| 2024 04 03

Aldundiak 2025eko foru-aurrekontuetan parte izan daitezkeen proiektuak bidaltzeko epea ireki du

  • Apirilaren 26ra arte, arabarrek lurralderako ekimenak proposatu ahal izango dituzte, aurrekontu parte-hartzaileen hirugarren edizioaren testuinguruan

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilak 3. Arabako Foru Aldundiak dagoeneko aurrekontu parte-hartzaileen hirugarren edizioa ireki du. Apirilaren 26ra arte, arabar guztiek proposamenak egiteko aukera izango dute, 2025eko foru-aurrekontuen parte izan daitezen. Horrela, erakundeak bere funtsezko proiektuetako bati jarraipena ematen dio, herritarrek eta gizarteak Araba etorkizunean eraikitzeko prozesuan parte hartzeko aukerak zabalduaz.

Arabako Aurrekontu parte-hartzaileak demokrazia parte-hartzailerako tresna dira, zuzenekoa eta deliberaziozkoa, eta horren bitartez herritarrek politika publikoen diseinuan, erabakian, betearazpenean eta jarraipenean parte har dezakete. Tresna honek, Lurraldearen eta Kuadrillen behar eta lehentasun nagusiak ezartzeko orduan arabarren partaidetza zuzena bilatzeaz gain, Foru Aldundiaren urteko aurrekontuan gizarte-babes handiagoa biltzen duten premiak sartu nahi ditu, eta lortutako konpromisoen jarraipena egin.

Gainera, gogoeta aktiboa eta elkartasuna sustatzen laguntzen dute. Izan ere, 16 urtetik gorako arabar guztiek, premia kolektiboetan sakontzeko eta gainerako herritarrek planteatzen dituzten arazoak eta eskaerak ezagutzeko eta horiei buruz hitz egiteko aukera dute. Honela, berrikuntza parte-hartzailerako tresnatzat hartzeaz gain, herritarrak behatzaile huts izatetik Lurraldean gertatzen denaren protagonista aktibo izatera igarotzen diren espazio bat sortzen du, kudeaketa publikorako funtsezko pieza izanik.

2022. eta 2023. urteetan, hurrenez hurren, garatutako bi partaidetza-prozesuetan izandako arrakasta ikusita, eta kontuan hartuta prozesuek izan duten balorazio positiboak etorkizunean ere jarraituko dutela aurreikusten duela, Foru Gobernu Kontseiluak Arabako Lurralde Historikoko partaidetza-aurrekontuak egiteko partaidetza-ereduaren gida praktiko bat onartu du. Gida horretan, laburki eta erraz azaltzen dira "Arabako aurrekontu parte-hartzaileak" izenekoen oinarriak eta alderdi garrantzitsuenak.

Hala ere, partaidetza-zikloaren lehen fasearen arabera, zehazki plangintzari eta hedapenari buruzkoa, beharrezkoa da prozesua osatzen duten 7 faseetako bakoitzari dagozkion datak eta epeak jasoko dituen egutegia onartzea. Egutegi hori Euskara eta Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak egin du, hausnarketa egokia egin ondoren eta aurreko bi partaidetza-prozesuetan lortutako esperientzian oinarrituta, eta Gobernu Irekiaren Atariaren bidez zabaldu beharko da, prozesu parte-hartzailearen datak eta epeak ezagutarazteko.

Iaz bezala, ia hilabete batez, Araban erroldatutako pertsona guztiek, hiriburukoek barne, interesgarritzat jotzen dituzten proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte lurraldeko lekuren batean. Hori bai, ondoren kuadrilla batean erroldatuta dauden pertsonek kuadrilla horretako proiektu finalistei bakarrik eman ahal izango diete botoa, eta Gasteizko herritarrek ez dute boto-eskubiderik izango. Hori guztia ahalik eta proposamen erakargarri gehien jasotzeko helburuarekin, baina betiere proiektua gauzatuko litzatekeen lekuan bizi diren pertsonen esku subiranotasuna utzita.

Nork aurkez dezake?

16 urtetik gorako edozein pertsona, baldin eta Araban erroldatuta badago. Arabako Lurralde Historikoan eratutako edozein erakunde, nortasun juridikoa duena (elkarteak edo kolektiboak) eta lan-eremua Araba duena.

Nork eman dezake botoa?

Araban erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsona, Gasteizen erroldatuta daudenak izan ezik.

Zer proposamen mota aurkez daitezke?

Legezko egintza direnak eta Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoak direnak.

· Zehatzak izan beharko dute, xedea eta helburua argi utzita.

· Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu beharko dute, eta inoiz ez dute eragingo gastua handitzea Arabako foru-administrazioak aurretik garatu dituen ekimenetan.

Nola?

Proposamena helbide honetan aurkeztuta: irekia.araba.eus, Vitoria-Gasteizko Erregistro Orokorraren bulegoan edo Laudion, edo Arabako Lurralde Historikoko edozein udaletako sarrera-erregistroan.

FASEAK

2024ko apirilaren 26ra arte

Proposamenak jasotzea

Maiatzaren 24a

Jasotako proposamenak argitaratzea

2024ko maiatzaren 27tik uztailaren 19ra

Gaian eskumenak dituzten foru-sailek balorazio teknikoa/ekonomikoa egingo dute.

2024ko irailaren 20a

Bozkatu beharreko proiektuen behin betiko zerrenda argitaratzea.

2024ko urriaren 1etik azaroaren 8ra

Bozketa-fasea.

Orain arte onartutako bost proiektu

Aurrekontu parte-hartzaileen lehen edizioan (2022), bi proiektu sartu ziren Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuetan. Alde batetik, zenbait inbertsio Laudioko Lamuza parkearen inguruan, eta, bestetik, oinezkoentzako pasabide bat egitea A1 errepidean, Agurain parean.

Iaz, ordea, hiru proiektu aurreratu ziren: Bernedoko gaztelua egonkortzea, Berganzoko Uraren Green Ibilbidea egiteko proiektua, eta Lapuebla de Labarcan errota bat zaharberritzea.

Aurrekontu partehartzaileak

Prentsa oharra

Jaitsi