Ingurumena | 2022 12 07

Foru Aldundia Legaireko pagadiaren erresilientzia ikertzen ari da

Euskal Herriko Unibertsitateari enkargatutako azterlanak zehaztuko du zenbateraino lehengoratu den 2018an tornado baten eraso klimatologikoak jasan zituen basoa

Gasteiz, 2022ko abenduaren 7a. Arabako Foru Aldundia Entzia KBEan, Zadorra ibaiaren arroan, dagoen Legaireko pagadiaren erresilientzia ikertzen ari da duela lau urtetik hona. Lan horren helburua da basoaren ekosistemak zenbaterainoko eragina jasan zuen eta zenbateraino lehengoratu den jakitea, 2018ko uztailean tornado batek jo ondoren. Tornadoak EF2 kalifikazioa izan zuen Fujita eskalan, eta larritzat sailkatu zen. Kontrako klimatologia jazoera horrek zuhaitz ugari eraitsi zituen 40 hektarea inguruko eremu batean. Lan hori lehen fasean dago.

Azterlana Euskal Herriko Unibertsitateari enkargatu zitzaion, eta klima aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko Life Urban Klima 2050 proiektuan sartutako ekintzen multzoaren barnean dago, 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiaren (Klima 2050) barruan. Ibai arroetako irtenbide naturalei heltzen dien ekimen pilotua da.

Zehazki, lantaldea Legaireko pagadiak egokitzeko duen gaitasuna aztertzen ari da, eta basoak kudeatzeko bi aukera alderatzen ditu: unada, eraitsitako zuhaitzak aterata, eta unada, eroritako egurra atxikita. Proiektuaren ardatza da bina hektareako lau unadatan honako hauek balioztatzea eta alderatzea: bilketa, zuhaitz gazte berrietatik abiatuta; lurzoruaren emankortasuna; eta bizirik atera diren helduen indarra eta hazkundea, basoaren erresilientziaren sustatzaile nagusi gisa.

Ildo horretan, behaketa eremuak proiektuaren atariko ondorio batzuk aurreratu ditu dagoeneko, tornadoa igaro zenetik hiru urtera lortutako emaitzetan oinarrituta. Alde batetik, asalduraren ondoren pago gazteek zeregin garrantzitsua bete dezakete birsorkuntza naturalean, haien ugaritasuna eta tamaina kontuan hartuta.

Beste alde batetik, bizirik iraun duten zuhaitzek tornadoaren inpaktuen ondoren hazteko ahalmen handi samarra dute, eta horrek mesede egiten dio ugaltzeko ahalmenari. Horrela, hazien iturri bihurtzen dira tornadoak jotako eremurik agerikoenetan, eta horrek zuhaiztia berreskuratzen laguntzen du.

Kudeaketarako inplikazioei dagokienez, ikerketa lanak proposatzen du egur erauzketarik gabeko eremuak uztea haizete gogorrek jotako lekuetan eta, ahal den neurrian, eraginpeko zona osoan modu heterogeneoan banatuta. Horrez gain, azterlanean aipatu da kontuan hartzeko beste jarraibide bat dela bizirik atera diren zuhaitzak errespetatzea.

“Gure basoek horrelako gertaerekiko duten erresilientzia balioztatzea gero eta beharrezkoagoa izango da aldaketa globalaren egungo eta etorkizuneko agertokiaren aurrean. Horregatik, funtsezkoa da suspertzen eta asaldura berrietara egokitzen lagunduko duten estrategiak diseinatzea”, azaldu du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.

Gainera, 2020an Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez, onetsi zen 25 urterako lankidetza hitzarmen bat sinatzea Entziako Partzuergo Orokorrarekin, ikerketaren baldintzak bermatzeko.

Ingurumena Foru Aldundia Berria

Prentsa oharra

Jaitsi