Aiarako turismoa biziberritzeko inbertsioen programa berezia aurkeztu dute Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak - prentsa
Aiarako turismoa biziberritzeko inbertsioen programa berezia aurkeztu dute Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak
- Milioi bat euroko zuzkidura du 8 ekimen garatzeko
- Kexaako Monumentu Multzoko zerbitzu eta azpiegitura turistikoak hobetzea, Txakolinaren Ibilbidea indartzea eta Museoen Sarea sortzea aurreikusten du, besteak beste



Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 23a.- Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko inbertsio programa berezia aurkeztu dute gaur, Aiarako Kuadrillan turismoa biziberritzeko eta, horrela, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzeko. Programa hau Eusko Jaurlaritzak onartutako Aiaraldea eskualdearen Berehalako Jarduera Planean sartzen da, 24 milioi euroko aurrekontuarekin.
Inbertsio programa horri esker, 8 ekimen garatu ahal izango dira, besteak beste, Kexaako Monumentu Multzoko zerbitzu eta azpiegitura turistikoak hobetzea, Txakolinaren Ibilbidea indartzea, museoen sare bat sortzea eta ibilbide turistiko bana abian jartzea, tokiko gastronomia eta Aiarako dorretxeak protagonista direla. Ekitaldi bereziak antolatzea eta marka turistiko bat sortzea ere horien artean daude.
Aurkezpen ekitaldia gaur eguerdian egin da Laudioko Lamuza parkeko kasinoan, Aiarako Kuadrillako tokiko erakundeen eta agente turistikoen aurrean, eta Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak parte hartu dute.
Ramiro González diputatu nagusiak eta Javier Hurtado sailburuak, halaber, proiektuari euskarria ematen dion lankidetza hitzarmena sinatu dute.
Hitzarmena sinatu ondoren, Ramiro Gonzálezek erakundeen arteko lankidetzaren eraginkortasuna nabarmendu du. “Aiarak – adierazi du – potentzial handia du turismoaren arloan, eta jarduera plan integral bat behar zuen turismo baliabide nagusien balioa nabarmentzeko. Aiara beira, hodia eta trenbideak baino gehiago da. Kultura eta natura ondarea da: Garobel mendilerroa, Ermualde. Txakolina, zinema eta literatura da; nahikoa da ikustea aiarar bat izango dela hurrengo Berlinalen. Hori guztia eta gehiago da Aiaraldea, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da haren balioa nabarmentzea eta bultzatzea”.
Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, “inbertsio horiekin Aiaraldeko turismoa sustatzen laguntzen dugu, eskualdeko gastronomia eta kultur ondasunak bereziki azpimarratuz. Plan hori 8 jardueratan egituratuta dago, eta balio erantsia emango dio Arabako eta Euskadiko turismo aniztasunari. Hala, baliabideak jarriko dira bisitarien egonaldia dibertsifikatzeko, desasoikatzeko eta luzatzeko.
Hurtadok nabarmendu du “txakolinaren ibilbideari edo artisautzako ibilbide gastronomikoari ematen ari zaion bultzada, Sailak eskaintza enogastronomikoaren alde eta jasangarritasun turistikoak markatutako estrategia indartzearen alde egindako apustu gisa. Gainera, gastronomiarekin eta gure historiarekin lotutako gure ondarearen balioa nabarmentzeko balio dute, eta lurralde kohesiorako elementu indartsua dira, Euskadi bezalako lurralde bateko planen aniztasuna eta baliabideen aberastasuna erakusten baitute”.
Bestalde, Cristina González diputatuak ziurtatu duenez, “inbertsio programa horri esker Aiarako baliabide turistiko guztiak nabarmendu eta ezagutzera eman, haien egungo eta etorkizuneko garapena antolatu eta planifikatu eta turismo jasangarriaren eskaintza egituratu ahal izango ditugu. Azken helburua da Aiararen eta eskualdeko turismo enpresen lehiakortasuna hobetzea turismo helmuga izateko, hau da, Aiarako enpresentzat aberastasuna eta enplegua sortzea, azken finean.
Zortzi ekimen
"Turismo zerbitzuen eskaintza integratua garatzea" programak 8 ekimen gauzatzea aurreikusten du, guztira milioi bat euroko aurrekontuarekin:
-
Turismo sektorea sustatzea (100.000 euro). Aiara turismo helmuga gisa sustatzeko hainbat ekintza diseinatu eta gauzatzea (zuzeneko publizitatea, familiarizazio bidaiak agentziekin eta komunikabideekin, ekitaldiak, kanpaina digitalak …).
Txakolinaren ibilbidea (200.000 euro). Turismo produktua hobeto ezagutzeko eta merkaturatzeko ekintzak, teknologia berriak kontuan hartuta, eta bisitariak erakartzeko jarduerak eta ekitaldiak antolatzea, hala nola kontzertuak, jarduerak eta abar.
-
Artisautzako ibilbide gastronomikoa (150.000 euro). Aiaran artisau eran egindako gaztaren eta beste km.0 produktu batzuen (hestebeteak, odolkiak, boilurra, likoreak, etab.) balioa nabarmenduko duen eskaintza turistikoa antolatzea. Horren barruan sartuko dira zabalkunde ekintzak eta turismo produktuak sortzeko azterlana.
-
Museoen sarea (100.000 euros). Museo sare bat eta museo eskaintza integratu bat egituratzea, hedapen tresnen bidez (sare sozialak, tour birtualak webgunean, bideoak) eta gaikako ekitaldiak eta jardunaldiak antolatuz.
-
• Dorretxeen ibilbidea (50.000 euro). Aiarako dorretxeen ibilbidea prestatzea, eskualdeko udalerrietan eraikitzen diren mota horretako eraikin historiko ugarietatik abiatuta: inbentarioa, balioa ematea eta zabalkundea.
-
Kexaako monumentu multzoa (330.000 euro). Kexaako Monumentu Multzoari bisiten eta jarduera osagarrien eskaintza ematea, gune hori tokiko historiari lotutako baliabide turistiko gisa garatu eta sendotzeko.
-
• Ekitaldi bereziak (50.000 euro). • Eskualdeko baliabide turistiko nagusiekin lotutako ekitaldi bereziak antolatzea
-
• Marka turistikoa (20.000 euro). Eskualdea bereiziko duen eta bisitariek ezagutu ahal izango duten marka turistiko propioa diseinatzea eta abian jartzea, aldez aurretik konpetentzia diagnostikatu eta aztertu ondoren. Komunikazio plan bat sartuta du.