Gizarte zerbitzuak | 2022 08 03

Diputatu nagusiak Ajuria foru egoitzaren lan profesionala eskertu du, egoitzak aitorpena jaso baitu bertako erizaintzako taldeagatik

Erizaintzako Kontseilu Nagusiak Arabako egoitza publikoa izen oneneko hamar zentroen Estatuko zerrendan sartu du

Gasteiz, 2022ko abuztuaren 3a. Ramiro González Arabako diputatu nagusia adinekoentzako Ajuria foru egoitzan egon da gaur goizean. Izan ere, Erizainen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren aitorpena jaso du hilabete honetan, eta, haren arabera, 2021ean erizaintza talde onena izan duen Estatuko egoitza zentroetako bat da. Diputatu nagusiak egoitzako plantillari bere aintzatespena helarazi nahi izan dio, “ongi egiteagatik eta sari hau estatu-mailan lortzeak ekarri duen merezimenduagatik”.

Ramiro González, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua lagun zuela, egoitzako zuzendaritzarekin eta erizain taldearekin elkartu da, eta han eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza guztietan ematen den arretaren eredua azaldu diote. Egoitzako instalazioak ikusi ditu, bai eta egin dituzten hobekuntza obretako batzuk ere, hala nola egoitzako bi modulutako areto komunak berriki handitu ondoren sortutako espazio berriak.

“Ajuria egoitzan, foru-zentroak eraberritzeko eta modernizatzeko planaren barruan obrak egiten ari gara, eta Next Generation-EU Europako funtsen baliabide garrantzitsuak izango dituzte”. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “Arabako Foru Aldundiak Europako funtsetan lortutako guztiaren gainetik, foru-egoitzak hobetzeko erabiliko da gehiena”.

Ajuria zentro publikoa da, Gasteizen dago eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) mendekoa da. 106 plaza ditu mendeko adinekoentzat, eta eguneko zentroko beste 35 plaza.

Egoitzako arduradunek uztailaren 7an Madrilen jaso zuten Erizaintzako Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren aitorpena. Hain zuzen, kontseilu horrek erizaintzako laguntzan eta kudeaketan ospe handiena duten 10 zentro soziosanitarioen Estatuko zerrendan sartu du Ajuria. Estatu osoko erizaintzako 2.800 profesional inguruk eta 250 kudeatzailek lagundu zuten, beren botoekin, Ospe Sanitarioko Monitorearen (MRS) zerrenda egiten.

Elkargoen kontseiluak beren balorazioa emanez parte hartu duten erizainen iritzia kontuan hartuta Estatuko egoitza zentro onenentzat jo dituen egoitza zentroen profesionaltasuna eta bikaintasuna aitortu zituen sari horiekin.

Gizarte zerbitzuak Diputatu nagusia Foru Aldundia

Nota de prensa

Jaitsi