Arabako Foru Aldundiak bat egin du mugikortasun jasangarria sustatzeko "30 egun bizikletan" ekimenarekin - prentsa
Arabako Foru Aldundiak bat egin du mugikortasun jasangarria sustatzeko "30 egun bizikletan" ekimenarekin
Gasteiz, 2024ko martxoaren 28a.- Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak bat egin du "30 egun bizikletan" ekimenarekin, mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatzeko. Ekimen hau nazioartekoa da, eta herritarrak animatu nahi ditu hogeita hamar egunez jarraian bizikleta eguneroko mugikortasunerako garraiobide gisa erabiltzera.
Parte hartu eta konpromiso hori hartu nahi dutenek hemen eman dezakete izena: www.30diasenbici.com.
"Arabarrak animatu nahi ditugu bizikleta erabiltzera ohiko joan-etorrietan, sinetsita gaudelako probatzen duenak errepikatu egiten duela; izan ere, bizikleta bidezko mugikortasunak bizi kalitatea hobetzen laguntzen du eta, garraio publikoarekin batera, garraiobide irisgarriena da, hau da, jasangarria, inklusiboa, ekonomikoa, sozializatzailea, osasungarria, unibertsala eta berdintasunezkoa da", azaldu du Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak.
"30 egun bizikletan" kanpaina bat da banakako aldaketa modala eragiteko mugikortasunean. Kanpaina horren bidez, ahalik eta parte hartzaile gehien konprometitu eta fidelizatu nahi dira bizikleta 30 egunez jarraian erabil dezaten apirilean eta bizikleta egunero erabiltzeko ohitura har dezaten. Aldi berean, informazio positiboko korronte bat sortu nahi du komunikabideetan eta sare sozialetan, bizikleta bidezko mugikortasun pertsonalaren onurei buruz.
Oso proposamen erraza egiten zaio parte hartzaileari: "eragin pedalei zure hiriko edozein tokitara joateko, eragin pedalei egunero, apirileko 30 egunetan –itzuli bat egin dezakezu etxadian, 20 kilometro lanera arte, edo pasealdi bat ilunabarrean, ongi datorkizun edozer–, eta partekatu zure abenturak linean".
Ekimenak Bizikletaren aldeko Hirien Sarearen bermea du, eta Arabako Foru Aldundia sare horretako kide da 2023tik. Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak entitate horri atxiki zitzaion baliabide gehiago izateko bizikletaren erabilera bultzatzeko, nahitaez egunero joan-etorriak egiteko garraiobide gisa, hau da, ikasketa eta lan zentroetara joan-etorriak egiteko garraiobide gisa.
Bizikletaren aldeko Hirien Sarera atxikitzea eta "30 egun bizikletan" ekimena Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak bizikleta garraiobide gisa bultzatzeko 2021eko abenduan onetsi zuen Bizikletaren Estrategiaren barruan kokatzen da. Horretarako funtsezko jarduketa bat dugu lurralde historikoan bizikleta bideen sare bat sortzea, Europako funtsen laguntzarekin.
Bestalde, eta Bizikletaren Estrategiaren barruan, bizikleta garraiobide gisa sustatze aldera, sailak ekimen bat abiarazi zuen 2023an, Agurainen, Murgian, Laudion, Santikurutze Kanpezun, Langraiz Okan eta Oionen jarduerak ludikoak eginez.