Ekonomia garapena | 2024 10 31

Foru Aldundiak Agurain eta Araia arteko bizikleta bidezko konexioa hobetuko du, industrialdeak lotzen dituen ibilbide baten bidez

Esku hartze horren bidez, 8 kilometro baino gehixeago egokitu dira, eta Ametzaga, Mezkia eta Egilazko herriguneekin ere konektatzen da

Gasteiz, 2024ko urriaren 31. Foru Aldundiak aurrera jarraitzen du joan-etorrien kalitatea eta jasangarritasuna hobetzen, bai aisialdian egiten direnena, bai lantokietarakoa, eta beste bizikleta bide bat prestatu du Agurain eta Araia artean eta haietako industrialdeetara.

Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak ibilbide berria egin du gaur goizean, Raúl López de Uralde Aguraingo alkatearekin eta Txelo Auzmendi Asparreneko alkatearekin batera. Záratek esku hartze horren garrantzia nabarmendu du; izan ere, “esku hartze horri esker, eremu horretan egunero lantokira joaten diren langileei aukera emango zaie modu jasangarri, seguru eta osasungarrian egin ditzaten lantokirako joan-etorriak, eta, horrela, emisio kutsagarriak murrizten lagunduko dute.”

Zortzi kilometro baino gehixeagoko ibilbidea da, Ametzaga, Mezkia eta Egilazko herriguneak ere lotzen dituena, eta foru arduradunak esan duenez, “ingurune osoa ekologiaren eta paisaiaren aldetik hobeto egokitzea ere badakar, ibilbide irisgarri eta atsegina eraiki baita, inguruko herrien arteko konexioa sustatzeko”.

Jarduketa horren ondorioz, lehendik zeuden lurzati tarteetako ibilbidea egokitu da eta, horrez gain, Aguraingo sarbidea hobetu da eta Ametzaga eta Mezkia artean beste tarte bat eraiki da, zeinak barnean hartzen baitu Magalondo erreka igarotzeko pasabide bat. Ibilbideari esker, gainera, handik gertu, Egilatzen, dagoen Aizkomendiko trikuharrirako sarbidea hobetu da. Araian bizikletak konpontzeko gune bat ere prestatu da. Instalazioak aukera ematen die interesa dutenei konponketa errazak egiteko edo bizikletaren gurpilak puzteko.

Arabako Ibilbide Berdeen eta Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialak, bere jarduketa ildo estrategikoen artean, azpiegiturak egokitzea jasotzen du, motorrik gabeko, oinezko eta bizikleta bidezko irisgarritasuna sustatzeko. Helburua da herri arteko lotura eta herriguneak lotzea eragin eremuko industrialdeekin eta lantokiekin.

Ildo horretan, lehentasunezko lan eremuetako bat Ekialdeko Lautadan kokatzen da, eta, bereziki, eremu geografiko horretako bi herrigune garrantzitsuenen (Agurain eta Araia) arteko bizikleta konexioan, eta, aldi berean, inguruko industrialdeekiko lotura ahalbidetzen du.

Esku hartzea 461.355,26 euroko (BEZa barne) inbertsioa izan da foru erakundearentzat. Obrak 2021-2027 aldirako EAEko EGEF Programa finantzatzen ditu, % 40an.

Ibilbide Berdeen Sarea

Ibilbide berri hori lurraldeko ibilbide berdeen sarearen parte da dagoeneko. Sareak 1.142 kilometro ditu, eta hegoaldetik iparraldera eta mendebaldetik ekialdera egituratzen du lurraldea eta, gainera, elkarrekin lotzen ditu naturaguneak, baita herriak eta lantokiak ere. “Oso ondare garrantzitsua da, eta foru erakundeak urtero inbertsioak egin behar ditu, ahal bezain ondo kontserbatzeko eta herritarrek gozatzeko”, nabarmendu du Saray Záratek.

Halaber, apustu estrategiko bat da mugikortasun jasangarriaren alde, ibilgailu motordunen hautabide gisa, bai aisialdirako, bai egunero herrigune batetik bestera joateko, batzuetan.

“Ibilbide sare honek lurraldea eta haren balio kultural eta naturalak ezagutzeko aukera ematen du. Arabako lurraldean natura oso oparoa da. Haren geografiaren % 28 Europako Natura 2000 Sare Ekologikoaren zati da, bai eta parke naturalen eta biotopo babestuen, Ramsar hezeguneen, paisaia bikain eta berezien eta Korridore Ekologikoen Sarearen zati ere”, azaldu du foru diputatuak.

Ekonomia garapena Foru Aldundia

Saray Zárateren adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi