Ekonomia garapena | 2025 04 14

Foru Aldundiak Atauriko geltokia birgaitzeko obren lehen fasea amaitu du

Geltoki zahar horretan egingo da asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentroa

Obren bigarren fasea adjudikazio prozesuan dago, eta azkena, museografiari dagokiona, uda baino lehen lizitatuko da

Gasteiz, 2025eko apirilaren 14a.Atauriko geltoki zaharrean egongo den asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentroa forma hartzen ari da. Gaur goizean, Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak, Arraia-Maeztuko alkatearekin eta Atauriko Administrazio Batzarreko lehendakariarekin batera, bertatik bertara ikusi du nola egin den higiezinaren birgaitze jasangarria, zeinaren lehen fasea amaituta baitago. 

Geltoki zaharra 1928an eraikitako eraikin arkitektoniko apartekoa da, eta, esku hartzearen bidez, geltokiko eraikinaren egitura modu jasangarrian sendotu eta birgaitu da. Higiezinaren garrantzia eta historia dela eta, egindako jarduketan jatorrizko arkitektura berreskuratzea eta oraindik kontserbatzen diren elementu arkitektoniko bereziak lehenetsi dira. Eskualde horrek duen ondare garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburuetako bat.

Gainera, higiezinaren inguruko ingurumena eta paisaia lehengoratzeko obrak egin dira, baita geltokiaren inguruko hondakin urak naturan oinarritutako konponbideen bidez bideratzeko eta arazteko lanak ere. Birgaitzerako aurrekontua 695.087,81 eurokoa da, BEZa barne.

Saray Záratek azpimarratu duenez, "asfalto naturalen meatze paisaiak berreskuratzea aukera bat da Arabako Mendialdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko, eta, aldi berean, lurraldeko garrantzi eta berezitasun handiko elementuen balioa nabarmentzen da". 

Etorkizuneko interpretazio zentro honetaz gain, Antoñanan bada beste bat, zeina Vasco-Navarro trenbidearen bide berdeari buruzkoa baita. "Gune berriak hainbat erabilera bilduko ditu eraikin berean, eta historia, kultura eta natura ondareari buruzko dibulgazio jarduerak egiteko balioko du, baita eskualdeko topagune izateko ere", zehaztu du Záratek.

Proiektuaren bigarren fasea hurrengo egunetan hasiko da eta ekipamenduaren barne banaketarako obra zibila gauzatzean datza, baita eraikinaren energia eraginkortasuneko eta autokontsumoko jarduketak egitean ere.Azken fasea museografiari dagokio, eta uda baino lehen lizitatu ahal izatea aurreikusita dago.

Jarduketa osoa Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planean dago jasota, "Asfalto naturalen meatze paisaiak eta Vasco-Nafarro bide berdea" proiektuan, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

"Asfalto naturalen meatze paisaiak eta Vasco-Nafarro bide berdea" proiektuak bi jarduketa jasotzen ditu nagusiki: Alde batetik, asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio ibilbide bat abian jartzea. Ibilbide hori laster egongo da erabiltzeko moduan. 39 kilometro izango ditu, gutxi gorabehera, eta meatze paisaien eta haien testuinguru geologiko, natural eta sozioekonomikoaren ikuspegi zabal eta erakargarria eskainiko du. Ibilbide ikusgarria izango da, Antoñanako interpretazio zentroa eta Korresen dagoen Izkiko parke naturalekoa eta Ataurin etorkizunean egingo den zentroa dituena. Bestetik, Vasco-Navarro trenbide zaharraren Atauriko geltokiaren birgaitze jasangarria.

Proiektu horrek osatu egiten ditu foru aldundiak Arabako Mendialdean azken urteotan egin dituen esku hartzeak, bai Vasco-Navarro trenbidearen bide berdean, bai asfalto naturalen meatze paisaietan.
 

Ekonomia garapena Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi