Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak lehenengo sektorean lehiakortasuna eta berrikuntza indartzearen aldeko apustua egin du - prentsa
Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak lehenengo sektorean lehiakortasuna eta berrikuntza indartzearen aldeko apustua egin du
Sailaren aurrekontua 61,4 milioi eurokoa da, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei laguntzeko aparteko partida bat eta laboreak dibertsifikatzeko eta trantsizio ekologikorako laguntza lerro berriak jasotzen ditu
Barredok iragarri du komunitate eraldaketatarako sei bulego jarriko direla abian, komunitate energetikoen eta autokontsumoaren onurei buruz herritarrei informazioa emateko, haiek sentsibilizatzeko eta informazio hori haien artean zabaltzeko
Gasteiz, 2023ko azaroaren 21a. Foru Aldundiak lehenengo sektoreko lehiakortasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustua indartuko du, enplegua eta laboreen errentagarritasuna hobetzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatuak gaur goizean azaldu dituen helburuetarik bat, sailaren ardatz izango diren jarduera lerro nagusiak aurkeztean. Sailaren aurrekontua 61,4 milioi eurokoa da, hau da, Foru Aldundiaren aurrekontu osoaren ia % 9.
Foru diputatuak azaldu duenez, "lehiakortasuna indartzeko laguntza programak aurreikusi dira, eta haien artean nabarmentzekoak dira 7,4 milioi euro nekazaritza politikak eta landa garapenerako politikak laguntzeko; milioi bat euro Arabako mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea sustatzeko; 3,3 milioi euro batez ere nekazaritza ustiategiak, makinak eta instalazioak modernizatzeko inbertsioetarako; 2,2 milioi euro abeltzaintza sektorea babesteko eta suspertzeko, eta 700.000 euro nekazari berriak sustatzeko".
Horri dagokionez, laboreen dibertsifikazioa ere bultzatuko da 300.000 euroko laguntza plan berri baten bidez; 200.000 euro gorde dira olibondoak landatzea sustatzeko, beste 100.000 euro ez-zurgaien laborantza alternatibo berriak sustatzeko, eta 350.000 euro gorde dira hazitarako patata berreskuratzeko.
Era berean, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei laguntzeko 667.000 euroko aparteko partida bat sartu da erantzuteko "klima egoera kaltegarriei edo hainbat gorabeherei. Ezein autonomia erkidegok ez du eman laguntzarik Arabako Foru Aldundiak eman duen bezala, ez eta Arabako Foru Aldundiak eman dituen diru baliabideak ere, eta horrek erakusten du zer nolako konpromisoa duen erakundeak sektorean lan egiten duten pertsonekin", azaldu du Barredok.
Klima aldaketa testuinguru izanda, eta beharrezkoa den trantsizio energetikoa oinarri, ezinbestekoa da ureztatzea uraren kudeaketa eraginkorrarekin, eta, horregatik, hura hobetzeko eta mantentzeko, 2,2 milioi euro bideratuko dira.
Ildo beretik, 3,4 milioi euro bideratu dira mendiak eta larreak kudeatzeko, baso suteak prebenitzeko eta baso jarduerak egiteko. Amaia Barredok azaldu duenez, "gure mendi publiko eta pribatuetako baso eta abeltzaintza kudeaketa da baso suteak prebenitzeko tresna erabakigarria. Kudeaketa hori sustatzeko, Foru Aldundiak betidanik ezarri ditu errendimendu ekonomikoa eta mendiak babestea bateragarriak izateko jarduera neurriak eta laguntza planak. Errealitate horren jakitun, Nekazaritza Sailak baso eta larreak mantentzera eta haien kudeaketara bideratutako funtsak ere % 17 handitu ditu 2023. urtearekin alderatuta."
Arlo horretan, udalei zuzendutako 200.000 euroko laguntza bat sartu da, suteak prebenitzeko planak egiteko, eta 50.000 eurokoa proiektu berri baterako, halako moldez non ahalbidetuko baitu lurraldeko basoek karbono hustutegi gisa duten gaitasuna neurtu ahal izatea eta, etorkizunean, kudeaketaren hobekuntza txertatzea karbono merkatuaren barruan.
"Beste helburuetako bat da belaunaldien arteko erreleboa eta emakume nekazarien ahalduntzea bultzatzea, giza garapena eta ustiategietako bizi baldintzen hobekuntza sustatuta. Horretarako, 709.000 euro bideratuko ditugu ekintzaile berrientzat eta 70.000 euro belaunaldi erreleboa sustatzeko". Lan eremu horiek ere azpimarratu du Barredok. Halaber, hau nabarmendu du: "nekazari gazteen mugimendua bultzatzea, sektorea gaztetzeko politiketan lan egiteko eta lehenengo sektorearen jarraipena bermatzeko, bai eta Arabako familia nekazaritza Europako gazte sareetan ikusarazteko ere".
Foru diputatuak nekazaritzaren digitalizazioarekin lotutako ekimenak aipatu ditu, hau da, berrikuntzarekin lotutako proiektuak Smart Farming tresnak erabiliz, eta haietan inbertitzea milioi bat euro baino gehiago da.
Mahastizaintza eta ardogintza sektoreak beste lan ardatz bat du "lurraldea mahastizaintza eta ardogintzako bikaintasun eskualde bihurtzeko", nabarmendu du foru arduradunak. Barietate tradizionalak berreskuratzea, mahasti nabarmenak mantentzea eta Arabako ardoen sustapena eta posizionamendua dira aurreikusitako ekintzetako batzuk.
Jasangarritasuna eta natura ingurunea
"Klima aldaketari aurre egiteko Araba berde eta erresiliente batean aurrera egitea, ingurumena behar bezala aktiboki babestuz eta ekimen publiko eta pribatuekin lankidetza estuan" da beste jarduera eremu bat, zeinetarako 40,4 milioi euro bideratu baitira, Amaia Barredok esan duenez.
Ekintza klimatikoak eta trantsizio energetikoak Araban energia berriztagarrien azpiegiturak garatzeko proiektuak finkatzen jarraitzen dute, baita energia berriztagarria ekoizteko eta trantsizio justurako laguntzak ezartzeko ere. Helburu horrekin, energia komunitateak eta autokontsumoa bultzatu nahi dira, komunitate eraldaketarako sei bulego abian jarriz, horrelako ekimenen onurei buruz herritarrei informazioa emateko, haiek sentsibilizatzeko eta informazio hori haien artean zabaltzeko.
Aurrekontuan ingurumen jasangarritasunaren eta klima aldaketaren arloan jasotako jarduera guztiek 9,1 milioi euroko zenbatekoa izango dute, hau da, aurreko urtearen aldean % 24 gehiago.
Bestalde, Urban Life Klima proiektuak aurrera jarraitzen du, mugikortasun jasangarria sustatzeko esku hartzeekin, Zadorrako bide berdean bizikleta aparkaleku berria sortuta, Nerbioi ibaiaren arroan degradatutako eremuak berreskuratuta edo Legaireko pagadiaren erresilientzia aztertuta, besteak beste.
Araztegiak eta azpiegitura hidraulikoak
Uraren ziklo integrala da aurrekontuko beste arloetako bat, eta horretarako 7,2 milioi euro inguru inbertituko dira arazketan, saneamenduan eta horniduran. URAren bitartez, "Manzanos, Armiñón eta Estavilloko arazketa sistema berriei eta Zuia eta Urkabustaizko hornidura irtenbideari ekiteko beharrezkoak diren lanak abian jartzeko eta lurzoruak eta obrak kudeatzeko konponbideetan lankidetzan aritzea aurreikusi da, bai eta jarduerak aurten bertan hasi ahal izatea ere", aurreratu du Barredok. Horri dagokionez, honako hau gaineratu du: "Urbide indartzen lagunduko dugu Arabako lurraldeko ziklo integralaren kudeaketa mankomunaturako, eta 300.000 euroko laguntza lerro berri bat ezarriko dugu ur partzuergoentzat eta ura kudeatzen duten erakundeentzat, hornidurarako eta saneamendurako, kontrolerako eta urez hornitzeko hobekuntzak edo instalazio berriak dakartzaten inbertsioetarako".
Aurreikusitako obren artean, honako hauek nabarmendu behar dira, hornidurari dagokionez: Aguraingo sistemaren goiko sarea berritzea (Zirauntza iturburua); Sobrongo sistemaren goiko sarea; Amurriotik Izoriako EUArako hartuneak; edo lehen mailako sarea hobetzea Larrinbe, Berganza eta Berganzagoitirako. Saneamenduari dagokionez, foru diputatuak adierazi duenez, "Dulantziko arazketa arazoa konpontzeko proiektuak hasiko dira, bai eta zenbait herrigune araztegiekin lotzeko proiektuak ere, hala nola Arabako herrigunea Zuiako HUArekin lotzeko proiektuak, Ametzagaren bidez".
Ekonomia zirkularra izango da sailaren ahaleginen jomuga hondakinen arloko helburuak lortzea ahalbidetuko duten beharrezko azpiegiturak indartzeko. "Lurraldean bioegonkortzearen eta errefusaren balorizaziorako hondakin lantegi berriak eraikitzeko beharrezkoak diren oinarrizko proiektuak eta ingurumena legeztatzeko dokumentuak idazten amaituko dugu; Gasteizko etorkizuneko konpostaje lantegirako eta Guardiako Garbigunerako obrak lizitatuko ditugu", zehaztu du saileko arduradunak. Eremu horretan kokatzen da organikoen gaikako bilketa eta Konpostaraba sarea finkatzea.
Biodibertsitatea eta azpiegitura berdeak klima aldaketara egokitzeko berme gisa kudeatzeari dagokionez, 3,47 milioi euro esleitu dira zenbait proiektutarako, hala nola aparkalekuak, bidezidorrak eta babeslekuak hobetzeko eta natura ingurunearen kontserbazioa kudeatzeko. Era berean, partidak bideratu dira ibilbide berdeak eta haien luzera handitzeko, Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatzaritza paisaiak berreskuratzeko eta Vasco Navarrori garrantzia emateko edo Landan aparkaleku berri bat eraikitzeko.
Amaia Barredok sailaren osaera berria zehaztu du, zeinaren helburua hau baita: "kudeaketan efizientzia eta eraginkortasuna hobetzea, administrazio azkartasun handiagoa emanez eta bertan lan egiten duten pertsonak espezializatuz". Alde batetik, Nekazaritza Zuzendaritza, zeinari lau zerbitzu atxikitzen baitzaizkio: Abeltzaintza Zerbitzua, Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzua, eta Nekazaritzako eta Ingurumeneko Idazkaritza Teknikoko Zerbitzu berria. Eta bestetik, Natura Ingurunearen Zuzendaritza, zeina zerbitzu hauek osatuko baitute: Natura Ondarearen Zerbitzua, Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua eta Foru Basozaintzaren Zerbitzu berria.