Nekazaritza | 2023 01 25

Arabako Errioxako ardoak Bizkaian sustatzeko ‘Topa Araba’ programaren lehenengo edizioak 2.400 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu

Sustatzaileek, Vital Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak, bederatzi jarduera ibiltari antolatu dituzte hainbat herritan, hala nola Bilbon, Lekeition, Zornotzan, Gernikan, Santurtzin eta Getxon 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilak 25.  ‘Topa Araba’ Vital Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxako ardoaren balioa azpimarratzeko Bizkaian abian jarritako ekimenak amaiera eman dio lehenengo edizioari – 2022ko udaberrian abiarazi zen –, eta bederatzi sustapen-ekintza egin dira Bizkaiko hainbat herritan. Ostalaritza-sektoreari eta, oro har, publikoari zuzendutako programaren bidez, 2.400 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte erakusketetan, dastatzeetan, haurrentzako jolas-gunean, baita ardoaren escape room batean ere, besteak beste, Bilbon, Lekeition, Zornotzan, Gernikan, Santurtzin edo Getxon. 

Arabako ardoekin lotutako sustapen-ekintza ibiltari horiek, joan den urtean zehar – bederatzi aste, bederatzi espaziotan –, publiko desberdinentzako jarduerak proposatu dituzte elkarrekin, eta, beraz, ekitaldi kultural eta enologiko bateratu handia izan dira.

Vital Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak, ABRAren laguntzarekin, sustatutako ekimenak ardoen ohiko sustapenari buelta bat eman nahi izan dio, eta mezua zabaltzeko helburuz, aisialdirako eta entretenimendurako guneak sortzea aukeratu du. Horrela, publiko-aukerak zabaldu dira: promozio bila ibili beharrean esperientzia bila dabiltzan heldu gazteak, jadanik produktua ezagutzen duen publiko edo ardoaren munduari lotutako ostalaritzako profesionalak eta familiak. Era berean, Euskadi osoko kontsumitzaileek eta sukaldariek nahiz jatetxe-jabeek Arabako Errioxako ardoak eurenak direla eta ondare gastronomikoaren ezinbesteko atal direla sentiaraztea izan du helburua.

Jon Urresti Vital Fundazioetako presidenteak nabarmendu duenez, “lehenengo edizio honen arrakastaren gakoa gure ahaleginak Arabako ardoen kontsumo leiala sortzera bideratzea izan da. Publiko guztietara bideratutako ekintza parte-hartzaileak eta ludikoak eskaintzearen aldeko apustua egin dugu, kontsumitzaileek beraiek bultza dezaten Arabako Errioxako ardoaren eskaria, ardoaren ezaugarri apartak ezagutu eta baloratu ondoren”.

Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak ekimenaren eta bere emaitzen balioa azpimarratu du. “Arabako Errioxako ardoa Bizkaira hurbiltzeko beste urrats bat eman dugu. Hurbileneko jendeari produktu bikaina erakusteko beste modu bat, dastaketetatik haratago doazen ekintzen bidez eta erantzun bikaina izan dute jardunaldi guztietan. Lanean jarraituko dugu gure inguruan Arabako Errioxako ardoak ezagutu, baloratu eta haien alde egin dezaten”, adierazi du.
Guztira, 12 upeltegitako 36 ardo dastatu dira, eta bakoitzak hiru ardo ekarri ditu: Don Balbino, Loli Casado, Félix Ibáñez eta Córdoba Martínez (Lapuebla de Labarca); Eguren Ugarte eta García de Olano (Paganos); Cándido Besa eta Araico (Eskuernaga); Landaluce eta Casa Primicia (Laguardia); Mendieta Osaba Wines (Lantziego); eta Mitarte (Bastida). 

Bost gune ibiltari

Helburua lortzeko, ‘Topa Araba’ ekimenak bost gune ezberdin eraman ditu Bilboko Santutxu, Alde Zaharra, Zabalgune eta Indautxu auzoetara, Lekeitiora, Zornotzara, Gernikara, Santurtzira eta Getxora: informazio gunea, erakusketa, haurrentzako gunea, escape room, eta ostalaritza sektorerako dibulgazio dastaketak. Guztira 2.400 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.

Informazio gunetik 550 pertsona igaro ziren, eta kanpaina nahiz jarduerak azaldu eta liburuxkak, Topa Ibilbidearen mapak eta opariak banatu zitzaizkien.

Ekitaldi bakoitzaren ardatz nagusia erakusketa-gunea izan da. Gune horretan, artearen, tradizioaren eta produktuaren arteko fusioa bilatzen zen. Tamaina handiko kupula garden batean, erakargarriena mahatsondo baten eskultura erraldoi bat zen, ‘Topa Araba’ ekimenerako berariaz diseinatua eta sortua. Bere inguruan, kolore more eta berdeko bolek mahatsaren bilketa simulatzen zuten eta egurrezko kaxekin, upelekin edo material organikoz apaindutako beste elementu batzuekin osatutako egituretan ardoak zeuden ikusgai.

Haurrentzako gunea elementu osagarri izateko planteatu zen, familiek ‘Topa Araba’ ekimeneko esperientziez gozatzeko aukera izan zezaten, haurrek ere ondo pasatzen zuten bitartean. Estilo tradizionaleko zurezko 15 jolasez osatutako gunea izan da, ardogintzarekin zerikusia dute eta ekimen horretarako berariaz sortu dira. 1.100 pertsona igaro ziren bertatik.

Kanpainaren nobedade nagusia ‘Wine Mystery' jarduerak ekarri zuen, ardoa maite dutenentzako escape room bat. Arabako ardoa jokoaren eta ikerketaren bidez ezagutzeko aukera ematen zuen jarduera ludikoa. Agertokia abandonatutako upategi bat zen, eta haren inguruan misteriozko istorio bat sortu zen. Istorio bakarra zen, ekoizpen eremuekin eta Arabako produktuekin lotutako pisten eta enigmen bitartez, espazio horretarako berariaz sortua, eta 260 pertsona igaro ziren bertatik.

Ekintza horiekin guztiekin batera ‘Topa Jarduerak’ ere egin ziren, Arabako Errioxako ardoen dastaketak enologo adituen eskutik, eta hainbat dastatze expres. 500 parte-hartzailetik gora izan zuten jarduera horiek.

Ostalaritza-sektoreari arreta berezia eman zaio, profesionalei zuzendutako dibulgazio-dastatzeen bitartez, Arabako Errioxako ardoaren kontsumoa sustatzeko berariaz diseinatuak, batez ere bertako produktua sustatuz. 

Nekazaritza Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi