Ingurumena | 2022 11 25

Foru Aldundiak Vasco-Navarro trenbidearen bide berdearen antzinako trazaduratik berreskuratutako zatia ireki du, Urbina parean

Vasco-Navarro trenbide zaharraren bide berdeak 61 kilometro ditu Gipuzkoatik Nafarroaraino, eta Arabako 9 udalerri eta 21 herrigune zeharkatzen ditu

Gasteiz, 2022ko azaroaren 25a. Foru Aldundiak amaitu ditu Vasco-Navarro trenbidearen antzinako trazadura eta bide berdea berreskuratzeko lanak Urbinan eta zabalik dago dagoeneko.  Oinezkoen eta bizikleten joan-etorrietarako egokitu dute 440 metroko zatia. Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuaren ustez, “hobekuntza garrantzitsua da; izan ere, ibilbide horrek erabilera intentsitate handia du, Gasteiztik gertu dagoelako, eta, esku hartze honi esker, seguruagoa izango da, eta, aldi berean, bidearen egoera eta ibilgarritasuna hobeak izango dira, eta bidearen ingurunearekiko edozein interferentzia saihestuko da”.

Vasco-Navarro trenbide zaharraren bide berdearen orain arteko trazadurak, Urbina parean, ez zuen jarraitzen trenbideak hasieran zuen ibilbidea. Orain arteko ibilbideak herria zeharkatzen zuen, eta herrigunean sartzen zen, aldapa oso handi baten ondoren. Horren ondorioz, txirrindulariak abiaduran sartzen ziren Urbinan, eta horrek arriskuan jartzen zuen zirkulazioa, bai oinezkoena, bai ibilgailuena.

Egoera hori konpontzeko, Foru Aldundiak trenbidearen jatorrizko trazadura berreskuratu du, udalerriaren gainetik igarotzen dena, eta bide berde gisa egokitu du. Esku hartzearen aurrekontua 169.197,56 euro izan da (BEZa barne).

Vasco-Navarro trenbide zaharraren bide berdeak 61 kilometro ditu Gipuzkoatik Nafarroaraino, eta Arabako 9 udalerri eta 21 herrigune zeharkatzen ditu. Trazadura horrek, urtez urte, geroz eta bisitari gehiago ditu; horietatik % 40 oinezkoak dira eta % 60 txirrindulariak. Aurten, zehazki, 248.910 lagun paseatu dira ibilbideetakoren batean.

Bide hori ibilbide berezi bat egin nahi duten ibiltari eta txirrindularientzako bide bihurtu da, paisaia aldakor eta ederrak, landagune xarmagarriak eta Arabako Natura 2000 Sareko naturagune babestuak zeharkatzen baititu. Gainera, Vasco-Navarro bide berdeak lurraldeko herriguneak lotzen ditu, eta bizikletaz edota oinez modu jasangarrian mugitzea ahalbidetzen du.

Ingurumena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi