Gizarte zerbitzuak | 2023 05 25

Arabako Foru Aldundiak 228.300 euro emango ditu Caritasen gizarteratze programa baterako

Gizarte erakunde horren lantegi okupazionalak eta lanean hasi aurreko lantegiak lan mundurako lehen hurbilketa dira gizartetik baztertuta bizi diren 264 pertsonarentzat 

Gasteiz, 2023ko maiatzaren 25a.Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Administrazio Kontseiluak Caritasekin lankidetza hitzarmena egitea onetsi du, lurraldean gizarteratze programak garatzeko. Lankidetza horren barruan sartzen dira gizarte erakunde horren lantegi okupazionaletan eta lanean hasi aurreko lantegietan egiten diren jarduerak. Lantegi horietan, gizartean baztertuta eta egoera ahulean dauden guztira 264 pertsona hurbildu dira lehen aldiz lan mundura.

    GOFEk 1999. urteaz geroztik dihardu Caritasekin lankidetzan gizarteratze programak sustatzeko, zeinetarako guztira 228.300 euro bideratuko baititu aurten.  Lankidetza horri esker, Arabako Foru Aldundiak zerbitzu bat eskaintzen du, gizartetik baztertuta bizi diren pertsonak gizarteratzeko, banan-banako laguntza emanez helmuga gizarteratzea duen ibilbide batean. Bestalde, Caritasen jarduera egoera ahulean dagoen pertsonari laguntzean eta arreta ematean oinarritzen da, eta autonomia handiagoa izatea eta autoestimua hobetzea eragozten dioten gabeziak hautematean, bai eta egoera arintzeko esku hartze egokienak egitean ere, pertsona horri gizarteratzen laguntzeko.

Programa horretara sartzen diren pertsonak prestakuntza fase desberdinetan daude, eta, beraz, ibilbide eta premia desberdinak dituzte. Horrek gaikuntza eta prestakuntza prozesu indibidualizatua eskatzen du.

Bi erakundeen arteko lankidetza Gasteizko Abetxuku auzoko 'Vicente García Zalduendo' lantegietan Caritasek egiten duen lanean hezurmamitzen da.  Helburu hauek dituzte lantegiok: harrera, orientazioa, laguntza, laguntasuna eta lanerako prestakuntza; eta, haietan, eskulan eta koadernaketako egiteko okupazionalak egiten dira, bai eta lan arruntarekin ohitzeko trebetasunak eta gaitasunak lantzeko lantegiak ere.
    
Lankidetza horren barruan sartzen dira Gamarrako poligonoan dauden lantegietako jarduerak ere. Lanean hasi aurreko jarduerak dira, eta liburuak, jostailuak, oinetakoak eta arropa berreskuratzen dituzte.  Jarduera horiez gainera, badira nekazaritza eremuak ere, baratzeak, Gasteizen, Amurrion, Urduñan, Zuian eta Oionen.  Lanean hasi aurreko lantegi horietan, sartzen diren pertsonen banan-banako trebakuntza eta prestakuntza prozesua gauzatzen da, eta horrek balio izaten du pertsona horiek lan mundura hurbiltzen joan daitezen. 

Gizarte zerbitzuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi