Errepideak eta Garraioak | 2026 07 08

Foru Aldundiak hobetu egin du Zurbanoko bidegurutzearen segurtasuna, zoruari tratamendu berezia emanez

Galtzadari pigmento gorria eman zaio gidariak ohartarazteko eta frenatzeko tartea murriztu da

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 8a.- Arabako Foru Aldundiak tratamendu berezia eman die aste honetan A-2134 errepidearen erdiko errailei, Zurbanorako sarbideko bideurutzean, puntu horretako bide segurtasuna hobetzekotan.  Esku hartzearen ondorioz, alde batetik, kolore gorriko pigmentoa eman zaio galtzadari, bidegurutzean gidariak ohartarazteko, eta, bestetik, zimurtasuna eta itsasteko gaitasuna areagotu zaizkio galtzadari, frenatze tartea murrizteko. 

Marruskadura handiko zoladura pigmentatua erabiltzea behin-behineko eta aldi baterako neurri bat da, harik eta Arabako Errepideen Plan Integralak (PICA) jasotzen duen behin betiko irtenbidea gauzatu arte: errepidearen erreforma integrala eta bidegurutzean desnibeleko lotune bat eraikitzea.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak urte hasieran, Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, Zurbanoko bidegurutzearen segurtasuna hobetzeko aurreikusitako jarduketen programaren berri eman zuen. Nogalesek, beste ekimen batzuen artean, azterlan bat iragarri zuen, gidarien arreta erakartzeko galtzada kolorez margotzean datzan prebentzio neurri baten bideragarritasuna baloratzeko. 

Orain, eta azterlan horren ondorio positiboak jaso ondoren, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak egin beharreko lanak egin ditu tratamendu berezi hori aplikatzeko. Tratamendu hori gorriz pigmentatutako agregakinezko poliuretano erretxin bidezkoa da eta errepidearen erdiko errailetatik 100 metroko tartean eman da, bi noranzkoetan, aipatutako elkargunera iritsi aurretik.  

"Tratamendu honek bi funtzio nagusi ditu: gidariei ohartaraztea bidegurutze horretara hurbiltzen ari direla, eta, gainera, zoruaren zimurtasuna eta itsaspen gaitasuna handitzea, larrialdietan frenatzeko tartea murrizteko. Gainera, bidegurutzean dauden gidariek bidegurutzean gerta daitezkeen mugimenduei buruz duten pertzepzioa hobetzen du", azaldu du Jon Nogalesek. 

Arabako Foru Aldundiko Laborategi Orokorreko Zerbitzua arduratuko da zehaztapen horiek betetzen direla eta eraginkorrak direla kontrolatzeaz. 

Zehazki, eta hainbat analisi eta txostenen arabera, tratamendu horrek aukera ematen du frenatzeko tartea % 45 murrizteko, zoru lehorrean zein bustian, eta, beraz, talkak saihesten laguntzeaz gain, haiek gertatuz gero, haien larritasuna arintzen laguntzen duen elementua da. Era berean, bideko istripu tasa % 35 jaisten du, eta, horregatik, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren gomendioen artean dago. 

A-2134 errepidearen erdiko errailetan aplikatutako marruskadura handiko zoladura pigmentatua Zurbanoko elkargunearen segurtasuna hobetzeko azken urteetan gauzatutako prebentzio neurriei gehitzen zaie. Horien artean honakoak daude: abiadura mugaren seinaleztapena indartzea, errepide osoan aurreratzea debekatzea, soinu alertako zeharkako bandak berriz pintatzea, eguzki energiadun bide markatzaile argidunak instalatzea eta argiztapen sistema berri bat instalatzea. 

Bidegurutze horren behin betiko konponbidea, Arabako Errepideen 2016-2027 Plan Integralean (PICA) jasotakoa izango da: A-2134 errepidea egokitzea eta osorik eraberritzea, Zurbanoko bidegurutzean desnibeleko lotune bat eraikiz. 
 

Errepideak eta Garraioak Foru Aldundia

Jon Nogales adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi