Foru garraioak marka historikoa ezarri du 2025ean 2 7 milioi bidaiarirekin - arabapress
Foru garraioak marka historikoa ezarri du 2025ean, 2,7 milioi bidaiarirekin
Eskaria % 11 hazi da 2024ko datuekin alderatuta
Jon Nogales: "Hazkunde horrek erakusten du Arabako herritarrek garraio publikoaren alde egiten dutela beren beharrei erantzuten dien eskaintza bat eta prezio erakargarriak jartzen dizkiegunean eskura"

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 4a. – Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren lineen bidez emandako foru garraioaren zerbitzu publikoak guztira 2.697.149 bidaiari izan zituen 2025ean, hau da, % 11ko hazkundea 2024ko urteko balantzearekin alderatuta. Kopuru hori eskariaren errekor historikoa da.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak datu horiek eman ditu gaur Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, eta pozik dagoela adierazi du, datu horiek agerian uzten dutelako foru garraioak "gora egiten jarraitzen duela, eta ibilgailu partikularraren ordezko bitarteko gisa finkatzen dela ikastera joateko, lanera eta beste mugikortasun premia batzuetarako".
"Azkenaldian, bidaiari kopuruaren hazkunde progresibo eta etengabea ikusten ari gara, eta hori argiago ikusten da denbora fokua irekitzen badugu: igoera % 63koa izan da azken hiru urteetan, eta % 130ekoa hamarkada batean, 2015ean 1,2 milioi bidaiari izatetik 2025ean 2,7 milioi izatera igaro baita", nabarmendu du.
Goranzko bilakaera horrek adierazten duenez, "herritarrek garraio publikoaren alde egiten dute beren mugikortasun beharrak asetzen dituen eskaintza bat eta prezio erakargarrien politika bat eskura jartzen ditugunean. Baina ez gara konformatzen, eta lanean ari gara Eskualdeko Garraioaren eta Alavabusen emakidak berritzeko, zerbitzuan jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat emateko".
Foru diputatuak adierazi du 2025. urtean finkatu dela, halaber, BAT txartel pertsonalizatuari lotutako deskontu progresiboko sistema, txartelaren prezioan % 67rainoko hobariak eskaintzen dituena. "7.700 arabarrek baino gehiagok erabili ohi dute txartel hori, eta horrela lortzen dituzte deskontu horiek. Milioi bat bidaia inguru ordaindu ziren iaz BAT pertsonalizatuarekin ".
Zerbitzuaren datuak
2025ean, ia 2,6 milioi arabarrek erabili zituzten Alavabusen linea erregularrak lantokira eta ikastetxera joateko, gestioak egiteko, turismoa egiteko edo beste edozein mugikortasun premia asetzeko (+%11,2); eskualdeko garraioaren kasuan, berriz, lurraldeko landagune txikiak eskualdeko herri nagusiekin lotzen dituen zerbitzuaren kasuan, erabiltzaileen kopurua 100.000 baino handiagoa izan zen lehen aldiz, zehazki 100.675 (+%6,2).
Nabarmentzekoa da eskualdeko garraioaren erabilerak hazkunde esponentziala izan duela azken hamarkadan, aldi horretan % 344ko hazkundea metatu baitu.

