Foru Administrazioa | 2025 07 04

Foru Aldundiak 70.000 euro baino gehiago erabiliko ditu Ogasunaren egoitzaren irisgarritasuna hobetzeko

Zeinu hizkuntzako interprete zerbitzu bat jarriko du, bideodei bidezkoa, gorrei arreta emateko

Foru eraikin guztiei irisgarritasuna eta energia efizientzia handiagoa emateko esku hartzeen programa bat zehaztu du


 

Gasteiz, 2025eko uztailaren 4a. Arabako Foru Aldundiak 70.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Foru Ogasunaren Gasteizko Samaniego kaleko egoitzara sartzeko irisgarritasuna eta jendea atenditzeko eremua hobetzera. Obrak irailaren hasieran hasiko dira eta hilabete eta erdi iraungo dute. 

Cristina González Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak proiektu horren berri eman du gaur Arabako Batzar Nagusietan. Proiektu horren arabera, ate birakariaren ordez bi ate lerragarri automatiko jarriko dira, erabat irisgarriak, handik sar daitezen herritar guztiak, mugikortasun urriko pertsonak barne. 

"Hortaz, herritar guztientzako sarrera bakarra egongo da eta, hartara, mugikortasun arazoak dituzten eta gurpil aulkia behar duten pertsonek ez dute beste sarbide bat erabili beharrik izango. Irisgarritasuna eta integrazioa helburu dituen neurria da", azpimarratu du.

Foru Ogasunaren sarrera nagusiko esku hartze horrez gain, eraikinaren beheko solairuan jendeari arreta emateko mostradorea egokituko da, altuera jaisteko eta gurpil aulkian dauden pertsonei arreta erosoago eta errazago eman ahal izateko.

Cristina Gonzálezek iragarri du, halaber, urteko azken lauhilekoan tresna berriak jarriko direla abian, gorrentzako arreta eta irisgarritasuna hobetzeko, Araba Gorrak (Arabako Gorren Elkartea) eta Euskal Gorrak (Gorren Elkarteen Euskal Federazioa) elkarteekin koordinatuta eta lankidetzan.

Zehazki, foru diputatuak zehaztu duenez, "zeinu hizkuntzako bideodei bidezko interprete zerbitzu bat eskainiko dugu, foru langileen eta gorren arteko komunikazioa errazteko. Zerbitzu hori herritarrekiko kontsulta eta harreman ugari dituzten foru bulegoetan ezartzen hasiko gara: Foru Ogasunean eta Erregistroan".   

Hurrengo urratsa bideodei bidezko interprete zerbitzu hori pixkanaka zabaltzea izango da beste foru egoitza batzuetara, hala nola Foru Museoen Sarera eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxera, bai eta telefono bidezko arretara ere.
Cristina Gonzálezek azaldu duenez, Saila, ONCErekin eta Itxaropena (Arabako Ikusmen Urritasuna duten Pertsonen Elkartea) eta Begisare (Arabako Erretinako Distrofia Hereditarioen Elkartea) elkarteekin batera, Foru Aldundiaren web orrien irisgarritasuna eta brailleko seinaletika hobetzeko formulak aztertzen ari da. 
Energia efizientzia
Foru diputatuak, agerraldian, irisgarritasunaren eta energia efizientziaren arloan foru eraikin eta instalazioek dituzten premien "argazkia" aurkeztu du. "Foru eraikin guztien energia kontsumoaren eta CO2 emisioen energia efizientziari eta irisgarritasun mailari buruzko azterlan bat egin dugu, eta beharrezko neurri zuzentzaileak zehaztu eta haien aurrekontua egin dugu".

Hona hemen foru eraikinen egoeraren argazkia:
  
•    7 eraikin ez dira efizienteak CO2 emisioetan (45ek D etiketa edo hortik gorakoa dute), eta efizientzia gutxienez B kategoriara hobetzeko behar den inbertsioa 2,5 milioi eurokoa da, eta, egikaritze epea, 11 hilabete.
•    13 eraikin ez dira efizienteak energia kontsumoari dagokionez (39k D etiketa edo hortik gorakoa dute), eta efizientzia gutxienez C kategoriara hobetzeko behar den inbertsioa 1,3  milioi eurokoa da, eta, egikaritze epea, 11 hilabete.
•    Azkenik, 6 eraikin ez dira irisgarriak (44 badira irisgarriak), eta 705.000 euro baino gehixeago inbertitu beharko genituzke irisgarriak izan daitezen.
Energiaren eta emisioen efizientzia eta foru eraikinen irisgarritasuna hobetzeko esku hartze guztietarako 4,5 milioi euroko inbertsioa beharko litzateke. 

"Gure konpromisoa da jarduketa horiei pixkanaka ekitea, aurrekontu erabilgarritasunaren arabera, irizpide honen arabera: lehentasuna da foru eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko esku hartzea, eta, bereziki, herritarrei arreta edo zerbitzuak ematen dizkietenetan; eta, ondoren, energia efizientziako proiektuak etorriko dira, kalifikazio okerrena duten higiezinetatik hasita", adierazi du.
    
Azkenik, esan duenez, "aspalditik ari gara irisgarritasuneko eta energia efizientziako helburu horiekin lanean, aurrekontu esleipenen arabera", eta nabarmendu du foru higiezinen energia efizientzia hobetzeko 2023tik egindako inbertsioak 1,5 milioi eurokoak direla. 
 

Foru Administrazioa

Prentsa oharra

Jaitsi