Foru Aldundia | 2025 12 03

"Ipuinak Lorategi Magikotik" eta "Gaztelua Ispiluan Zehar", Gaztefilm Fest 2025 film luzeen irabazle handiak

Haur epaimahaiak, bertaratutako ikusleekin batera, zinema sormen-, hezkuntza- eta eraldaketa-tresna gisa berriz ere balioesten duen edizio baten palmaresa iragarri du

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 3a. GazteFilm Fest-eko haur epaimahaiak azaroaren 21etik 30era bitartean egindako zortzigarren edizioko palmares ofiziala ezagutarazi du. Hamar egunetan proiekzioak eta jarduerak egin ondoren, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek osatutako haur epaimahaiak eta ikasleek 2025eko obra nabarmenenak aukeratu dituzte, jaialdia definitzen duen partaidetza espiritua berretsiz.

Zinhezbak eta Kalakalabek antolatzen dute jaialdia, eta Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, besteak beste.

Hainbat egunetan proiekzioak, lantegiak eta jarduerak egin ondoren, jaialdia amaitzeko bere palmares ofiziala iragarri da, haur epaimahaiek eta ikusleek aukeratua.

6-8 urteko epaimahaiak film labur onenaren saria (+6) Elena Walfen A Pain in the Butt [Der Stachel im Po] filmari eman dio (2024, Kroazia/Alemania). Elkarrizketarik gabeko pieza hori film laburraren umoreagatik, erritmoagatik eta energiagatik nabarmendu da, bai eta publiko gazteenarekin konektatzeko izan duen gaitasunagatik ere.

9 eta 12 urte bitarteko epaimahaiak film labur onenaren saria (+9) Rémi Durinen Moineaux filmari eman dio (2024, Frantzia), eta bereziki baloratu du kontakizunaren sentsibilitatea, kalitate estetikoa eta gaiaren sakontasuna.

Film luzeen kategorian, haur epaimahaiak film luzeenaren saria (+6) David Súkup eta Patrik Pašš-en Ipuinak Lorategi Magikotik [Pohádky po babicce] filmari eman dio (2025). Haurrek beren istorioen aberastasuna eta film luzearen protagonista diren familiako kideen arteko harremana azpimarratu dute, "zirraragarritzat eta hurbilekotzat" jo baitzuten.

Film luze onenaren saria (+9) Keiichi Hararen Gaztelua Ispiluan Zehar [Kagami no Kojö] filmarentzat izan da (2022, Japonia), eta epaimahai nagusiak "mezuaren sakontasuna eta istorioaren sendotasuna" nabarmendu ditu. Fantasiazko unibertsoa eta manga inspirazioko estetika ere funtsezko elementuak izan dira hautaketan. 

Film luze onenaren publikoaren saria (+6), eskola saioetara bertaratutako ikasleek bozkatu dutena, Julia Lemke-ren Niño de circo [Zirkuskind] filmarentzat izan da (2025, Alemania). Eskoletako saioetara joandako ikus-entzuleek gehien bozkatu duten filma izan da, eta haiek ematen dute sari hori. Desagertzen ari den mundu bati buruzko dokumental bat da, protagonistaren ahotsean lehen pertsonan kontatua.

Cine Hecho por Niñes (CHXN) atalean, irabazlea Camara ETCren L'Autre Planète izan da (2025, Belgika). Hala, Cine hecho por Niñes (CHXN) proiektuak berriro erakutsi du haurren ahalmen sortzailea lan kolektibo horrekin. Saiora joandako ikus-entzuleak arduratu dira atal horretako film labur onena aukeratzeaz. 

Gaztefilm Festek, zortzigarren edizioaren amaieran, publiko gazteenaren aparteko erantzuna izan du, urtez urte bere sentsibilitatea, jakin-mina eta irizpide zinematografikoa erakusten baititu. Horrela, Gaztefilmek kalitatezko nazioarteko programazioarekin, ikus-entzunezko hezkuntzarekin eta haurren eta gazteen parte hartze aktiboarekin duen konpromisoa berretsi du jaialdiaren esparru guztietan, sorkuntzatik hasi eta erabakiak hartu arte.

Argibide gehiago: www.gaztefilmfest.com 


 

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi