Gizarea arreta-ereduari esker, psikofarmako gutxiago kontsumitzen dute egoiliarrek, eta profesionalen eta senideen ongizatea hobetzen da - prentsa
Gizarea arreta-ereduari esker, psikofarmako gutxiago kontsumitzen dute egoiliarrek, eta profesionalen eta senideen ongizatea hobetzen da
Emilio Sola foru diputatuak harremanetan oinarritutako arreta-eredu berriaren proiektu pilotuaren emaitzak aurkeztu ditu. Foru Aldundiak adinekoentzako egoitzetan bultzatzen du eredu hori

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 15a. “Emaitzak oso onak izan dira, eta horrek bultzatzen gaitu eredua beste egoitza batzuetan ere ezartzera”. Hala adierazi du Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, adineko pertsonentzako Lakuako foru egoitzan egin den esperientzia pilotuaren emaitzen aurkezpenean. Egoitza horretan, Arabako Foru Aldundiak bultzatzen duen Gizarea arreta-eredua ezarri da, harremanak oinarri dituena.
Pilotajearen ondorioak hiru eremutan biltzen dira. Hala, egoiliarrei dagokienez, ikusten da bizi-kalitatearen zeharkako adierazle batzuk hobetu direla, hala nola hauskortasun maila, eta bereziki psikofarmakoen beharra gutxitu dela. Familietan, ongizate emozional handiagoa eta ospitaleratutako senideek jasotzen dituzten zaintzekiko gogobetetze handiagoa nabaritzen dira. Eta, profesional taldean, nabarmena da laneko estresaren eta presioaren sentsazioa murrizten dela, eta ongizate emozionalaren sentsazioa areagotzen dela.
Emaitzak 2021eko urritik joan den ekainera arte Lakuako modulu batean egindako lanaren ondorio dira. Modulu horretan, 85 urteko batez besteko adina eta profil psikogeriatrikoa duten 23 pertsona bizi dira, mendekotasun indize altuak, hauskortasun aurreratua eta dementzia larria dituztenak.
Gizarea arreta-eredua, Emilio Solak adierazi duenez, “pertsonarengan oinarritutako arretatik harantzago doa, profesionalen, senideen eta egoiliarren arteko harremanetan oinarritua egoteko”. Lehenengo urratsa, dementzia aurreratua duten eta “beren desioak eta beharrak adierazi ezin dituzten” pertsonei zuzenduta dago, eta hartan Gizareak lortu nahi du “familiak gehiago inplikatzea zainketetan, profesionalen inplikazio emozional handiagoa, eta erabiltzaileen, langileen eta familien ongizatea hobetzea”.
Prozesua profesionalak eta senideak prestatuz hasi zen, bereizirik baina batez ere elkarrekin, eta horrek “alderdi berritzailea dakar berekin”. Kasu honetan, “prestakuntzak lortu du beste harreman mota batzuk sustatzea, askoz hurbilagoak, afektiboagoak eta enpatikoagoak”.
Aurkezpenean, foru diputatuarekin izan dira Marta Cerezo, egoitzako erizaina, eta Rocío Martínez Villar, senideetako bat, zeinek beren esperientzia lehen pertsonan azaldu baitute, bai eta Iñaki Artaza ere, Gizarte Politiken Saileko Berrikuntzaren, Kudeaketa Sistemen eta Ebaluazioaren zuzendaria, adierazleetako batzuk zehaztu dituena.
Farmako gutxiago, hauskortasun txikiagoa
Hala, hasieratik eta bereziki familien ustez, ikusten da jokabide-sintomatologia gutxitu egin dela, eta psikofarmakoen erabilera (antidepresiboak, antsiolitikoak, hipnotikoak eta neuroleptikoak) asko murriztu dela, behar baldin baziren, eta ekainean baieztaturik gertatu da murrizketa hori, farmako horien pauta txikiagoa izan baita. Era horretan, farmako horien dosiak murriztu edo erabat kendu dira pertsonen % 54rentzat. Era berean, hauskortasun indizea murriztu da, hau da, bizi-pronostikoa, hauskortasun aurreratutik hauskortasun moderatura pasatu baita.
Familiek zaintzekiko duten gogobetetze-maila 26,8 puntutik 29 puntura igo da (gehienekoa 30 puntu izanik) eta, haien ongizate emozionalari dagokionez, areagotu dira emozio positiboak eta gutxitu dira negatiboak, baita bakardade-sentsazioa ere.
Estresa eta laneko presioa gutxitzea
Gizarea eredua ezarri ondoren, aldea nabarmena da zentroko langileentzat. Laneko estresaren indizea ehuneko 12 puntuz murriztu da, eta haren larritasuna, berriz, ehuneko 15 puntuz. Laneko presioaren indizea 13 puntu jaitsi da, eta haren larritasuna 21 puntu baino gehiago jaitsi da. Ongizate emozionalari dagokionez, puntuazio orokorra 7,4tik 7,88ra igaro da (gehienekoa 10 izanik). Nabarmentzekoak dira lanarekin konprometituta egotearen eta lanaren esanahiaren sentsazioa eta, bereziki, sortutako emozio positiboak.
“Datu hauek erakusten dute proiektu bat oso serioa egiten ari garela, eta uste dugu ibilbide luzea egingo duela gure egoitzetan, eta profesionalen eta senideen bizi-kalitatea hobetzen duela. Eta harremanak eraikitzeak eta hobetzeak egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen duela dirudi, bereziki farmakoen beharrizanaren aldetik”, laburbildu du Emilio Solak.
Emaitza horien ondorioz, Foru Aldundiak Gizarea eredua garatzen jarraituko du, haren alderdi eta baliabide guztietan. Gizarea ereduaren hurrengo urratsa, Lakuako egoitzaren barruan, barne egitura berriak sortzea da senideen eta profesionalen artean, zentroan harrera egiteko eta adineko pertsonen higieneko faseetan jarduteko.
Eredua zentro gehiagotara hedatzea
Datozen hilabeteetan, proiektu hau Lakuako bigarren moduluan eta Etxebidea (adimen-urritasun larria dutenentzat) eta Ajuria (adinekoentzat) egoitzetan ere ezarriko da. Arabarren egoitzak ere aplikatuko du eredu hau. Hartako plaza guztiak Foru Aldundiarekin itunduak izango dira eta laster irekitzekoa da. Era berean, egoitza pribatuetan eredu hau ezagutzeko interesa piztu da: Murgiako Sortzez Garbiaren kasua da, laster Gizareari buruzko prestakuntza hasiko baitu.
Azkenik, Emilio Sola diputatuak nabarmendu du eredu honek komunitate zientifikoan piztu duen interesa. EAEn eta Espainia guztian alzheimerrari eta geriatria eta gerontologiari buruz egin diren azken batzarretan aurkeztu da, baita ere Madrilgo Erkidegoak eta Reina Sofia Fundazioak alzheimerrari eta beste dementzia batzuei buruz antolatutako sinposioan. Atzo bertan, UPV/EHUren udako ikastaroetan azaldu zen, eta data jarrita dago UNEDen Gizarte Berrikuntzako Katedran, Fuenlabradan, aurkezteko. Halaber, Next-Care, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa eskualdeko Bizitza-luzeraren Berrikuntzako Euro Poloa izeneko topaketak jardunbide egoki gisa nabarmendu zuen.
Gainera, hil honen 28tik aurrera, Medikuntza Geriatrikoko Europako Elkartea - EuGMSk Londresen egingo duen batzarrean aurkeztuko da, Gizarea ereduaren ezarpenari buruzko bi komunikazio zientifiko onartu baitira batzar horretan.