| 2024 04 03

Foru Kontratazioen Zentralak pelletak batera erostea sustatu nahi du

  • Lizitaziora aterako du modu jasangarrian lortutako baso biomasaren hornidura
  • Aldundia eta toki erakundeak pellet galdarak instalatzen ari dira pixkanaka

Gasteiz, 2024ko apirilaren 3a.- Foru Kontratazioen Zentralak, Arabako beste erakunde batzuekin batera, pelletak batera erostea sustatu nahi du, azken urteotan Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko toki erakundeen eraikinetan instalatutako baso biomasaren galdarak elikatzeko. Gasolio galdara zaharren ordez jartzen ari dira galdara horiek, energia berriztagarrien erabileran aurrera egiteko eta berotegi efektuko gasen emisioa murrizteko.

Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saila, zeinak Foru Kontratazioen Zentrala kudeatzen baitu, lanean ari da urtean 300 tona inguru pelletez hornitzeko lizitaziorako agiriak prestatzen, Arabako Foru Aldundiaren, Gazteriaren Foru Erakundearen, Arabako Errioxako Kuadrillaren eta hainbat udalen parte hartzearekin.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzalezek azaldu duenez, Arabako Foru Aldundia eta Arabako toki erakundeak "pellet galdara berriak instalatzen ari gara, gasolio galdara zaharren ordez jartzeko, energia berriztagarrien erabileran eta energia eraginkortasunean aurrera egiteko, eta, horrela, CO2 emisioak murrizten laguntzeko eta planeta berotzearen aurka borrokatzeko".

"Baso biomasako galdarak pixkanaka instalatzearen ondorioz, urtean 300 tona pellet inguru kontsumitzen ditugu, eta, beraz, komeni da erregai hori batera erostea, prezio hobeak lortzeko. Horrekin, gainera, ikusgarritasuna eman nahi diegu energia berriztagarrien iturriei, Arabako beste toki erakunde batzuek bideari jarraitu ahal izan diezaioten", azaldu du.  

Erosketa bateratu horren bidez lorturiko pelleta erabiliko da, besteak beste, Guardiako Enologia Laborategian, Zerbitzuen Foru Parkean eta Martiodako Faunaren Suspertegian (Arabako Foru Aldundia) instalatutako galdarak elikatzeko, bai eta Barriako aterpetxea (Gazteriaren Foru Erakundea), Arabako Errioxako Kuadrillako zenbait etxebizitza eta kiroldegiko galdarak eta Burgeluko udaletxe zaharra elikatzeko ere (Burgeluko Udala).

Kontsumo garrantzitsuena Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu parketik etorriko da, non pellet galdara berri bat instalatzen ari baitira, espazio horretan kokatutako zerbitzu eta instalazioetako berokuntza eta ur bero sanitarioko sistemari energia emateko. Proiektu honek 530.000 euroko inbertsioa du, eta pelleta biltegiratzeko silo bat barne hartzen du, 60 tonako edukierakoa.

Baterako erosketa honen agirian ezarriko da A1 motako 300 tona egur pellet inguruz hornitzea urtean, % 100 zerrauts hutsez egina, PEFC edo FSC ziurtagiria duen baso kudeaketa jasangarriko jardunbidearen bidez, errekuntzan isuri kaltegarriak sor ditzakeen hondakinik edo gehigarririk gabe. Era berean, gutxieneko errauts portzentaje batekin oso eraginkorra den errekuntza ziurtatu beharko du. 

Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak 2017an jarri zuen abian Foru Kontratazioen Zentrala, hornigai eta zerbitzu prezio hobeak lortzeko, baliabide publikoak efizientzia handiagoz kudeatzeko eta administrazio prozesuak sinplifikatzeko. Zentralak elektrizitatearen eta gas naturalaren kontratuak lizitatzearekin hasi zuen bere ibilbidea, eta ordutik gora egin du kontratazio eta eskaintza bolumenak. 

Ondoren, gasolioa eta bulego materiala batera erostera zabaldu zuen bere jarduera, eta orain pelletez hornitzera iritsi da.

Prentsa oharra

Jaitsi