Foru Aldundiak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako eguneko arreta zentro berria jarriko du abian azarotik aurrera - prentsa
Foru Aldundiak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako eguneko arreta zentro berria jarriko du abian azarotik aurrera
Autismo Araba elkartea, zeinak Landaberde zentroa kudeatzen baitu dagoeneko, 20 lagun artatuko dituen ekipamendu berriaren funtzionamenduaz arduratuko da
Gorka Urtaran foru diputatuak azpimarratu du zentro berriak plazen eskari handiari erantzungo diola, autismoaren diagnostikoa duten pertsonen "hazkunde esponentzialaren" ondorioz eskaria handitu baita

Gasteiz, 2023ko irailaren 25a.Arabako Foru Aldundiak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako eguneko arreta zentro berria jarriko du abian azarotik aurrera. Halaxe ziurtatu du Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak Gasteizko Zabalgana auzoko Nazio Batuen hiribideko baliabide berriaren instalazioetara egindako bisitan.
Gorka Urtaranek adierazi duenez, eguneko zentro berria sortuta, autismoa duten eta baliabide bat esleitzeko zain dauden edo hezkuntza sistematik irteten diren pertsonen beharrei erantzungo zaie, bai eta haien familienei ere. "Eguneko arretako plaza mota horien eskaria handia da. Autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa duten pertsonen hazkunde esponentziala gertatzen ari da, ez bakarrik lurralde mailan, baizik eta modu globalean; gehienak 18 urtetik gorako gazteak dira eta, kasu askotan, desgaitasun eta mendekotasun handiko balorazioak dituztenak. Horregatik, gazte horiei hezkuntza sistematik irteten direnean erantzungo dien baliabide bat jarriko dugu abian", azaldu du.
Guneak 20 plaza izango ditu kolektibo horretako pertsonei egunez arreta emateko. Etorkizunean baliabide berria martxan jarriz, gaur egun Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei ematen dien arreta osatuko da. Gaur egun, martxan daude Landaberde eguneko zentroa, 30 plaza dituena, eta Orhy eta Roncesvalles etxebizitzak, eguneko arretarako beste 12 plazarekin.
Gorka Urtaranek gaur goizean ezagutu du baliabide berria; 640 metro koadroko azalera du, eta egokitze lanen fase aurreratuan dago. Ekipamenduak, behin martxan jarrita, erabilera anitzeko gelak eta espazioak izango ditu, eta haietan autonomia pertsonala sustatzeko jarduerak, musikoterapia, fisioterapia, ofimatika eta komunikazioko ekintzak egingo dira. Haien osagarri, komunitate eta kirol jarduerak egingo dira lokaletik kanpo, komunitatean.
Autismo Araba elkarteak kudeatuko du foru baliabide berria. Elkarte hori arduratzen da dagoeneko lurraldeko autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzako gainerako foru zentroen funtzionamenduaz. Manel Rasero Autismo Araba elkarteko lehendakaria, Nagore Antépara zentro berriaren zuzendari izango dena eta Natalia Rojo elkarteko gerentea Gorka Urtaranekin egon dira bisitan.
Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak nabarmendu du foru erakundeak kolektibo desberdinen premiak zuzenean ezagutzen dituzten hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan aritzeko duen konpromisoa, eta azpimarratu du elkartea erreferentea dela Araban autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen arretan.
Hain zuzen, Zabalganako baliabide berriaren funtzionamendua Landaberde eguneko zentroaren antzekoa izango da, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei arreta emateko zentro finkatu eta erreferentetzat jotzen baita.