Kultura | 2022 05 26

Elena López Aguirre ‘Bajando la colina. De las orquestinas a los conjuntos. Vitoria 1940-1980’ dokumentala aurkeztuko du

Ignacio Aldecoa Kultura Etxean eskainiko dute hiru kapituluen emanaldia maiatzaren 30ean eta 31n, eta ekainaren 2an

Gasteiz, 2022ko maiatzaren 26a.  Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egin dute gaur goizean ‘Bajando la colina. De las orquestinas a los conjuntos. Vitoria 1940-1980’ dokumentalaren aurkezpena. Dokumentala Elena López Aguirre kazetariak zuzendu eta Aianai Kultur Elkarteak ekoitzi du.

Prentsaurrekoan izan dira Hezkuntza eta Kultura arloetako zinegotzia, Estibaliz Canto; Kultura eta Kirol arloetako foru-diputatua, Ana del Val; dokumentala ekoitzi duen Aianai Kultur Elkarteko Pedro Espinosa; eta egilea, Elena López Aguirre.

“Eskerrak eman nahiko nizkieke Elenari eta Aianai kultur elkarteari horren baliotsua den informazioa etorkizuneko belaunaldientzat jasotzea ahalbidetuko digun lan zehatz hau egin izanagatik. Etorkizun aberasgarria eraikitzeko, beharrezkoa da iraganeko ikaskuntzak eta orainaldiak eskaintzen diguna abiapuntutzat hartzea”, azaldu du Hezkuntzako eta Kulturako zinegotziak. Horregatik animatu nahi ditut gasteiztarrak datorren astean Kultura Etxera joatera Gasteizko eta Arabako musikaren historiaren zatitxo batean barnera daitezen. Hori guztia, gainera, Elena López Aguirreren, kazetari bikain baten, eskutik egindakoa da”, gehitu du Cantok.

Bestalde, Del Val diputatuak aipatu duenez, “Foru Aldundiaren helburu nagusiak dira gure historia eta kultur ondarea sustatzea, zaintzea eta gordetzea, ondare arkeologikoa, arkitektonikoa edo, oraingo kasuan bezalaxe, historikoa dokumentatzea, osatzea eta hedatzea eta, gainera, ikus-entzunezko formatuan. Izan ere, honen moduko lanek nondik gatozen azaltzen digute eta testuingurua finkatzen dute nora goazen askoz ere hobeto ulertu ahal izateko. Ondorioz, balio kalkulaezina duen lana dela esan dezakegu eta, zalantzarik gabe, horretarako tokirik egokienean eskainiko da: kultura guztien etxean” gehitu du.

Dokumentala hiru kapitulutan egituratuta dago eta haietako bakoitzak ordu eta erdiko iraupena du. 40ko hamarkadatik hasi eta 70eko hamarkadaren amaierara arte herrietan, plazetan, dantzalekuetan eta diskoteketan jo zuten musikarien historia biltzen du gertu-gertutik azalduta. 70eko hamarkadaren amaieran, zuzeneko musikaren zikloa amaitu eta musikariak diskoekin ordezkatu zituzten.

Egileak garai hartako protagonistei eta musikariei 50 elkarrizketa egin dizkie. Lana osatzeko, hilda dauden pertsonen senideen testigantzak jaso ditu egileak.

Lanaren lehen zatian, Los 2 Álava pailazoen hirukote ospetsuko Casto Guzman biolin-jotzailearen, eta honako musikari hauen ibilbideak sakondu ditu: Pedro Alarcia, Luis Lacalle, Jesus Bengoa, Carlos Gracia, Jose Mari Gamarra, Cosme Fuentes, Chelis Onaindia, Pepe Fuentes, Ioni Díaz de Arcaya, López de Luzuriaga anaiak, Zubia anaiak eta Alegria anaiak.

Dokumentalaren bigarren zatian, egileak 60ko hamarkadako talde gehienak elkarrizketatu ditu. Haiek izan ziren, nolabait, saxo eta tronpetekin osatutako orkestrak haien gitarra elektrikoen orroarekin baztertu zituztenak. Une hartan, munduak beste itzuli bat eman zuen eta gazteriak bere eskubideak aldarrikatu zituen. Aster, Benar’s, Omicron, Junker’s, Pájaros Azules, Green River, Warning Sabath, The Wodman, Formis… Eta honako hauen inguruko erreferentziak ere gehitu dituzte: Amets, Los Gatos, Josetxu Alfaro, Ricardo Urrutia, Alberto eta Nando de la Casa, eta lehen gaztetxea.

Zuzendariak gehitu duenez, “lan lasaia, umila, pretentsiorik gabea da hau. Ehuneko ehunean lan globala da, landa-lanez betetakoa, antropologiaren eta kazetaritzaren artekoa, eta halaxe ulertu behar dugu: protagonista izan ziren haientzako benetako oparia eta gazteei abisua emateko bitartekoa da, mundua haiekin hasi zela pentsatzen baitute beti”.

Gasteiztarrek Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza jaso duen lan zorrotz honez gozatzeko aukera izango dute maiatzaren 30 eta 31n, eta ekainaren 2an, 17:00etan, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Sarrera librea izango da tokia bete arte.

Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi