Arabako Foru Aldundiak Kongoko Errepublika Demokratikoan mehatxatutako giza eskubideen aldeko aktibista eta kazetari bat babestu du - arabapress
Arabako Foru Aldundiak Kongoko Errepublika Demokratikoan mehatxatutako giza eskubideen aldeko aktibista eta kazetari bat babestu du
Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoak laguntza ekonomikoa eman dio, talde armatuen intimidazioa dela eta beste herrialde batera erbesteratu behar izan baitu

Gasteiz, 2025eko uztailaren 31. Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoak 8.000 euroko laguntza esleitu dio Kongoko Errepublika Demokratikoko giza eskubideen arloko aktibista eta kazetari bati, Hegoaldeko Kivu eskualdean mehatxatuta eta intimidatuta baitzeukaten matxino armatuek, autodefentsa taldeek eta ihes egin duten gaizkile eta presoek. Eremu horren gaineko kontrola hartu dute, eta etengabeak dira gatazka armatuak. Arabako Alboan GKEak finantza laguntza eskatu du kazetari eta aktibistarentzat eta haren seme-alabentzat, inguruko herrialde batera erbesteratu behar izan baitute beren bizitzak babesteko.
Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoa programa berri bat da, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak aurten abian jarri duena. Mekanismo horren xedea da Arabako lankidetzarekin lotutako esku hartzeen esparruan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak modu baketsuan sustatzen eta gauzatzen dituen pertsonen eraginarekin eta babesarekin lotutako ekintzei laguntzea, banakakoa edo kolektiboa izan.
Kazetari hori emakumeen elkarte baten koordinatzailea da, zeinak funtsezko lana egiten baitu eskualdean komunikabideen sektorean emakumeen eskubideak eta genero berdintasuna sustatzeko. Gainera, giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen sareetako kide da.
Bere konpromisoaren izaera dela eta, behin baino gehiagotan intimidazioa eta heriotza mehatxuak jaso ditu giza eskubideen alde egindako lanagatik. Hala ere, 2025. urtearen hasieratik, orduan M23 talde errebelde armatuak lurraldea hartu baitzuen eta liskarrak hasi baitziren Kongoko armadarekin eta autodefentsa taldeekin, segurtasun egoerak okerrera egin du, eta mehatxuak areagotu egin dira.
Aktibistak giza eskubideen urraketa larriak salatu zituen, M23 talde armatuak aurrera egin ondoren: biztanleriaren joan-etorri masiboak, milaka hildako eta zauritu, erasoak, bortxaketak eta sakeoak. Biktimak nagusiki emakumeak eta haurrak dira.
Kazetariaren egoera are larriagoa da, Kongoko Gobernuak ere ez baitio babesa eta segurtasuna bermatzen mehatxu horien aurrean.

