Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna | 2023 03 17

Larrialdietarako Arabako Funtsa aktibatu dute, Siriari, Kameruni eta Ruandari laguntza humanitarioa emateko

Foru Aldundiak  eta Gasteizko Udalak 146.986 € bideratuko dituzte larrialdi humanitarioei erantzuteko proiektuetara

Gasteiz, 2023ko martxoaren 17a.Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Larrialdietarako Arabako Funtseko (LAF) 146.986 euro bideratuko dituzte Siria, Kamerun eta Ruandako larrialdi humanitarioei aurre egiteko 4 proiektutara. Siriaren kasuan, otsailean erregistratutako lurrikaren ondorioz; Turkiari ere eragin zioten horiek. Eta, beste bi herrialdeen kasuan, horietan erregistratutako indarkeria armatuko egoeraren eta biztanleria zibilaren desplazamenduaren ondorioz.
    
LAFek 50.000 € bideratuko ditu UNICEFen Espainiako Batzordeak Siriarako aurkeztutako proiektura. Lurrikarek kaltetutako biztanleen artean oinarrizko nutrizio-beharrak asetzea eta uraren bidez kutsa daitezkeen gaixotasunak prebenitzea du helburu proiektuak; horretarako, horiek eskuratzea erraztuko du, eta saneamendu eta higiene egokiak eskainiko ditu. Proiektu honen bidez 5,4 milioi pertsonarengana iristea espero da; horietatik 2,6 milioi haurrak dira.

Bestetik, lurrikaren biktima siriarrei funtseko beste 14.986 euro bideratzea onartu dute Udalak eta Aldundiak. Kasu honetan, Iraken babestu diren ehun bat familiari bideratuko zaie laguntza; Emigrad@s sin Fronterasen laguntza humanitarioko proiektu baten parte dira familia horiek.

Kamerunen kasuan, Larrialdietarako Arabako Funtsak 52.000 euro bideratuko ditu Nazioarteko Elkartasuna elkarteak eta Afrika Miniaturan Elkarte Soziokulturalak aurkeztutako eskaerara; indarkeria armatuaren ondorioz Souzara mugitutako biztanleria zibila artatzeko erabiliko dute diru hori. 2.000 pertsona baino zertxobait gehiagori elikagaiak, lehen sorospenerako materiala eta oinarrizko higiene-produktuak eskaintzea dute helburu.

Azkenik, Arabako Médicus Mundik 30.000 euro jasoko ditu Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gatazka armatuen ondorioz Ruandako mendebaldeko probintziara lekualdatutako biztanleria zibila artatzeko proiektu baterako. Ruvabu herrian bizi diren 100 familiarentzat elikagai sortak eta premiazko beste produktu batzuk erosteko erabiliko dute diru hori.

Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi