Foru Aldundiak amaitu ditu Eztarroako errepidea hobetzeko obrak - arabapress
Foru Aldundiak amaitu ditu Eztarroako errepidea hobetzeko obrak
- Berritutako tarteak galtzada zabalagoa du, eta zubi berri bat Zayas ibaiaren gainean
- Jon Nogales: "Bost milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu bide hori inguruko herrietara joateko erabiltzen duten arabar guztien segurtasuna hobetzeko"

Gasteiz, 2025eko uztailaren 30a.- Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak amaitu ditu Eztarroa parean A-3302 errepidea egokitu eta hobetzeko obrak, bost milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ostean. Esku hartzeari esker, galtzada handitu ahal izan da, bide segurtasuna indartzeko eta etorkizuneko VIAP aeronautika poligonora sartzeko bidegurutzea prest uzteko.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak obra amaierako bisita egin du gaur, Marián Gutiérrez Bide Azpiegituren zuzendariarekin eta Eztarroa eta Uribarri Dibiñako administrazio batzarretako ordezkariekin batera. Nogales ia bi kilometroko tarte egokituan ibili da, funtsezko puntuak barne, hala nola Zayas ibaiaren gaineko zubi berria eta etorkizuneko industrialdera sartzeko bidegurutze berria.
Nogalesek nabarmendu duenez, esku hartze horrek "segurtasun handiagoa emango die inguruko herrietara joateko bide hori erabiltzen duten arabar guztiei, galtzada zabalagoa baita eta A-3302 errepidearen eta Eztarroako sarbideen arteko bidegurutzea hobetu baita, toki erakundeek eskatu ziguten bezala. Bidegurutze horretan ikuspena handiagoa da orain, eta seinaleak eta abiadura kontrolatzeko eta moteltzeko neurriak indartu ditugu puntu horretan".
Era berean, adierazi duenez, proiektu horrekin "prest utzi dugu errepide horren eta Forondako aireportuaren ondoan egingo den VIAP aeronautika poligonoaren arteko bidegurutzea. Izan ere, hari esker, gure lurraldea aeronautikarekin lotutako enpresak eta industriak erakartzeko gune izan ahalko da. Helburua da etorkizunean A-3302 errepidea eta bide horretako zirkulazioa ez kaltetzea VIAPen garapenak".
A-3302 errepidea egokitu eta hobetzeko obrak azken urte eta erdian egin dira Eztarroako bidegurutzearen eta A-3606 errepidearekiko elkargunearen artean, ia bi kilometroko tartean, bazterbiderik ez zuen tarte bateko bide segurtasuna handitzeko. Tarte hori taxututa zegoen moduan, gainera, erraz sortzen ziren ur putzuak, eurite gogor samarrak izanez gero. Horretarako, bideko plataforma 6 metrotik 10 metrora zabaldu da: 7 metroko galtzada bat eta 1,5 metroko bi bazterbide.
Proiektuaren barruan Zaia ibaiaren gainean 30 metroko baoa duen zubi berri bat eraiki da, haren ahalmen hidraulikoa handitzeko eta inguruetan uholde arriskua murrizteko. Zubi berri horrek, halaber, zubi zaharrak baino zabalera nabarmen handiagoa du; izan ere, zubi zaharrak bost metro baino ez zituen, eta ibilgailuak txandaka pasatzera behartzen zituen, toki horretan edukiera handiko kamioiek eta ibilgailuek bat egiten zutenean.
Bestalde, A-3302 errepidetik etorkizuneko VIAP aeronautika poligonoko bide egituratzailerako hegoaldeko sarbidea prest geratu da obra horrekin, T formako bidegurutze baten bidez. Bidegurutze horrek itxaroteko bi errei ditu erdian, ezkerretara biratzeko, eta azelerazio eta dezelerazio erreiak A-3302 errepidean sartzeko eta irteteko mugimenduetarako. Baita bide egituratzailearen zati txiki bat ere, etorkizunean gauzatzeak eraginik izan ez dezan A-3302 errepidean eta horrek jasaten duen trafikoan.
Proiektu osagarria
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak, halaber, toki erakundeen eskaerei erantzunez, proiektu osagarri bat gauzatu du, A-3302 errepidearen eta Eztarroako sarbideen arteko bidegurutzearen segurtasuna hobetzeko. Proiektu horren barruan sartu da bidegurutzearen ikuspena hobetzea eta seinaleztapena eta ibilgailuen abiadura kontrolatzeko eta moteltzeko neurriak indartzea.
Tokiko erakundeen eta inguruko bizilagunen beste eskaera batzuk ere aintzat hartu dira, hala nola obren inguruan dauden bideak hobetzea, inguruko nekazaritza finketarako sarbidea errazteko eta hobetzeko.

