Arabako Foru Aldundiak misio teknikoa antolatu du Beneluxera, lurraldeko hogei bat nekazarirekin - arabapress
Arabako Foru Aldundiak misio teknikoa antolatu du Beneluxera, lurraldeko hogei bat nekazarirekin
Arabako Nekazaritzako foru diputatu Noemí Aguirrek parte hartuko du bidaian; Herbehereetan eta Belgikan baratzezaintzako eta balio erantsi handiko labore estentsiboetako ekoizpen eredu berritzaileak ezagutuko dituzte

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 12a. Arabako Foru Aldundiak misio teknikoa antolatu du Beneluxera, eta bertan lurraldeko hogei bat nekazarik parte hartuko dute, Arabako Nekazaritzako foru diputatu Noemí Aguirrek lagunduta.
Misioa ekainaren 15etik 17ra egingo da, Herbehereetan eta Belgikan. Bi lurralde horiek erreferente dira Europan balio erantsi handiko nekazaritzan. Nekazaritza azalera mugatua izan arren, ekoizpen eredu oso espezializatuak garatu dituzte patataren, tipularen, azenarioaren eta soroan landatutako beste barazki batzuen sektoreetan.
Bidaiaren helburua da Arabako nekazaritza sektoreari aukera ematea ustiategietara transferitu daitezkeen esperientziak, ideiak eta irtenbideak bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, sektoreak erronka garrantzitsuak ditu gaur egun: ustiategien errentagarritasuna, uraren erabilgarritasuna, ingurumen eskakizunak, fitosanitarioen eta ongarrien erabilera murriztea, belaunaldi erreleboa eta merkatuen gero eta handiagoa den aldakortasuna.
Lehen jardunaldian, taldeak AGRICO bisitatuko du Herbehereetan, patatan espezializatutako nekazaritza kooperatiba; baita HZPC ere, labore estentsiboekin lotutako kooperatiba. Bigarren jardunaldia Belgikan egingo da. Bertan, parte-hartzaileek Proefstation voor de Groenteteelt VZW zentroaren lana ezagutuko dute; ureztatzearen inguruko entseguetan espezializatuta dago, eta tantakako ureztatzearen inguruko entsegu bat ikusteko aukera izango dute. Halaber, Via Verda erakundea bisitatuko dute, patataren, barazkien, lorezaintzaren eta paisajismoaren arloko ikerketa praktikoak, erakustaldiak eta ezagutza transferentzia egiten dituena.
Noemí Aguirre misio tekniko honetan izateak agerian uzten du foru erakundeak Arabako lehen sektorearekin duen konpromisoa, bai eta ustiategien lehiakortasuna, jasangarritasuna eta egokitzeko gaitasuna hobetzen lagunduko duten erreferentzia berriak bilatzeko borondatea ere.
Misio teknikoak aukera emango die Arabako nekazariei bertatik bertara ezagutzeko teknologia aplikatuak, ureztatze sistemak, berrikuntza esperientziak, lankidetza sektorialerako formulak eta etorkizuneko Arabako lehen sektorearentzat erreferentzia izan daitezkeen antolaketa ereduak.
Ekimen honen bidez, Arabako Foru Aldundiak berretsi egiten du nekazaritza sektorea modernizatzeko, ezagutza transferitzeko eta lurraldeko ustiategiei datozen urteetako ekoizpen, ingurumen eta ekonomia erronken aurrean laguntzeko duen konpromisoa.

