Arabako Artxiboak eta LP Fotógrafos estudioak azken horren argazki funtsaren dohaintza ziurtatu dute - prentsa
Arabako Artxiboak eta LP Fotógrafos estudioak azken horren argazki funtsaren dohaintza ziurtatu dute
- Arabako Artxiboak agiri guztiak aztertu ditu eta haietan esku hartzeko jarduketa plan bat egin du
- Argazkiek Arabako hiriburuko 1985 eta 2019 bitarteko gizarte, ekonomia, kultura eta kirol bizitza islatzen dute, baita haren hazkundea eta arkitektura aldaketak ere


Gasteiz, 2021eko abenduaren 7a. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Pedro Elorza eta Luis Montoya “L&P Fotógrafos” estudioaren ordezkariek duela hilabete batzuk iragarri zen argazki funtsaren dohaintza ziurtatu dute, kontratua sinatzearen bidez.
“Urte hauetan egindako lana eskertu behar da, batez ere lan horrek Probintzia Artxiboa bezalako erakunde batean irautea erabaki izana, hark zainduko eta jendearen eskura jarriko baitu”, adierazi du Del Valek.
Gasteizko “LP Fotógrafos” estudioaren jabetzako argazki artxiboa da, eta Gasteizen kultura, erlijio, arte, festa, kirol, ekonomia eta gizarte arloetan izandako gertaera garrantzitsuenak biltzen dituzten milioi bat argazki jasotzen ditu, bai eta Arabako hiriburuan 1985etik 2019ra bitartean gertatutako hazkundea eta arkitektura aldaketak ere.
Paperezko koloretako materiala, negatibo polikromoak, diapositibak eta CDtan bildutako formatu digitaleko irudiak daude bilduman, eta Arabako Artxiboak lehendik dauzkan gainerako funts eta bildumak osatuko ditu eta Foru Aldundiaren ondarearen osagai bihurtuko da.
Funtsak 500.000 euroko balioa du, eta bilduma behar bezala zenbakituta eta kontserbazio egoera oso onean dago.
Abenduan sinatu da kontratua, baina dohaintza iragarri zen hilabeteetan, Probintzia Artxiboak sakon aztertu du agiri sorta handi hori eta hari dagokion jarduketa plana egin du. Aldundiaren Agiritegi Zerbitzuak argazki funtsa jendearen eskura ipiniko du ikerkuntza helburuekin, eta haren kopiak egitea eta zabaltzea baimenduko du, betiere emaileen izenak adieraziz gero.