Foru Aldundia | 2026 04 07

Arabako Foru Aldundiak etxebizitzari buruzko eskualdeko hitzaldi-erronda antolatu du, herritarrei abian dauden baliabide eta proiektuen berri emateko

Topaketa horiek apirilaren 15etik maiatzaren 27ra egingo dira Arabako sei kuadrillatan, eta Etxebizitza.araba.eus webgunean, etxebizitza-bulego berrian eta foru erakundeak bultzatutako eraikuntza-planetan eskura dauden laguntzak azaltzeko balioko dute

Gasteiz, 2026ko apirilaren 7a. Arabako Foru Aldundiak lurraldeko hainbat herritan etxebizitzari buruzko hitzaldi informatiboak antolatu ditu datozen asteetarako, foru erakundea arlo horretan bultzatzen ari den baliabideak, laguntzak eta proiektuak herritarrei hurbiltzeko.

Ekimena Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailaren eta Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailaren lankidetzarekin antolatu da, eta bi foru diputatuek parte hartuko dute. Arabako sei kuadrilla zeharkatuko ditu, herritarrei irekitako saioekin.

Topaketa horietan, Etxebizitza.araba.eus webgunearen bidez eskura dauden laguntzei buruzko informazio zehatza emango da, etxebizitza-bulego berria aurkeztuko da eta Arabako Foru Aldundia Arabako herrien bizitegi-beharrei erantzuteko sustatzen ari den eraikuntza-planak ezagutaraziko dira.

Hitzaldi-erronda honekin, foru erakundeak informazio erabilgarria eta hurbila eman nahi du, zalantzak argitu eta auzotarren parte-hartzea sustatu nahi du lurraldearen etorkizunerako estrategikoa den gai batean, hau da, landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeari dagokionez. Aldundiak saio horietara joateko deia egin die interesa duten guztiei, eskura dituzten baliabideak eta aurreikusitako jarduerak zuzenean ezagutzeko.

Hitzaldiak 18:00etan hasiko dira eta egun eta kokapen hauetan egingo dira:
Gorbeialdea: apirilak 15, Legutio – Ermita
Aiara: apirilak 22, Amurrio – Katekesi Aretoa
Mendialdea: maiatzaren 5ean, Maeztu – Udaletxea, Erakusketa Aretoa
Añana: maiatzaren 13an, Pobes – Gizarte Zentroa
Lautada: maiatzak 20, Agurain – Manu Yanke aretoa
Arabako Errioxa: maiatzaren 27an, Bilar – Erabilera Anitzeko Aretoa (Lantziego kalea, 2 – behea, 4)

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi