Christie's-ek bihar enkantean jarriko du jatorrizko biblia baten ehuneko hamar, baina Foru Aldundiak biblia horren 22 pergamino ditu jada - prentsa
Christie's-ek bihar enkantean jarriko du jatorrizko biblia baten ehuneko hamar, baina Foru Aldundiak biblia horren 22 pergamino ditu jada
Prezioa "neurrigabea" da, gainera, eta ez dator bat haren "historia eta ondare balio hutsarekin", baizik eta bildumagintzaren alorreko balioarekin, eta, ondorioz, erakundeak baztertu egin du enkantean parte hartzea
Jatorrizko biblia ez zegoen komentuan, baizik eta komentuko prokuradore bulegoan, non koadernatua deseginda erabiltzen baitzuten, bulegorako material gisa
Ondare Historikoaren Legearen arabera enkantea geldiaraztea ezinezkoa dela ere adierazi du Aldundiak; izan ere, ez dago zehatz-mehatz jakiterik ondasuna noiz atera zuten Espainiatik
Gasteiz, 2024ko ekainaren 10a.Arabako Foru Aldundiak erabaki du bihar, "biblia" gisa Christie's enkante etxe ezagunean enkantean jarriko diren pergaminoak eskuratzeko eskaintzarik ez egitea.
Hala jakinarazi du gaur Ana del Val Kultura eta Kiroleko Saileko foru diputatuak, eta egin duen agerraldian harekin izan dira José Antonio Sáenz Varela Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuaren burua, Mª Ángeles Isasi Kexaako Administrazio Batzordeko lehendakaria eta Luis Padura Kexaako multzoan aditua.
Enkantea
Bihar 64 pergamino orri jarriko dituzte enkantean. Orri horiek eta 2016an eta 2017an enkantean jarri ziren beste batzuk biblia gotiko batekoak dira. Biblia hori, ziurrenik, XIII. mendearen bigarren erdialdean egin zen, oraindik identifikatu gabe dagoen monasterio eskriptorio batean (baina ez Kexaan, ez baitzuen eskriptoriorik). "Dokumentu horri Kexaako biblia esatea, beraz, nolabaiteko gehiegikeria da, eta zerikusi handiagoa du enkante etxearen merkataritza estrategiarekin dokumentuaren ondare errealitatearekin baino, eta, hortaz, guk enkantean jarritako pergaminoak deritzogu", adierazi du Del Valek.
64 pergamino orri horiek Kexaan egon ziren XVII. eta XIX. mendeen artean, baina ez komentuan, baizik eta komentuko prokuradore bulegoan (priorearen izenean kontuez arduratzen zenaren bulegoa). Han bulegoko material gisa erabili zituzten (hau da, koadernatua deseginda, askotariko dokumentazioa gordetzeko karpeta gisa).
Ezin da zehaztu noiz atera zituzten Kexaatik (1848tik aurrera izan zela baino ez). Pentsa daiteke antikuarioren bat konturatu zela Erdi Aroko miniaturen bildumagintzaren merkaturako balioa zutela, nahiz eta prokuradorearentzat erabili eta botatzeko materiala baino ez izan.
Foru Aldundiaren jarduketak
Enkantearen berri izan zenean, hau da, enkante etxeak jakitera eman zuen ia egun berean, Foru Aldundiak, lehenik eta behin, aurretiko balorazio bat egiteko agindua eman zuen; alegia, eskaintzari buruzko azken balorazioa egin ahal izateko dokumentuak deskribatzen zituen txosten ofizial bat, bai eta enkantea geldiarazteko aukerari buruzko azterlana ere, Ondarearen Legearen arabera hori egiteko legezko ahalmenik bazegoen ere.
Azken horri dagokionez, eta Ertzaintzako, fiskaltzako eta Kultura Ministerioko Ondare Historikoko Ondasunen Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeko ondare adituak kontsultatuta, honako hau ondorioztatu da: "ezinezkoa bada zehatz-mehatz zehaztea ondasuna noiz atera zuten Espainiatik, ezinezkoa da itzulketa legez erreklamatzea eta, beraz, enkantea geldiaraztea", eta kontuan hartuta hipotesi nagusia dela 1985a baino lehen gertatu zela hori eta urte horretan onetsi zela ondarea esportazio horien aurka babesten duen Ondarearen Legea, "ezer gutxi egin daiteke bide horretatik".
Enkanteari dagokionez, foru diputatuak honako hau ziurtatu du: "serio baloratu da, eta, normala denez, barne eztabaida bat ere izan da ikuspegi guztiak kontuan hartuta, baina, azkenean, eskaintza ez egiteko arrazoiek pisu handiagoa izan dute eskaintza egitearen aldeko arrazoiek baino".
Hasteko, "erostea garestia izango litzatekeelako, ondare balioarekin alderatuta". Izan ere, "prezio hori ez dator bat balio historiko eta kultural hutsarekin, baizik eta Erdi Aroko miniaturen bildumagintzaren merkatuko prezioekin, zeinak ez baitira arlo publikoaren interesekoak".
Bigarrenik, materiala kontuan hartuz gero, 700 orrialdeko jatorrizko bibliaren pergaminoetako batzuk baino ez dira, "hau da, hamarren eskas bat". Gainera, ezinezkoa da biblia jatorrian egin zen bezala uzteko moduan berreraikitzea, eta "hori litzateke nolabaiteko ondare interesa izango lukeena".
Horri guztiari gehitu behar zaio litekeena dela Kexaako Monumentu Multzoaren ondarearekin lotutako interes handiagoko beste material batzuk agertzea eta "hori ere kontuan hartu behar da, interes publikoari eta arabarren ondareari dagokionez".
Amaitzeko, gaur bertan jakin dugu Kexaako Administrazio Batzarrak bere esku zituen eta inbentariatzeko, zaharberritzeko, dokumentatzeko eta balioa emateko zain zeuden dokumentu batzuk eman dizkiola Aldundiari, eta, beraz, 700 orrialde zituen jatorrizko bibliaren 22 pergaminoren jabe dela orain foru erakundea; jatorrizko horren hamarren bat jarriko da bihar enkantean.
Hau da, azaldutako guztiaz gain, "foru erakundeak badu jatorrizko arte ondasun beraren material berdina edo antzekoa, eta laster jarriko du jendaurrean". Ondorioz, arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, "ez da interesgarria bihar enkantean jarriko duten material hori eskuratzen saiatzea".