Foru Aldundia | 2026 01 12

Arabako Foru Aldundiak 120.000 euro zuzenduko ditu kulturarteko sentsibilizazioa eta elkarbizitza sustatzen dituzten erakundeentzako laguntzetara

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 12a. Irekita dago Arabako Foru Aldundiak lurraldeko kulturarteko sentsibilizazio eta bizikidetza sustatzen dituzten proiektu eta jardueretarako urtero egiten duen laguntza deialdia. Arabako udalerrietan eta Trebiñuko enklabean lan egiten duten irabazteko xederik gabeko elkarte eta entitateei zuzendutako dirulaguntza lerro batzuk dira. Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailaren deialdiaren zenbatekoa 120.000 euro da 2026rako.

Dirulaguntza ekimen hauetara bideratua dago: elkarbizitza kultura bultzatu eta sustatzen duten ekimenak; harrera egiteko, elkartzeko eta harremanetarako espazio naturalak sortzen edo indartzen dituztenak; kolektibo migratzaileak esparru komunitarioetan ekarpenak egitea eta parte hartzea sustatzen dituztenak; eta arbuio, arrazismo eta xenofobia jarrerak prebenitzera eta haiei aurre egitera bideratuta daudenak. 

Araba askotariko gizartea da, plurala eta jatorri, kultura, tradizio, ohitura, hizkuntza eta erlijio anitzekoa. Gizarte modernoa da, eta immigrazioaren presentziaz gain, aniztasuna identitate ezaugarri bat da. Eta aniztasun horren kudeaketan garrantzi handia du lurraldeko elkarteen sareak, bere proiektu eta jardueren bidez bizikidetza hobetzeko eta kulturartekotasunaren esparruan sentsibilizatzeko lan egiten baitu.

Diskurtso arrazistak eta gizarte gatazkak areagotzen ari diren une honetan, funtsezkoa da gatazka, sinesmen eta estereotipo horien hedapena geldiaraztera zuzendutako narratiba eta ekintza berriak babestea; izan ere, aurreiritzietan eta ezjakintasunean du jatorria, eta beste jatorri batzuetako pertsonekiko mesfidantza sustatzen du.

Honako proiektu hauek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak: bizikidetza hobetzeko eta immigrazioarekin lotutako zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egiteko xedez, ezagutza, ikusgarritasuna, eta harrera egiteko, harremanak izateko eta elkartzeko guneak sustatzera bideratutakoak, eta, era berean, gatazkak eta zaurgarritasun egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egitekoak, jarrera eta jokabide arrazista eta xenofoboen aurrean. Baita atzerritar jatorriko edo arbaso atzerritarrak dituzten biztanleen parte hartzea bultzatzen duten proiektuak ere.

Elkarteek eta gizarte entitateek eskaerak aurkezteko duten epea datorren otsailaren 6an amaituko da.
 

Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna

Prentsa oharra

Jaitsi