Kultura | 2025 09 03

Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak jardueraz betetako programazioa aurkeztu du 2025-2026 ikasturterako

Irakurketa klubak, ondarearen astearteak, etorkizuneko erronkak, hitzaldiak, haurrentzako jarduerak eta +55 Elkartegiak izango dira datorren kultura ikasturteko ekitaldi nabarmenenak

+55 Elkartegien ikastaroetarako izena emateko epea irailaren 9an irekiko da; IDAZKI sormenezko idazketa eta irakurketarako tailerrean izena emateko, berriz, irailaren 8an

Gasteiz, 2025eko abuztuaren 3a. Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak 2025-2026 ikasturterako programazio osoa eman du ezagutzera. Adin guztietako jendearentzako askotariko proposamenak jasotzen ditu: literatura, musika, poesia, ondareari eta ingurumenari buruzko hitzaldiak eta hainbat prestakuntza jarduera.

Irakurketa klubak

Aurten, helduentzako hamar irakurketa klub eskainiko dira, eta berrikuntza handiak datoz: euskarazko klubek presentzia handiagoa izango dute, literatura klasikoko klub berri bat izango da, talde bat larunbatetan elkartuko da eta literatura erromantikoko klubean linean parte hartzeko aukera egongo da. Saioak urrian hasiko dira, eta ez da beharrezkoa aurretiaz izena ematea. Izenburuei eta egutegiei buruzko argibide guztiak Kultura Etxearen webgunean daude eskuragarri. https://kulturaetxea.araba.eus/eu/irakurketa-klubak

Haurrentzako programazioan bi irakurketa klub daude: bata euskaraz (11-13 urte) eta bestea gaztelaniaz (8-10 urte); biak ostiraletan izango dira, eta aldez aurretik izena eman behar da. Gainera, irakurketa errazeko klubei eutsiko zaie, gizarte elkarte eta entitateekin lankidetzan. https://kulturaetxea.araba.eus/eu/liburutegi-irisgarria

Lantegiak eta ikastaroak

Proposamenen artean, hauek dira nabarmentzekoak:

• LParen klubaren hirugarren edizioa. Rockaren eta soularen kulturan funtsezkoak diren 14 disko aztertuko dira, hilean bi ostiraletan, urritik apirilera bitartean. Sarrera doan. https://kulturaetxea.araba.eus/eu/lpko-kluba

• Hitzordua poesiarekin zikloak 20 urte beteko ditu, eta 9 topaketa poetiko eskainiko ditu, urritik maiatzera bitartean. Ostiraletan izango da, 19:00etan. Sarrera doan, tokiak bete arte

• IDAZKI sormenezko idazketa eta irakurketarako tailerra astean behin egingo da oraingoan ere, ostegunetan. Izena eman behar da, irailaren 8tik aurrera, aurrez aurre edo webgunearen bidez. https://kulturaetxea.araba.eus/eu/jarduerak/idazki

+55 Elkartegiak 55 urtetik gorakoentzako programa soziokulturalean 10 ikastaro eskainiko dira Gasteizen, urritik abendura bitartean, eta izen emateak irailaren 9tik aurrera egin ahalko dira.Arabako kuadrilla eta udalerrietan ere hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dira. https://kulturaetxea.araba.eus/eu/55elkartegiak/ikastaroak

Hitzaldiak eta erakusketak

Kultura Etxeak garrantzi handiko zikloak izango ditu, besteak beste:

• Donemiliagako nabarraren milagarren urteurrena; sei hitzaldi izango dira eta zenbait unibertsitatetako espezialistek hartuko dute parte, dokumentuarekin eta haren testuinguruarekin lotutako alderdi historikoak, linguistikoak eta arkeologikoak lantzeko.Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak eta Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuak antolatu dute hitzaldi ziklo hori, Euskal Herriko Unibertsitateko Erdi Aroaren Historia Sailarekin lankidetzan, eta dokumentuaren milagarren urteurrenaren harira antolatutako kultura programaren barruan dago.

• Martiodako Faunaren Suspertegiaren 50. urteurrena. Hitzaldi ziklo bat eskainiko da azaroan, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin batera.

• Ondarearen astearteak (Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuarekin) eta Etorkizuneko erronkak (Landazuri Sozietatearekin) zikloen edizio berriak izango dira, bai eta Astelehenetako hitzaldiak zikloarenak ere: proposatuko diren zenbait gairi buruzko hitzaldi lasai eta doakoak, urritik maiatzera bitartean. https://kulturaetxea.araba.eus/eu/hitzaldiak/ondarearen-astearteak https://kulturaetxea.araba.eus/eu/hitzaldiak/etorkizuneko-erronkak

• Era berean, Aldecoaren mendeurreneko ospakizunek aurrera jarraitzen dute, "Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria" erakusketarekin, eta udazken honetan beste hitzaldi eta zineforum saio batzuk izango dira, gure idazle nagusiaren irudian sakontzen jarraitzeko.

Gainera, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak hiriko kultura ekitaldiekin lankidetzan jarraituko du irailean, hala nola Arabako Antzinako Musika Astearekin eta Magialdiarekin. Ikasturtean zehar, proposamen gehiago gehituko zaizkio, eta haiei buruzko informazio guztia emango da Kultura Etxearen web agendan, eta urtean zehar beste hauek ere programatuko dira: liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, ikasle eta helduentzako bisita gidatuak, erakusketak eta jende ororentzako gainerako kultura jarduerak.

Kultura

Documento

Jaitsi