Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna | 2023 03 17

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak dei egiten diete Arabako familiei saharar umeak har ditzaten uda honetan

"Oporrak bakean-Vacaciones en paz" programak laguntza medikoa eta elikadura orekatua ematen die harrerako adingabeei, eta, aldi berean, kultura trukea sustatzen du Arabako eta Saharako haurren artean

Gasteiz, 2023ko martxoaren 17a. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, saharar haurrei Arabako familietan harrera emateko elkarteak (Afanis) eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzak “Oporrak bakean-Vacaciones en paz” programa aurkeztu dute gaur goizean. Erakunde antolatzaileek dei egin diete Arabako familiei Saharako kanpamentuetako umeak har ditzaten uda honetan. 

Helburua 40 adingabe ekartzea da, eta horretarako ezinbestekoa da Arabako familiek udako harrerarako konpromisoa hartzea.  Uda honetan pandemiaren aurreko normaltasuna berreskuratzea espero dute, Ainhoa Campo Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariak adierazi duenez: “Gure lurraldeko egonaldia aukera ezin hobea izango da programan parte hartzen duten haurrentzat, eta Arabako familia askok urte hauetan zehar erakutsitako eskuzabaltasunari esker da posible”.

 Programaren aurtengo edizioa aurkeztu dute elkarrekin prentsaurrekoan Ainhoa Campok, Aitor Gabilondo Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arduradunak, Estibaliz Barrio Afanis elkarteko lehendakariordeak eta Jadiyetu El Mohtar Fronte Polisarioko ordezkariak. 

Lau erakundeek lankidetza hitzarmen bat dute "Oporrak bakean" programa garatzeko, udako bi hilabeteetan familiek saharar adingabeak aldi baterako hartzea bermatzen duena. Horren bidez, sustatu nahi dute saharar herria eta Arabako Lurralde Historikoa elkarri gerturatzea, bai eta Arabako gizartea sentsibilizatzea ere. Gainera, programan parte hartzen duten neska-mutilek bi hilabetez beste errealitate batez goza dezaten ahalbidetzen du. Arabako familiekin bizi diren bitartean laguntza medikoa jasotzen dute eta elikadura orekatua dute, eta, aldi berean, kultura trukea sustatzen da Arabako eta Saharako haurren artean.

Harreran parte hartu nahi duten pertsonak harremanetan jar daitezke elkartearekin, 650 134 011 eta 665 711 947 telefonoen bidez.

Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariak gogorarazi du “Arabako Foru Aldundiak saharar herriari ematen dion etengabeko babesak, besteak beste, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako giza eskubideen sustapena eta defentsa, gazteen ahalduntzea edo Saharako ordezkaritzari eustea” dituela ardatz.

Aitor Gabilondo Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren arduradunak azaldu du Afanisek ondo ezagutzen duela kanpamentuetako familien errealitatea, eta, horregatik, gai da harrera familiei aholku egokiak emateko eta Saharako agintariei haurrak hartzeko eskatzen diren baldintzak ezartzeko. “Erakundeok, bestalde, esperientzia ilusioz bizi duten familiak egokiak izatea zaintzen dugu”. 

Afanis elkarteko lehendakariorde Estibaliz Barriok azaldu duenez, “haur horiek Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dira urte osoan, Saharako basamortuan, Hamada Argelina deritzon gune batean, bizitzeko lekurik gogorrenetako batean, gabezia handiko egoeran eta behartuta erbesteraturik 1975. urteaz geroztik. Programak atseden eman nahi die, udako hilabeteetan Saharako basamortutik irten ahal izan daitezen; izan ere, udan 55 gradutik gorako tenperaturak jasaten dituzte. Gure lurraldean igarotzen dituzten bi hilabete horiek funtsezkoak dira gero etxera osasun hobearekin eta indarberriturik itzul daitezen, eta aukera izan dezaten urtearen gainerako zatiari indar handiagoarekin aurre egiteko”.

Fronte Polisarioko ordezkari Jadiyetu El Mohtarrek eskerrak eman dizkie “erakundeei, Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Udalari, Saharako haurrei udaro bezala eman nahi dieten besarkadagatik”.

Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi