Ingurumena | 2023 03 19

Foru Aldundiak 1932ko Arabako ortoargazki bat egin du, orain dela ia mende bateko lurraldearen geografia erakusten duena

Arabako biztanle-guneen eta beren garapenaren gaineko ezagutza gehiago zabaltzeko asmotan, Ingurumen eta Hirigintza Sailak, haietako bakoitzerako, banakako irudi multzo bat sortu du, formatu desberdinetan. Web-etik deskarga daitezke GeoArabaren bitartez.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 19a. Ingurumen eta Hirigintza Sailak 1932-1934 urteetako Arabako Lurralde Historikoko ortoargazki bat egin du, orain dela ia mende bateko lurraldearen geografia erakusten duena. Irudi kartografiko hau artxiboko 3.000 negatibo baino gehiago berreskuratzearekin hasi zen lan zorrotz baten emaitza da.

 

Argazkiak Julio Ruiz de Aldak egindako hegaldi fotografiko batetik datoz. Foru Aldundiak 1932. urtean kontratatu zuen hegaldi hori probintzia osoaren eta bertako lurzatien irudiak lortzeko eta, horrela, Arabako lehenengo landa-katastroa egiteko. Jatorrizko negatiboak, 31.00 x 23.5 cm-koak gutxi gorabehera, zelulosa-nitratozkoak ziren. Material horrek berez erretzeko arriskua zeukan eta, horrengatik, 1992. urtean Katastro Zerbitzuak jatorrizkoen kopia bat egin zuen hura arriskurik gabe manipulatzea eta Arabako Foru Aldundiaren artxibo historikoan kontserbatzea ahalbideratzen zuen material batean.

 

2017-2018 urteetan, balio historiko handiko material hori ez galtzeko eta haren banaketa eta erabilera errazteko, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Zerbitzuak digitalizatzea enkargatu zuen. Negatibo bakoitza berrikusi eta garbitzeko lana egin ondoren, fotogramak bereizmen handiz eskaneatu ziren, eskaner fotogrametriko bat erabiliz. Halaber, fotograma bakoitzerako gutxi gorabeherako geoerreferentziazio bat lortu zen, irudi bakoitzak lurraldean duen kokalekua ezagutzeko eta egindako hegaldiaren irismen globala bistaratzeko aukera ematen duena.

 

Lan honen azken urratsa ortoargazki bat sortzea izan da, 30eko hamarkadan lortutako milaka irudi batuz eta tratatuz. Adierazi behar da ortoargazki bat lurraldearen irudi jarraitu bat dela, prozedura tekniko konplexu bati jarraituz sortzen dena, eta haren emaitza lur-azala deformaziorik gabe erreproduzitzen duen irudi bat dela. Ezaugarri hori dela medio, posible da harekin mapa kartografiko bat balitz bezala lan egitea, baina irudi batek eskaintzen duen xehetasunarekin.

 

“Balio historiko eta kartografiko handiko dokumentu bat da, lurraldeko ortofotorik zaharrena delako eta Arabako ia geografia osoa hartzen duelako”, nabarmendu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak.

 

Irudi hori, dituen ezaugarri bereziengatik, hainbat eremutan aplika daitekeen tresna bat da, hala nola honako arlo hauekin loturiko lan teknikoetan: hirigintza, katastroa, baso kudeaketa, lurzoruaren erabilerak, ikerketa historikoa edo herritarrentzako zerbitzua, besteak beste.

 

Ortoargazki historikoa Geoaraba atariaren bidez bistaratu daiteke; bertan, bisoreak eskaintzen dituen tresnez baliatuz, posible da beste garai batzuetako ortoargazkiekin alderaketak egitea, kartografia-mota guztiekin gainezartzea, edo gaur egun aldatuta dauden lekuetara hurbiltzea, beste aukera askoren artean.

 

Gainera, Arabako biztanle-guneen eta beren garapenaren gaineko ezagutza gehiago zabaltzeko asmotan, ortoargazki horretatik abiatuz herrigune bakoitzerako banakako irudi multzo bat sortu da, formatu desberdinetan. Web-etik deskarga daitezke GeoArabaren bitartez.

 

Ildo horretan, Josean Galerak zehaztu du Foru Aldundiak herrigune bakoitzaren argazki-paperezko irudi inprimatu bat bidaliko diela beraien udalei edo administrazio batzarrei, material hori ezagutu eta zabaldu ahal izan dadin”. Guztira, 451 herriguneren argazkiak bidaliko dira; horien artean, gaur egun existitzen diren herriguneak nahiz hainbat arrazoirengatik (hala nola urtegi bateko uraren azpian geratu direlako) desagertuak diren batzuk daude.

Ingurumena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi