Foru Aldundiak "Meatzearen Eguna" ospatuko du maiatzaren 18an, igandean, asfalto naturalen ondarearen berri zabaltzeko - prentsa
Foru Aldundiak "Meatzearen Eguna" ospatuko du maiatzaren 18an, igandean, asfalto naturalen ondarearen berri zabaltzeko
Programak barnean hartzen ditu Lucia meategira bisitak, dastatze eta guzti; dibulgazio hitzaldiak, eta Atauri eta Antoñana arteko ibilaldi iruzkinduak
Doako autobusak jarriko dira Gasteiztik hara joateko
Cristina González: "Asfalto naturaleko meatze paisaiak ezagutzera eman nahi ditugu, eta altxor kultural eta natural hau Arabako Mendialdeko baliabide eragile bihurtu, helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa finkatzeko"


Gasteiz, 2025eko maiatzaren 9a. Arabako Foru Aldundiak "Meatzearen Eguna" ospatuko du datorren igandean, maiatzaren 18an, eta Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien zabalkunderako eta arabarrei eta bisitariei ezagutzera emateko jarduera programa oso eta erakargarria prestatu du. Programak barnean hartzen ditu Lucia meategira bisitak, tokiko produktuen dastatze eta guzti; dibulgazio hitzaldiak, eta Atauri eta Antoñana arteko ibilaldi iruzkinduak.
Era berean, eta herritarrei jarduera horiez gozatzeko joan-etorriak errazteko, doako autobusak jarriko dira Gasteiztik Ataurira eta kontrako norabidean.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak gaur aurkeztu du, prentsaurrekoan, jardunaldi berezi hori, Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatze paisaiak eskualdeko baliabide turistiko gisa balioesteko Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako proiektu zabalago baten barruan. Aurkezpenean izan da Arantza Cordero Lucia meategiko gidaria ere.
Cristina Gonzálezek azaldu duenez, Atauri Arabako herri txikian dago Lucia meategia, eta han egingo da asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentroa. Herri hori izango da, halaber, "Meatzearen Egunaren" epizentroa; "jarduera programa oso eta erakargarria izango da, XIX. mendearen azken herenaren eta XX. mendearen hasieraren artean eskualdearen motorra izan zen industria, kultura eta natura ondare baliotsu hori berreskuratzeko eta balioesteko".
"Ekimen hau turismo estrategia baten parte da, eta estrategia horren ardatza da gure aisialdi eskaintza dibertsifikatzea eta turismoaren onurak modu orekatuan banatzea enpleguari eta aberastasunari dagokienez Arabako eskualde guztietan. Lucia meategiaren eta asfalto naturaleko meatze paisaien berri zabaltzea nahi dugu, eta altxor hori Arabako Mendialdeko baliabide eragile bihurtu, Araba helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa finkatzeko", erantsi du.
Programa osoa
"Meatzearen Egunaren" programak Lucia meategirako doako bisita gidatu oso bereziak eskainiko ditu, 10:30ean, 11:45ean eta 13:00etan. Esperientziaren berezitasuna da bisitan "dastatzeak" ere izango direla, hau da, ibilbidearen hainbat tokitan eskualdeko establezimenduek Arabako Mendialdeko bertako produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dela:
-
Altxor beltza. Suso odolosteak, etxeko ukitu bereziarekin (Los Roturos jatetxea).
-
Txistorra bagoneta (Izki jatetxea, eta Kanpezuko harakinen txistorraz eta Orbisoko boilurrez egina).
-
Gaztaina ogia, gazta, ezti eta intxaurrekin (inguruko Mendialdeko ogia irin naturalekin egina, Arluzeko eta Done Bikendi Haraneko gaztak eta Atauriko basoko ezti krematsua).
-
Txokolatezko asfalto naturaleko txirbilak dituen bizkotxoa (Mendialdeko ogia).
-
Mendiko brindiak Ibañez Bujanda ardoarekin
Lucia meategia ez da bakarrik egongo oraingo honetan Arabako Mendialdeko meatzaritzaren historia kontatzeko; izan ere, Atauriko asfalto naturaleko aztarnategi enblematikora bisita "dastatzedunak" egiteaz gain, bertaratutakoek iraganeko hainbat alderdi sakondu ahal izango dituzte zabalkunderako hiru hitzaldiren bidez. Hitzaldi horiek ustiategi zaharraren sarreraren ondoan egingo dira, ordu hauetan:
-
"El entorno de los asfaltos naturales. Fauna y flora testigos de esta historia", 10:40an, Javier López de Luzuriagaren eskutik (Natouring Turismo). Arabako Mendialdeko aztarnategietako natura inguruneko fauna eta flora ezagutuko ditugu, baita bertako altxorra ere: Izkiko Parke Naturala.
-
‘Pasado minero de Montaña Alavesa. Nuestro tesoro negro’", 11:50ean, Mikel Ruiz eta Ruth Ibisate Atauriko herritarren eskutik. Eskualdeko meatzaritzaren iraganaren historia emakumeen ahotsetik ezagutzeko hitzaldia, eskualdeko bertako jendeak kontatuta.
-
"Minero por un día", 13:10ean, Arantza Cordero gidariaren eskutik. Murgiltze esperientzia horrek, narrazio artistikoaren bidez, asfalto naturaletik bizi izan ziren gizon eta emakumeen egunerokotasunean murgilduko ditu bertaratuak; meategiko laneko ohiturak ezagutzeko aukera emango du, eta meatzaritza memoria berreskuratuko du emozioetatik abiatuta.
Programa osatzeko, Atauri eta Antoñana artean bi ibilaldi iruzkindu egingo dira, bost kilometrokoak, desnibel txikikoak eta ordubete inguru iraungo dutenak. Ibilaldi horiek Atauriko Jasokundearen elizaren ataritik abiatuko dira, eta aukera emango dute antzinako Vasco-Navarro trenbidearen sekretuak, berriki zaharberritutako Atauriko geltokiaren arkitektura eta asfalto naturaleko meatze paisaien etorkizuneko interpretazio zentroa ezagutzeko eta natura inguruneaz gozatzeko.
Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak doako autobusak jarriko ditu herritarren eskura, guztiek "Meatzearen Eguna" goza dezaten. Lehenengo autobusa 09:30ean irtengo da Goya gasolindegitik, eta 10:05ean iritsiko da Ataurira. Bigarren autobusa toki beretik abiatuko da, 11:00etan, eta Ataurira 11:35ean iritsiko da.
Itzultzeko, autobusak alderantzizko ibilbidea egingo du, eta 12:45ean eta 14:30ean irtengo da Atauritik, eta Gasteizko Goya gasolindegira joango da (Atauritik irten aurretik, geldialdia egingo du Antoñanan, ibilaldi iruzkinduak egingo dituztenei zerbitzua emateko).
ADI. Autobus zerbitzua erabiltzeko eta programatutako jardueretan parte hartzeko (bisita "dastatzedunak", hitzaldiak eta ibilaldi iruzkinduak), ezinbestekoa da aurrez izena ematea 639 31 07 79 telefono zenbakian.