Arabako Foru Aldundiak 310.810 euroko laguntza emango du gizarte zerbitzuen arloko elkarte eta fundazioak mantentzen laguntzeko - prentsa
Arabako Foru Aldundiak 310.810 euroko laguntza emango du gizarte zerbitzuen arloko elkarte eta fundazioak mantentzen laguntzeko

Gasteiz, 2023ko maiatzaren 24a. GOFE Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Administrazio Kontseiluak –Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoa da GOFE– dirulaguntzetarako deialdiak onetsi ditu gizarte zerbitzuen arloko elkarte eta fundazioentzat, haiek mantentzen laguntzeko 2023an zehar.
Deialdi honetan, zuzkidura 310.810 eurora igo da, iaz baino 17.000 euro gehiago, kontuan hartuta Esku hartze Sozialaren III. Hitzarmen Kolektiboa indarrean sartu izana eta erakundeen horniduren eta gastu orokorren prezioen igoerak.
Deialdiaren funtsezko xedea da Arabako elkarteen sarearekin lankidetzan aritzea, Arabako Lurralde Historikoan bizi diren eta gizarte zerbitzuen lehentasunezko helburu diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, eta komunitate bizitzan parte har dezaten eta guztiz integra daitezen laguntzeko.
Iaz, gizarte zerbitzuen arloan lanean diharduten guztira 35 elkarte eta fundaziok jaso zituzten laguntzak deialdi horren bidez.
GOFEk sektore horretarako beste laguntza lerro batzuen deialdiak ere egiten ditu urtero. Zehazki, laguntzak ematen ditu jardueretarako; ikastaro, jardunaldi, biltzar eta mintegiak egiteko; sozietateen lokalak birgaitu eta egokitzeko; eta jarduerak eta programak aurrera eramateko behar den ekipamendurako.