Gizarte Politikak | 2025 06 06

Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko sarea hobetuko du aurten, berehalako arretarako beste zentro bat martxan jarriz eta egonaldi ertainetarako baliabideak birkokatuz

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta emateko baliabideetarako aurtengo aurrekontua % 26 handiagoa da

Gasteiz, 2025eko ekainaren 6a.Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko sarea hobetuko du aurten, berehalako arretarako bigarren zentro bat martxan jarriz eta egonaldi ertaineko baliabideak berrantolatuz. Guztira, lau familia unitate gehiagorentzako baliabideak sortuko ditu.

Gizarte Politiken Sailak 4,4 milioi euro bideratuko ditu aurten emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta emateko; iaz baino 926.000 euro gehiago, alegia, % 26 gehiago. Indarkeria matxistaren biktimentzako Arabako egoitza harrerako baliabideen sarea ezaugarri ezberdinak dituzten zentroek osatzen dute.

Zentro horiek hezkuntza eta gizarte arloko esku hartzeak eta esku hartze psikosozialak egiten dituzte, eta laguntza soziala ematen diete biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei. Ekipamendu motetako bat egonaldi ertainetarako harrerako egoitza zentroak (Carme) dira. Zentro horietan arreta integral berezitua eta egonaldi ertaineko ostatua ematen zaie indarkeria matxistaren ondorioz elkarbizitza gatazka larriak dauzkaten eta osotasun fisikoa arriskuan izan dezaketen emakumeei; izan ere, babesgabetasun egoeran egoten dira, bai emakumeak, bai haien seme-alabak edo menpeko pertsonak.

Une honetan, Carme zentroak sei familia unitaterentzako lekua du, bi kokaleku desberdinetan, eta aurtengo helburua da baliabide horiek leku berean batzea eta plaza kopuru bera izaten jarraitzea. Berehalako harrera zentroak egonaldi laburretarako baliabideak dira.

Eguneko 24 orduetan egoten dira irekita urteko egun guztietan, eta indarkeria matxistaren biktimak hartzen dituzte berehala, eta baliabide egokienera bideratu aurretik dituzten beharrak baloratzeko beharrezkoa den denboran egoten dira bertan. Gaur egun, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak berehalako harrera zentro bat du eta zortzi familia unitateri ematen die arreta.

Egonaldi ertaineko zentro gisa erabiltzen den etxebizitza bat libre geratuko dela aprobetxatuz, berehalako arretako bigarren zentro bat martxan jartzea aurreikusten da, beste lau familia unitate gehiagoren arreta premiei zerbitzua emateko.

Gizarte Politikak Foru Administrazioa Berria