Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak ukrainerazko liburu funts handi bat eskuratu du - arabapress
Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak ukrainerazko liburu funts handi bat eskuratu du
Funtsa 180 liburuk osatzen dute, Ucrania-Euskadi Elkarteak laga du eta udan aurkeztu zen haurrentzako funtsa osatzen du
Horrekin batera, Ukrainako gerrari buruz Diego Herrerak egindako argazki erakusketa bat eta hitzaldi bat antolatu dira



Gasteiz, 2024ko urriaren 14a. Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak hainbat hizkuntzatako liburuen eskaintza zabalduko du gaurtik aurrera, ukrainerazko 180 liburuko funts bat eskuratu baitu. Funts horren bidez, herritarrek hizkuntza horretan eskuragarri duten bilduma nabarmen handitu da. Ukrainarren komunitateak hainbat urte daramatza Araban, baina Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik aurrera, eta gerraren ondorioz, jatorri horretako herritar gehiago etorri da.
Ucrania-Euskadi Elkarteak laga du liburu funtsa, eta uztailean harreran haurrak zituzten familien eskura jarritako haurrentzako 80 liburu baino gehiagoko bildumari batuko zaizkie liburu horiek.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak aurkeztu du gaur, Oksana Khoroshykh Ucrania-Euskadi Elkartearen ordezkariarekin batera, inauguraziora eta funts bibliografikoa dohaintzan emateko antolatu diren jardueretara bertaratu diren beste pertsona entzutetsu batzuk ere han zirela.
Batetik, Diego Herreraren "Documentar la Guerra de Ucrania" hitzaldia izan da —hizlaria bera ere inaugurazioan egon da—, eta hitzaldi horrekin hasiera eman zaio Astelehenetako hitzaldien zikloari.
Bestetik, argazki erakusketa bat ere antolatu da, egile berarena, "Ukraina, Europako azken gerra" izenekoa. Kultura etxean egongo da ikusgai, azaroaren 30era arte. 45 argazkiren bidez, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren herrialde horretako gerraren lehen urte eta erdia dokumentatu da, fotokazetari baten ikuspegitik.
Diego Herrera Carcedo argazkilari independentea da, Espainia, Grezia, Serbia, Moldavia, Bosnia, Armenia eta Ukrainako gizarte gaietan zentratua. "Ukraina, Europako azken gerra" proiektuari esker, Kazetaritzako Espainiako Erregearen Nazioarteko Saria irabazi zuen, argazkigintzaren kategorian, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren ondoriozko gatazkaren "prekarietatea eta heriotza ezin hobeki islatzeagatik". Iberoamerikako saririk prestigiotsuenetako bat da, eta askotariko arazoetan biktima direnei ahotsa ematen dien ikerketa kazetaritza ausart, partaidetzazko eta berritzailea aitortzen du.
"Gai honekiko sentiberatasuna dugunez, Araban dauden ukrainarren eskura jarri dugu liburu bilduma bat beren hizkuntzan; hain zuzen, elkarteak Aldundiaren esku utzi du, eta Aldundiak katalogatu eta toki nabarmen bat eman dio liburutegian. Lagapen eskuzabala izan da, eta hura katalogatzeko elkartearen laguntza behar izan dugu, testuak alfabeto zirilikoan daudelako, eta horrek lankidetza zoragarria ekarri du. Horretaz jabetuta, eta dohaintza aprobetxatuz, arabarrei Ukrainaren eta ukrainarren egoera hurbilagotik ezagutzeko aukera eman nahi izan diegu konferentziaren eta erakusketaren bidez", adierazi du Del Valek.
Gainera, Kultura Saileko diputatuak nabarmendu nahi izan duenez, "kultura etxeko liburutegi publikoan lanean jarraitzen dugu etengabe, bizilekua Araban ezarri duten edo behin-behinean Araban bizi diren migratuen integrazioa eta bizikidetza sustatzeko. Ukrainerazko liburuen bilduma honek hainbat hizkuntzatako gure eskaintza osatzen du, eta horrekin kulturaren eta arautu gabeko hezkuntzaren esparrutik gizarte integratuagoa, informatuagoa eta solidarioagoa sustatu nahi dugu".

