiko horiek biztanle guztiei zuzendutako programak garatzean gauzatuko dira, baina batez ere "laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetara" bideratutako ekintzak azpimarratuko dituzte. Hona hemen "laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak: prestakuntzarik gabeko gazteak; 45 urte baino gehiago izan eta luzaroan langabezian dauden pertsonak, zeinek birziklatzeko premia baitute, eta baztertuta geratzeko arriskua egon eta berriz lan egiteko aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua behar dutenak".
Enplegu politikak
Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailaren aurrekontua 63,2 milioi eurokoa da, hau da, 2022ko kontuetan baino % 4,8 gehiago. Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak irentsi du funts horien zati handiena, 46 milioi euro inguru, eta digitalizazioa eta izapidetze elektronikoak, informatika garapenak, Arkitektura Zerbitzua eta Foru Aldundiaren gastu arrunta finantzatzeko erabiliko da.
Proiektuak 10,6 milioi euro gorde ditu Funtzio Publikoko Zuzendaritzarentzat, eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Zuzendaritza, berriz, ia 6,5 milioi euroz hornitu du.
Cristina Gonzalezek azpimarratu duenez, Arabak une honetan "enplegu maila historikoak ditu, Gizarte Segurantzan 165.000 arabar afiliatu baino gehiagorekin", baina esan du langabeziak "lehen mailako erronka eta gizarte kezka nagusietako bat" izaten jarraitzen duela. "Horregatik, 2024rako gure lehentasuna da enplegu aukerak sustatzea, haien kalitatea hobetzea eta langabezia tasa jaisten jarraitzea, helburu honekin: aurrera egitea enplegu tekniko osoaren bidean".
"Horretarako, lan merkatuaren egungo premia eta erronketara egokituko ditugu gure estrategia eta politikak. Horrela, biztanle langabe guztiei zuzendutako zeharkako programei eutsiko diegu, baina arreta, batez ere, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan jarriko dugu", adierazi du.
Hartara, eta 720.000 euro esleitzeaz gain biztanle guztiei zuzendutako prestakuntza programetarako, kolektibo jakin batzuei zuzendutako ekimen berriak azaldu ditu: mendeko pertsonei laguntzeko orientazioa eta prestakuntza (273.000 €), prestakuntza duala langabezian dauden prestakuntzarik gabeko gazteak lan merkatuan sartzeko (71.000 €), eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen prestakuntza Gurutze Gorriarekin lankidetzan (64.800 €).
"Lanbide heziketa da gure enplegu estrategiaren ardatza; izan ere, ziur gaude prestakuntza funtsezkoa dela kualifikazio baxuko langabeek edo lana galdu eta birziklatu behar dutenek lanpostu bat eskura dezaten. Enplegu hori kalitatezkoa izateko ere funtsezkoa da", esan du.
Era berean, proiektuak Arabako enplegu anezken jarraipena jasotzen du, 138.000 eurorekin.
Bestalde, foru diputatuak jakinarazi du proiektuak 1,1 milioi euroko partidak jasotzen dituela tokiko merkataritzari laguntzeko, 2023an esleitutako funtsak baino % 67 gehiago. Igoera garrantzitsu horri esker, beste ekimen bat garatu ahal izango da: landa merkataritza babesteko eta bultzatzeko plan integrala (485.000 €), xedea baita "landa merkataritzaren lehiakortasuna indartzea, Araba bezalako lurralde zabal batean daukan garrantziagatik".
Plan horrek hainbat proiektu biltzen ditu, hala nola erosketak kudeatzeko plataforma bat sortzea, eskualdeko digitalizazio planak, prestakuntza programak, marketin kanpainak, entrega guneen sarea, etab.
Txikizkako saltokiek sustapen eta fidelizazio inbertsioak eta jarduerak egiteko laguntza lerro bana (268.300 €), dinamizazio proiektuak garatzea Arabako merkatarien elkarteekin lankidetzan (254.234 €), Alerta Goiztiarra programa (47.000 €), eta ekintzaileentzako aholkularitza eta bideragarritasun planak egiteko programa berri bat.
Inbertsioak Aiaraldean
Turismoa sustatzeko eta sektoreari laguntzeko politikek 2,5 milioi euro izango dituzte 2024an, hau da, % 38 gehiago ekitaldi honetan erabilitako baliabideekin alderatuta. Igoera horren helburua, besteak beste, Aiarako Kuadrillan inbertsioen aparteko programa garatzea da, haren eskaintzari eta baliabide turistikoei balioa emateko eta, horrela, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzeko (520.000 €).
Beste partida berri batzuk produktu turistikoa sortzearekin eta Arabako Mendialdeko Meatzaritza Paisaiak sustatzearekin lotutakoak dira.
Estrategia, gainera, honela gauzatuko da: toki erakundeei, enpresei eta irabazteko xederik gabeko erakundeei zuzendutako laguntza lerroak, turismoa sustatzeko, jarduerak antolatzeko eta eskaintza hobetzeko (743.166 €); turismo zerbitzuak eta azpiegiturak hobetuko dituzten inbertsioak (463.055 €); Araba helmuga gisa sustatzeko kanpainak bai merkatu nazionalean bai Europako merkatu estrategikoetan (140.000 €), eta kalitatezko kultura eta kirol ekitaldiak babestea.
"Araba Espainian eta Europan ezagutarazteko kanpainak egiten ari gara, eta emaitzak oso positiboak izan dira: 2022an, bisitarien sarreren eta gau kontratatuen errekorra gainditu dugu, eta, beraz, 2024 hau marka historiko berriekin itxiko dugu. Gure helburua da joera horri jarraipena ematea kanpaina berriekin, turismo jasangarriak jarrai dezan jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren eragile izaten", esan du Cristina Gonzalezek.
Foru diputatuak adierazi du Sailak lankidetzan jarraituko duela, hitzarmen bana eginda, Montes Solidariosekin, Arabako natura eta ondare baliabideak irisgarriak izan daitezen (33.149 €); Santa Maria Katedrala Fundazioarekin, bere turismo eskaintza hobetzen jarraitzeko (60.375 €), eta Santa Katalinako Lorategi botanikoarekin, Iruña Okako eta Añanako motor turistiko gisa sendotzeko (30.000 euro)."
Haiei beste bi hitzarmen erantsi behar zaizkie: Nekatur Arabako eta Euskadiko landa ostatuen elkarte nagusiarekikoa (16.000 euro) eta Aktiba turismo aktiboko enpresen elkartearekikoa (16.000 euro). “Arabaren indarguneetako bat da lurraldeko landa turismoaren, natura turismoaren eta turismo aktiboaren eskaintza; eta bi elkarte horiekin elkarlanean arituko gara sustapen jarduerak diseinatu eta gauzatzeko.”
Enplegua finkatzea eta EPEak
Bestalde, eta Funtzio Publikoaren arloan, proiektuak 110.000 euro aurreikusten ditu bitarteko funtzionarioek betetzen dituzten 172 plaza finkatzeko prozesua garatzeko eta gauzatzeke dauden enplegu publikoaren eskaintza arruntei dagozkien 124 plazen probak abiatzeko. 124 plaza horiei 2023ko enplegu publikoaren eskaintzan sartzen direnak gehituko zaizkie. Eskaintza hori aurtengo urtea amaitu baino lehen onetsiko da.
Azkenik, Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzan, Cristina Gonzálezek honako hauek azpimarratu ditu: Arabako Kalkulugunearen gidaritzapean administrazio elektronikoan eta foru zerbitzu publikoen digitalizazioan aurrera egiteko ezarri den aurrekontu zuzkidura, hartara herritarrei eta enpresei ematen zaien arreta hobetzeko (14 milioi €); baliabideak gehitu direla foru aldundien eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko (1 milioi €) eta ibilgailuen parkea (400.000 euro).
Foru diputatuak esan duenez, aurrekontuek berriro ere berresten dute “Lamuzako parkea zaharberritzeko dugun konpromisoa. "Horrela, eta kasinoa, Musikaren Etxea eta Lamuza jauregiaren kanpoaldea lehengoratzeko 6 milioi euro inbertitu ondoren, orain aurrekontu hauetan 2,5 milioi euro bideratuko ditugu azken eraikin horren barrualdea birgaitzeko obretarako eta hura irisgarritasunez hornitzeko.”