Foru Aldundiak eta SEAk maisua-ikastuna eredua berreskuratu dute, gazteen enplegua sustatzeko eta enpresen benetako beharrei erantzuteko - prentsa
Foru Aldundiak eta SEAk maisua-ikastuna eredua berreskuratu dute, gazteen enplegua sustatzeko eta enpresen benetako beharrei erantzuteko
Proiektuaren bidez 40-45 gaztek prestakuntza kontratua izan ahalko dute

Gasteiz, 2024ko otsailaren 12a.- Arabako Foru Aldundiak eta SEA Arabako Enpresak-ek asmo handiko proiektu bat jarri dute abian, maisua-ikastuna eredua berreskuratzeko, baina garai berrietara egokituta, prestakuntza dualaren eta prestakuntza kontratuen bidez. Ekimenaren helburua da 16 eta 30 urte bitarteko Arabako 40-45 gazteri prestakuntza jasotzen jarraitzeko aukera ematea eta, aldi berean, eskuratutako ezagutzak lanpostu batean praktikan jarri ahal izatea.
Prestakuntza teorikoaren eta enpresetan lan egitearen konbinazio horrek parte hartzaileak lan merkatuan sartzea errazten du, eta, gainera, lehen egunetik Gizarte Segurantzan kotizatzea eta egindako lanagatik kobratzea ahalbidetzen die.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Juan Ugarte SEAko zuzendari nagusiak proiektua aurkeztu dute gaur, eta azaldu dutenez, lankidetza publiko-pribatuaren bidez bi premia gurutzaturi erantzun nahi zaie: lanpostu bat aurkitzeko zailtasunak dituzten esperientziarik gabeko gazteak eta profil profesional jakin batzuk aurkitzeko arazoak dituzten enpresak.
"Arabak enplegua sortzen jarraitzen du, eta, zorionez, erabateko enplegu teknikotik hurbil gaude, baina oraindik ere badira laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak eta kolektiboak, hala nola prestakuntza eguneratu gabe duten edo esperientziarik ez duten gazteak. Horregatik, gazteen enplegagarritasuna sustatuko dugu programa honen bidez", azaldu du Cristina Gonzálezek.
Juan Ugartek adierazi duenez, prestakuntza eskaintzaren eta enpresek behar dituzten benetako kualifikazio beharren artean batzuetan dagoen bat etortze faltari erantzuten dio proiektuak. "Era berean —gaineratu du—, egiaztatu dugu Arabako enpresek, batez ere ETEek, zailtasunak dituztela kualifikazio ertain-baxuko lanpostu batzuetan profilak txertatzeko, langabezian dagoen hautagairik ez dagoelako edo hautagaiek eskatutako gutxieneko kualifikazioa ez dutelako".
"Ikastunen prestakuntza duala industria sektorerako" proiektuaren helburua da Arabako ekoizpen sistema indartzea eta enpresa txiki eta ertainetan lanbide heziketa dualaren ezarpena sendotzea, ikaskuntza prestakuntzarako kontratuaren bidez, hartara, Arabako gazteen enplegagarritasuna hobetzen, enplegua sortzen eta lanbide profil zehatzen eskaria asetzen laguntzeko.
Proiektuan parte hartzen duten gazteek abantaila handiak izango dituzte: profesionaltasun ziurtagiria doan lortuko dute; lanbide gaitasunak eskuratuko dituzte, ezagutza teorikoen eta lanbide praktikaren bidez; langabezia babesari eutsiko diote, eta bi urtera arteko kontratuak edo kontratu mugagabea izateko aukera izango dute. Eta, gainera, ordainsaria jasoko dute.
Bestalde, enpresek benetako beharren arabera prestatutako profesionalak lortuko dituzte; pertsona kualifikatu eta motibatuek lanean jarraitzea ziurtatuko dute; langileak hautatzeko kostuak eta langile berrien integrazio nahiz egokitzapen denbora murriztuko dituzte, eta, ondorioz, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetuko.
Hiru ibilbide
Arabako Foru Aldundiak eta SEAk bultzatutako "Ikastunen prestakuntza duala industria sektorerako" proiektua prestakuntza dualeko esperientzia berria da Euskadin; izan ere, aurretik garatutako beste proiektu batzuetan ez bezala, proiektu honetan, enpresek beraiek dute parte hartzaileen prestakuntza ibilbidea zuzenean definitzeko ardura, enpresen beraien beharretara egokitzeko.
Aspasia taldeko Jundizko Industria Eskolan garatzen ari da ekimena. Talde horrek esperientzia handia du horrelako ekimenetan beste autonomia erkidego batzuetan, hiru ibilbide profesionalen bidez.
Hamahiru parte hartzailez osatutako lehen taldea 2023ko azaroan hasi zen, urtebeteko prestakuntza kontratu batekin. Industria tresneria eta linea automatizatuak muntatzeko eta mantentzeko langileentzako prestakuntza egiten ari dira. Esperientzia hori zabaltzea da helburua, eta, horretarako, 2024an beste bi talde izango dira. Talde horiek beste bi arlotan jasoko dute prestakuntza: elektrodo bidezko soldadura, batetik, eta makina-erreminta konbentzionalaren mekanizazioa eta ordenagailu bidezko zenbakizko kontrola, bestetik.
Prestakuntza dualeko hiru ibilbideek 1.700 ordu baino gehiago dituzte: prestakuntza orduak % 35 dira eta lanorduak % 65.
Programan parte hartu nahi duten pertsonek eta enpresek SEA Arabako Enpresak elkartean (945 00 04 00) eskura ditzakete argibideak eta egin izen-ematea.
"Ikastunen prestakuntza duala industria sektorerako" proiektuak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa du, eta Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren enplegua sustatzeko estrategiaren parte da. Estrategia horrek honako hauek jasotzen ditu, besteak beste: langabeen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza programak, enplegu anezkak eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako ekintzak.