Foru Aldundiak amaitu ditu A-2128 errepidea Kanpezu eta Done Bikendi Haranaren artean konpontzeko obrak - prentsa
Foru Aldundiak amaitu ditu A-2128 errepidea Kanpezu eta Done Bikendi Haranaren artean konpontzeko obrak
9 milioi eurotik gorako inbertsioa da
Jon Nogales: "Kanpezun eta Haranean bizi eta lan egiten duten pertsonek, baita Arabako Mendialdeko egoiliarrek eta bisitariek ere, errepide erosoago eta seguruago batez gozatu ahal izango dute uda honetan bertan"



Gasteiz, 2024ko uztailaren 31.- Arabako Foru Aldundiak Santikurutze Kanpezu eta Done Bikendi Harana lotzen dituen A-2128 errepidea egokitzeko eta hobetzeko lanak amaitu ditu, 9 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren. Arabako Mendialdeko barne komunikazioan funtsezkoa den bide horren erabiltzaileek azpiegitura erosoagoa eta seguruagoa dute gaurtik aurrera.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak obra amaierako bisita egin du gaur goizean, eta bertatik bertara ezagutu du bide horrek zituen segurtasun arazoei irtenbidea ematen dien esku hartze baten emaitza, bihurgune arriskutsuak, estuguneak eta ikuspen eskasa baitzeuzkan tarte batzuetan. Errepide berriak sei metroko galtzada zabalagoa du, metro erdiko bazterbideak eta trazadura leunagoa.
Nogalesek azpimarratu duenez, "Kanpezun eta Haranean bizi eta lan egiten duten pertsonek, baita Arabako Mendialdeko egoiliarrek eta bisitariek ere, errepide erosoago eta, batez ere, seguruago batez gozatu ahal izango dute uda honetan bertan euren joan-etorrietan. 9 milioi eurotik gorako inbertsio horrek nabarmen hobetzen du eskualdeko barne komunikaziorako funtsezko bideetako bat".
"Proiektu hau gauzatzeak Arabako gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzen laguntzen du, Arabako Mendialdeak bizitzeko, lan egiteko eta ekintzaile izateko duen erakargarritasuna handituz. Eta horrekin, despopulazioa geldiarazteko baldintzak gehitu ditu", gaineratu du.
Obra amaierako bisitan izan dira, halaber, Santikurutze Kanpezuko eta Haraneko alkateak, Ibernalo Basterra eta Larraitz Waliño, hurrenez hurren; Arabako Mendialdeko Kuadrillako presidentea, Eduardo Ruiz de Loizaga; eta Orbisoko eta Oteoko administrazio batzarretako presidenteak.
9 milioi euro
Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 9 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken bi urteetan Done Bikendi Arana eta Santikurutze Kanpezu herriak lotzen dituen A-2128 errepidea hobetzeko, bide horren segurtasuna indartzeko helburuarekin, galtzada zabalduz eta bihurgune arriskutsuak eta sestra aldaketak ezabatuz.
A-2128 errepidea Arabako Mendialdea eta Ekialdeko Lautada lotzen dituen bide nagusia da, bai eta Haranetik iparraldetik Agurainerantz eta hegoaldetik Kanpezurantz joateko irteera ere. Done Bikendi Harana eta Kanpezu arteko tarteak bihurgune itxiak eta ikuspen gutxiko eremuak zituen, 2004an egokitutako kilometroan izan ezik. Gainera, galtzada estua zen eta ez zuen bazterbiderik, eta horrek guztiak eragina zuen segurtasunean.
Obrek nabarmen hobetu dute trazadura zaharra, 50-60 km/h-ko zirkulazio abiadurarako, tarteen arabera, eta sei metroko galtzada eta metro erdiko bazterbideak eman dizkiote bideari. Gainera, Oteora eta Orbisora sartzeko errepideen A-2128 dituen bidegurutzeak ere hobetu dituzte, zuzeneko mugimenduak egiteko abiadura aldatzeko falkak eta ezkerretara biratzeko erdian itxaroteko errei bat ipiniz.
Proiektuak A-4161 errepidearen trazadura hobetzea eta plataforma zabaltzea ere jaso du, A-2128 errepidearekin bat egiten duen bidegurutzetik (Entrepeñas) Orbisoko herrirainoko kilometro pasatxoko tartean.
Azkenik, A-2128 errepideko esku hartze honi esker, Arabako Errepideen Plan Integralean (AEPI) jasoa, segurtasun irizpideekin berrantolatu dira errepideetan dauden sarbideak, eta ikuspen handiena duten tokietan batu dira; horrez gain, ingurumen neurriak aplikatu dira jarduketa ingurunean behar bezala integratzea lortzeko.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak lan egiten du Arabako errepideetako bide segurtasuna indartzeko. Horretarako, baliabide gehiago erabiltzen ditu errepideak kontserbatzeko eta mantentzeko –aurten 3,5 milioi euro inguru inbertituko dira bide zoruetan–, eta modernizazio obra integralak egiten, hala nola A-2128 errepidean, non trazadura hobetu duten, bihurgune arriskutsuak eta sestra aldaketak kentzeko.