Kirola | 2022 05 23

Foru Aldundiak kanpaina bat abiarazi du, 2022-2023ko eskola kiroleko kanpainarako haurrak “harrapatzeko”

Helburua da pandemiaren aurreko partaidetza mailara itzultzea

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 23a.  Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak kanpaina bat abiarazi du, Arabako ikasleak 2022-2023ko eskola kiroleko programan parte hartzera animatzeko eta, horrela, pandemiaren aurreko partaidetza mailara itzultzen saiatzeko. Horretarako, bereziki gogorarazi du kirola egiteak onurak dakartzala berez, eta eskola kiroleko programak adingabea jartzen duela oinarrian, edozein interesen gainetik.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak egin du aurkezpena, eta gogorarazi du eskola kiroleko programak aukera ematen diela ikasle guztiei “beren talentua garatzeko, bai eta hobetzeko eta ikasteko ere, edozein dela ere haien kirol maila, maila sozioekonomikoa, dibertsitate funtzionala, sexua edo bizi diren lekua edo jatorria; gainera, kirol jarduera horren bidez hartzen dituzten kirol ohiturak helduaroan ere mantendu ohi dituzte, eta sedentarismotik urruntzen dira, gizarte trebetasunak hobetzen dituzte, patologiak saihesten dituzte eta hobeto hartzen dute atseden. Horrez gain, programa horretan, kirolaren berezko balioak sustatzen dira, hala nola errespetua, lankidetza, konpromisoa, apaltasuna, elkartasuna, duintasuna eta ahaleginaren kultura”, nabarmendu du diputatuak.

Kanpainak hiru helburu ditu:

  • Gaur egun programan izena emanda dauden ikasleen % 100ek programan jarraitzea;

  • Pertsona horiek beraiek programaren enbaxadore bihurtzea;

  • Azken denboraldian baino haur gehiagok ematea izena.

Pandemiaren aurretik, 20.000 bat haurrek egiten zuten eskola kirola. Pandemiaren lehen urtean (entrenamenduak bakarrik) 14.000 parte hartzaile izan ziren. Oraingo denboraldian, 17.800 bat: “oraindik 2.800 gutxiago, nahiz eta iaz baino 3.000 gehiago izan diren. Helburua da 2022-2023ko kanpainan pandemia aurretik baino datu hobeak izatea”, adierazi du Del Valek.

Kanpainak bi kartel ditu, “umeak  programan parte hartzera animatzeko”, eta eskola eta klub guztietara bidaliko dituzte, “haiek ere egokitzat jotzen dituzten deialdiak egin ditzaten, partekatzen dugun helburua lortzeko, hau da, haurrek eskola kirolean izena ematea”.

Multikirola

Foru arduradunak, denen artean, multikirola diziplina nabarmendu du, zeina sendotu egin baita azken urtean. “Zenbait diziplina ezagutzeko aukera ematen du, adingabeak etorkizunean gehien gustatzen zaiona aukeratu dezan. Helburua ez da lehiatzea, baizik eta sozializatzea eta, beste edozeren gainetik, ondo pasatzea”.

Del Valek adierazi duenez, gainera, Denon Eskolaren bitartez, beren idiosinkrasiagatik guraso elkarterik ez duten (eta, beraz, eskolaz kanpoko jarduerarik ez duten) ikastetxe publiko guztietan ari dira lanean. “Multikiroleko programa zabaldu dugu, kirola egin nahi duten adingabeak ez daitezen egin gabe geratu beren ikastetxean jarduerarik ez dagoelako”.

Esperientzia hori dela eta, aurten, gainera, sailak inkesta egin die 500 familiari, eta horien % 89,45ek erantzun du pozik edo oso pozik dagoela multikiroleko programarekin.

Kirola Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua Kirola

Prentsa oharra

Jaitsi